Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Glosarioa

A B D E F G H I J K L M N O P S T Z

A

  • adar.

    Animalien adarrak; edalontzi, olio ontzi edota tinta eta kosmetikoak gordetzeko ontzi bezala erabiltzen ziren, baita musika tresna edo seinaleak jotzeko tresna bezala ere (1Sm 16:1, 13; 1Er 1:39; Eze 9:2). Askotan «adarra» indarra, konkista eta garaipena adierazteko erabiltzen da sinbolikoki (Dt 33:17; Mik 4:13; Lk 1:69).

  • aingeru.

    Hebreerazko malakh eta grekerazko angelos hitzetatik. Bi hitzek literalki «mezulari» esan nahi dute, baina espirituzko mezulariez hitz egiteko, «aingeru» hitzarekin itzultzen dira (Has 16:7; 32:3; St 2:25; Ap 22:8). Aingeruak espirituzko izaki boteretsuak dira. Jainkoak gizakiak sortu baino askoz lehenago sortu zituen. Biblian, besteak beste, «Jainkoaren semeak» eta «goizeko izarrak» espresioak ere erabiltzen dira hauek aipatzeko (Jb 1:6; 38:7). Ez zitzaien ugaltzeko gaitasunik eman; banan-banan sortuak izan ziren. Ehun milioi aingeru baino askoz gehiago daude (Dn 7:10). Bibliak aingeru bakoitzak izen eta izaera propioak dituela erakusten du. Baina umilak dira eta, horregatik, ez dute adoraziorik onartzen eta gehienek ez dute zer izen duten argitzen (Has 32:29; Lk 1:26; Ap 22:8, 9). Maila ezberdinak dituzte eta eginkizun ezberdinak betetzen dituzte, hauen artean, Jehobaren tronuaren aurrean zerbitzatzea, mezuak eramatea, Jehobaren lurreko zerbitzariei laguntzea, Jainkoaren epaiak exekutatzea eta berri onen predikazioan laguntzea (2Er 19:35; Sl 34:7; Mt 4:11; Lk 1:30, 31; Ap 5:11; 14:6). Etorkizunean Jesusekin batera borrokatuko dira Harmagedonen (Ap 19:14, 15).

  • Akaia.

    Idazki Greko Kristauetan, Grezia hegoaldeko erromatar probintzia. Honen hiriburua Korinto zen. Peloponeso osoa eta Grezia kontinentalaren erdialdea hartzen zituen (Eg 18:12).

  • akuilu.

    Metalezko punta zorrotza duen makila luzea, nekazariek animaliak mugiarazteko erabiltzen dutena. Pertsona zentzudunaren hitzekin konparatzen da, bereziki beste norbait aholku on bat jarraitzera bultzatzen duten hitzekin. Akuiluaren kontra ostiko egitea esamoldea, bere burua kaltetuz, akuiluaren punta zorrotzaren aurka ostikoka ari den zezen egoskorraren iruditik dator (Eg 26:14; Ep 3:31).

  • alabastro.

    Perfumezko ontzi txiki batzuen izena, jatorriz Alabastron-etik (Egipto) gertu aurkitzen zen harri batez egina. Ontzitxo hauek lepo estua izaten zuten eta hermetikoki itxi ahal ziren perfume baliotsua ez isurtzeko. Denboraren poderioz, harri honi ere izen bera jarri zitzaion (Mk 14:3).

  • aldare.

    Estruktura altu edo plataforma, lurrez, arrokaz, harrizko bloke batez edo metalarekin estalitako egurrez egindakoa. Bertan adoraziorako sakrifizioak edo intsentsua eskaintzen ziren. Tabernakuluaren eta tenpluaren lehenengo gelan intsentsua eskaintzeko «urrezko aldare» txiki bat zegoen. Urrearekin estalitako egurrez egina zegoen. Kanpoan, patioan, erre opariak eskaintzeko «kobrezko aldare» handiago bat zegoen. Adorazio faltsuan ere ohikoak ziren aldareak (Ir 39:38, 39; 1Er 6:20; Mt 5:23, 24; Lk 1:11; Eg 17:23).

  • apaizburu.

    Idazki Hebrearretan, apaiz nagusi esateko beste modu bat. Idazki Grekoetan, apaizburuak terminoa dirudienez apaiz inportanteenei buruz hitz egiteko erabiltzen da. Hauen artean, baliteke kargutik kendutako apaiz nagusiak eta apaizgoaren 24 sail desberdinen buruak egotea (2Kr 26:20; Esd 7:5; Mt 2:4; Mk 8:31).

  • apaiz nagusi.

    Moisesen Legearen arabera, apaizik inportanteena. Herriaren ordezkaria zen Jainkoaren aurrean, eta beste apaizak gainbegiratzen zituen. Bera bakarrik sar zitekeen Santu-santuan, tabernakuluaren eta ondoren egon zen tenpluaren barru-barruko gelan. Urtean behin bakarrik sartzen zen bertan, Barkamen Egunean. Jesu Kristori ere ematen zaio apaiz nagusi izena (Lb 16:2, 17; 21:10; Mt 26:3; Heb 4:14).

  • apostasia.

    Apostasia termino grekoa literalki «urrundu» esan nahi duen aditz batetik dator. Izenak «desertzio, abandonu, edo matxinada» zentzua du. Idazki Greko Kristauetan apostasia egiazko erlijioa abandonatzen dutenentzat erabiltzen da batez ere (Esa 11:9; Eg 21:21, oharra; 2Ts 2:3).

  • apostolu.

    Hitz honen oinarrizko esanahia «bidalia» da. Besteei zerbitzatzeko bidaliak izan ziren Jesusi eta beste pertsona batzuei buruz hitz egiteko erabiltzen da. Kasu gehienetan, Jesusek bere ordezkari izateko izendatu zituen 12 dizipuluei egiten die erreferentzia (Mk 3:14; Eg 14:14).

  • aramera.

    Hizkuntza semitikoa, hebreeraren familia berekoa. Izan ere, alfabeto bera erabiltzen dute. Hasiera batean, aramearrek hitz egiten zuten. Baina denborarekin, Asiriako eta Babiloniako inperioetan, merkataritza eta komunikazio hizkuntza internazionala bihurtu zen. Persiako inperioan ere administraziorako hizkuntza ofiziala izan zen (Esd 4:7). Esdras, Jeremias eta Daniel liburuetako zati batzuk arameraz idatzi ziren. Idazki Greko Kristauetan ere hitz aramear batzuk aurkitzen dira (Esd 4:8–6:18; 7:12-26; Jr 10:11; Dn 2:4b–7:28; Mk 14:36; Eg 9:36).

  • arduradun.

    Batez ere, kongregazioa artzain moduan zaintzeko erantzukizuna duen gizona. Grekerazko terminoak (episkopos) babesteko helburuarekin gainbegiratzearen ideia ematen du. Arduradun eta adindun terminoek kristau kongregazioan dagoen posizio berari egiten diote erreferentzia. Adindun hitzak (grekoz presbiteros) izendapena jasotzen duenaren ezaugarri helduak azpimarratzen ditu, eta arduradun hitzak, berriz, izendapen honekin datozen betebeharrak (Eg 20:28; 1Tm 3:2-7; 1Pe 5:2).

  • Areopago.

    Atenaseko mendixka, Akropoliaren ipar-mendebaldean kokatua. Han elkartzen zen kontseilu edo tribunalaren izena ere bada. Filosofo estoiko eta epikurearrek Paulo Areopagora eraman zuten bere sinesmenak azaldu zitzan (Eg 17:19).

  • arima.

    Hebreerazko nefex eta grekozko psikhe terminoen itzulpen tradizionala. Biblian termino hauek nola erabiltzen diren aztertuta, argi ikusten da funtsean honako esanahiak izan ditzaketela: 1) pertsonak, 2) animaliak edo 3) pertsona edo animalia baten bizia (Has 1:20; 2:7; Zen 31:28; 1Pe 3:20). Biblian «arima» hitza erabiltzen denean, ez zaio beste testuinguru erlijioso askotan ematen zaion esanahia ematen. Bibliaren arabera, nefex eta psikhe hitzek, lurreko izakiekin lotura dutenean, materiala den eta, ukitu, ikusi eta hil daitekeen zerbaiti egiten diote erreferentzia. Itzulpen honetan, jatorrizko termino hauek, gehienetan, testuinguru bakoitzean daukaten esanahiaren arabera itzuli dira. Besteak beste, «bizia», «izakia», «pertsona», «izate guztia» edo pertsona izenordain bat (adibidez, «nire arima» ordez, «ni») bezala itzuli dira. Kasu askotan, «arima» oharretan agertzen da beste itzulpen posible bezala. Testu nagusian edo oharretan «arima» hitza erabiltzen denean, orain arte azaldutakoaren arabera ulertu behar da. Norbaitek zerbait arima osoz egiteak, izate osoaz, bihotz-bihotzez edo bizi osoa eskainiz egiten duela esan nahi du (Dt 6:5; Mt 22:37, oharra). Testuinguru batzuetan, jatorrizko termino hauek izaki baten desioak edo jateko gogoa adierazteko erabili daitezke. Hildako pertsona edo gorpu bat aipatzeko ere erabili daitezke (Zen 6:6; Esa 23:2; Is 56:11; Ag 2:13).

  • aselgeia.

  • Asia.

    Idazki Greko Kristauetan, Erromako probintzia baten izena, gaur egun Turkiako mendebaldea dena eta kostaldeko uharte batzuk hartzen zituena, hauen artean, Samos eta Patmos. Asiako hiriburua Korinto zen (Eg 20:16; Ap 1:4).

B

  • barau.

    Epe batez elikagairik ez hartzea. Israeldarrek Barkamen Egunean, garai zailetan eta Jainkoaren gida behar zutenean egiten zuten barau. Juduek urtean lau barau ezarri zituzten beraien historiako ezbeharrak gogoratzeko. Barau egitea ez da kristauentzat derrigorrezkoa (Esd 8:21; Is 58:6; Mt 4:2; 9:14; Lk 18:12; Eg 13:2, 3; 27:9).

  • basamortu.

    Biblian basamortu hitza ez da hondarrezko desertu bat adierazteko bakarrik erabiltzen. Biztanlerik gabekoa eta agorra, askotan harritsua eta urik gabekoa den lurraldeari buruz hitz egiteko ere erabiltzen da. Bertan larratzeko zelaiak ere egon daitezke (Jr 23:10; Mk 1:4; Lk 15:4).

  • bataioa; bataiatu.

    Aditz honek «uretan murgildu» edo «urperatu» esan nahi du. Jesusek bere jarraitzaileek bataiatu egin behar zutela agindu zuen. Idazkiek, besteak beste, Joanen bataioa, espiritu santuzko bataioa eta suzko bataioa aipatzen dituzte (Mt 3:11, 16; 28:19; Jn 3:23; 1Pe 3:21).

  • Beeltzebub.

    Satanasi, deabruen agintari edo printzeari, ematen zaion beste izen bat. Agian Baal-zebub izenetik dator, hau da, filistearrek Ekronen adoratzen zuten Baal jainkoaren izenetik (2Er 1:3; Mt 12:24).

  • beldurra Jainkoari.

    Jainkoari errespetu handia eta berak atsegin ez duen zerbait egiteko beldur mesedegarria. Jainkoa maitatzearen eta berarengan fedea izatearen ondorioa da. Sentimendu honek bultzatuta, bere zerbitzariek Jainkoa adoratu eta bere legeak bete nahi dituzte (Sl 111:10; Esa 8:13; 2Ko 7:1).

  • berpizkunde; berpizte.

    Hildako bat berriro bizitzea. Anastasis hitz grekoak literalki «altxatzea, zutitzea» esan nahi du. Biblian bederatzi berpizkunde aipatzen dira, horien artean Jehobak Jesus berpiztu zuenekoa. Beste berpizkundeak Elias, Eliseo, Jesus, Pedro eta Paulok egin zituzten arren, argi uzten da mirari hauek Jainkoaren botereari esker gertatu zirela. Lurrean egongo den berpizkundea, «bai justuena, baita injustuena ere», oinarrizkoa da Jainkoaren helburuan (Eg 24:15). Bibliak zeruko berpizkundea ere aipatzen du, «hasierako» edo «lehenengo» berpizkundea izenez ere ezaguna, espirituz gantzututako Jesusen anaiei eragiten diena (Flp 3:11; Ap 20:5, 6; Jn 5:28, 29; 11:25).

  • berri onak.

    Idazki Greko Kristauetan, Jainkoaren Erreinuaren berri onak eta Jesu Kristorengan fedea izateak dakarren salbamenaren berri onak (Lk 4:18, 43; Eg 5:42; Ap 14:6).

  • besaldi.

    Uraren sakonera neurtzeko luzera unitatea, 1,8 metroren baliokidea (Eg 27:28).

  • bidea.

    Hitz hau Jehobak onartu edo baztertzen duen jokabide edo portaeraz sinbolikoki hitz egiteko erabiltzen da Idazkietan. Jesu Kristoren jarraitzaile bihurtu zirenak Bidearen parte zirela esaten zen, hau da, beraien bizitzan inportanteena Jesu Kristoren eredua jarraitzea eta berarengan fedea erakustea zen (Eg 19:9).

  • Buruzagi Nagusi.

    Hitz grekoaren oinarrizko esanahia «Lider Nagusia» da. Jesu Kristok gizaki leialak bekatu eta heriotzatik askatu eta betiko bizitzara zuzentzen ditu. Buruzagi Nagusi terminoak ezinbesteko betebehar horri egiten dio erreferentzia (Eg 3:15; 5:31; Heb 2:10; 12:2).

D

  • Dabiden Semea.

    Askotan, Jesus aipatzeko erabiltzen den esamoldea. Horrela, Erreinuaren itunaren oinordekoa dela azpimarratzen da. Itun hori Dabiden lerroko norbaitek bete behar zuen (Mt 12:23; 21:9).

  • damua.

    Bibliaren arabera, damutzean jarrera aldaketa bat gertatzeaz gain, lehen izandako bizimoduagatik, egindako gauza txarrengatik edo zerbait ez egiteagatik bihotzez gaizki sentitzea da. Benetako damua emaitzetan nabaritzen da, jokaera aldaketan (Mt 3:8; Eg 3:19; 2Pe 3:9).

  • Deabrua.

    Letra larriz hasten denean, Idazki Greko Kristauetan Satanas deskribatzeko erabiltzen den izena. «Kalumniatzaile» esan nahi du. Satanasi horrela deitzen zaio Jehobaren kalumniatzaile nagusia delako. Akusazio faltsuak zabaldu ditu, Jehobaren aurka eta bere hitz on eta izen santuaren aurka hitz eginez (Mt 4:1; Jn 8:44; Ap 12:9). Letra xehez hasten denean, gizakiek baino botere askoz handiagoa duen espiritu maltzur eta ikusezina. Hasiera 6:2an «egiazko Jainkoaren semeak» deitzen zaie eta Judas 6an «aingeruak». Jainkoak ez zituen gaizto sortu. Aingeruak ziren; baina Noeren garaian Jehoba desobedituz eta Satanasen matxinadara elkartuz, Jainkoaren etsai bihurtzea erabaki zuten (Dt 32:17; Lk 8:30; Eg 16:16; St 2:19).

  • Dekapolis.

    Greziar hiri taldea, hasiera batean hamar hirik osatzen zutena (grekoz deka hitzak «hamar» esan nahi du, eta polis hitzak «hiri»). Jordan ibaiaren eta Galileako itsasoaren ekialdeko lurraldeari ere horrela deitzen zitzaion, hiri gehienak bertan baitzeuden. Greziar kultura eta merkataritza guneak ziren. Jesus lurralde honetatik pasa zen, baina ez dago hiri hauetako bat ere bisitatu zuen erregistrorik (Mt 4:25; Mk 5:20).

  • denario.

    Zilarrezko txanpon erromatarra. 3,85 g inguru pisatzen zuen eta alde batean Zesarren irudia zeukan. Langile baten eguneko soldata eta erromatarrek juduei eskatzen zieten pertsona bakoitzeko zerga zen (Mt 22:17; Lk 20:24).

  • dolu.

    Norbaiten heriotzagatik edo beste ezbehar batengatik erakusten den mina edo atsekabea. Biblia garaian, ohizkoa zen dolua epe batez erakustea. Garrasika negar egiteaz gain, doluan zeuden pertsonek jantzi bereziak eramaten zituzten, euren burura errautsak botatzen eta jantziak urratzen zituzten, eta tristuragatik euren bularra jotzen zuten. Batzuetan negar egiteagatik kobratzen zuten profesionalak gonbidatzen ziren hiletetara (Est 4:3; Mt 11:17; Mk 5:38; Jn 11:33; Ap 21:4).

  • drakma.

    Idazki Greko Kristauetan, zilarrezko txanpon grekoa. Garai hartan 3,4 g pisatzen zuen (Mt 17:24).

E

  • epaiketa eguna.

    Gizakiei, nazioei edo talde zehatzei Jainkoak kontuak eskatzen dizkien egun edo denbora tarte zehatz bat. Heriotza merezi dutenak exekutatuak izateko garaia izan daiteke. Beste batzuei, berriz, epaiketa honek salbatzeko eta betiko bizia jasotzeko aukera ematen die. Jesu Kristok eta apostoluek etorkizuneko «Epaiketa Egun» bati buruz hitz egin zuten. Egun honek bizirik egongo direnengan eta iraganean hil zirenengan izango du eragina (Mt 12:36).

  • epaitegia.

    Aire librean zegoen plataforma edo oholtza altxatua. Eskailera batzuetatik igotzen zen, eta epaileak han esertzen ziren jendetzari beraien erabakien berri emateko. «Jainkoaren epaitegia» eta «Kristoren epaitegia» esamoldeek Jehobak gizakiak epaitzeko ezarri duen antolaketa irudikatzen dute (Erm 14:10; 2Ko 5:10; Jn 19:13).

  • erre-eskaintza.

    Aldare gainean erretzen zen animaliazko sakrifizioa eta Jainkoari guztiz eskaitzen zitzaiona. Eskaintzen zuenak ez zuen beretzat animaliaren (zezen, ahari, aker, usapal edo usakumearen) zatirik gordetzen (Ir 29:18; Lb 6:9; Mk 12:33; Heb 10:6).

  • Errekontziliazio Eguna.

    Israeldarrentzat egun santuen artean inportanteena, Yom Kippur izenez ere ezaguna (hebreeraz yohm hakkippurim, «[bekatuak] estaltzen diren eguna»). Etamin hilabetearen 10. egunean ospatzen zen. Apaiz nagusia tabernakuluko Santu-santuan sartu zitekeen urteko egun bakarra zen. Bertan, bere bekatuengatik, beste lebitarren bekatuengatik eta herri osoaren bekatuengatik egiten ziren sakrifizioen odola eskaintzen zuen. Sakrifizio hauek Jesusen sakrifizioa irudikatzen zuten. Jesusen sakrifizioak gizadi osoaren bekatuak guztiz estaltzea lortu zuen behin betirako, jende guztiari Jehobarekin errekontziliatzeko aukera zabalduz. Biltzar santuan elkartzeko eta barau egiteko eguna zen. Gainera, larunbata zenez, ez zen eguneroko lana egiten (Lb 23:27, 28; Eg 27:9; Kol 1:20; Heb 9:12).

  • erreskate.

    Gatibutza, zigor, sufrimendu, bekatu, baita betebehar batetik ere askatzeko ordaintzen den prezioa. Ez zen beti diruarekin ordaintzen (Is 43:3). Hainbat egoeratan eskatzen zen erreskate bat. Adibidez, Israelgo lehensemeak edo lehen abere-kume ar guztiak Jehobarenak ziren eta bere zerbitzurako gordeta zeuden; betebehar horretatik askatzeko, beharrezkoa zen erreskate edo erredentzio prezioa ordaintzea (Zen 3:45, 46; 18:15, 16). Zaindu gabeko zezen arriskutsu batek norbait hiltzen bazuen, jabeak erreskate bat ordaindu behar zuen heriotza zigorretik askatzeko (Ir 21:29, 30). Hala ere, ez zen onartzen apropos hiltzen zuenaren erreskaterik (Zen 35:31). Biblian, erreskaterik inportanteena Jesusek bere biziarekin ordaindu zuena da. Izan ere, erreskate honek gizaki obedienteak bekatu eta heriotzatik askatzen ditu (Sl 49:7, 8; Mt 20:28; Efe 1:7).

  • erroilu.

    Pergamino edo papirozko orri luzea, alde batetik idatzia eta normalean makil baten inguruan biribildua. Idazkiak erroiluetan idatzi eta kopiatu ziren, Biblia idatzi zen garaian hau baitzen liburuek zuten forma (Lk 21:11).

  • errotarri.

    Harri biribila. Antzeko beste harri baten gainean kokatzen zen alea ehotzeko edo irintzeko. Beheko harriaren erdian makil bat kokatzen zen goiko harriaren ardatza izateko. Biblia garaian, esku-errotak egoten ziren etxe gehienetan eta emakumeek erabiltzen zituzten. Familiek eguneroko ogia izateko behar-beharrezkoak zirenez, Moisesen Legeak esku-errota edo goiko harria mailegu baten berme bezala konfiskatzea debekatzen zuen. Errotarri handiek antzeko moduan funtzionatzen zuten, baina animaliek biratzen zituzten (Dt 24:6; Mk 9:42).

  • erruki oparia.

    Beharrean zegoen norbaiti ematen zitzaion oparia. Idazki Hebrearretan ez dira zuzen-zuzenean aipatzen, baina Legeak zehatz-mehatz azaltzen zien israeldarrei pobreei nola lagundu behar zieten (Mt 6:2).

  • Eskaintza Jaia.

    Tenpluaren garbiketaren urteurrena, Antioko Epifanesek tenplua profanatu ondoren gertatu zen garbiketarena. Ospakizun hau kisleu hilabetearen 25ean hasten zen, eta zortzi egun irauten zuen (Jn 10:22).

  • eskuak gainean ezarri.

    Lan berezi baterako izendatzeko, edo bedeinkatzeko, sendatzeko edo espiritu santuaren dohain bat emateko ezartzen ziren eskuak pertsona baten gainean (Zen 27:18; Eg 19:6; 1Tm 5:22).

  • espiritu.

    Askotan «espiritu» bezala itzultzen diren hebreerazko ruaj eta grekerazko pneuma hitzek hainbat esanahi dituzte. Guztiek gizakiarentzat ikusezina den eta mugimenduan dagoen indarra erakusten duen zerbait adierazten dute. Hebreerazko ruaj eta grekerazko pneuma honakoak adierazteko erabiltzen dira: 1) haizea; 2) lurreko izakiek duten bizi-indar aktiboa, 3) pertsona baten bihotz sinbolikotik ateratzen den motibazioa, gauzak modu jakin batean esatera edo egitera bultzatzen duena; 4) jatorri ikusezin batetik datozen mezu inspiratuak; 5) izaki espiritualak; eta 6) Jainkoaren indar ikusezin boteretsua, edo espiritu santua (Ir 35:21; Sl 104:29; Mt 12:43; Lk 11:13).

  • espiritu santua.

    Jainkoak bere borondatea betetzeko erabiltzen duen indar ikusezin boteretsua. Jehobarengandik dator eta bera guztiz garbia eta zuzena denez, horregatik da santua. Gainera, santua izateko beste arrazoi bat Jainkoak santua dena egiteko erabiltzen duela da. (Lk 1:35; Eg 1:8).

  • etiopiar.

    Etiopiako pertsona. Antzina, nazio hau Egipto hegoaldean zegoen. Nazio honek gaur egungo Egipton hegoalderago dagoen zatia eta gaur egungo Sudan hartzen zituen (Eg 8:27).

  • eunuko.

    Zentzu literalean, gizon zikiratu edo kastratua. Gizon hauek, askotan, errege gortean erreginaren eta konkubinen zerbitzari eta zaintzaileak izaten ziren. Hitz hau errege gortean ardurak zituen ofiziala aipatzeko ere erabiltzen da, nahiz eta zikiratuta ez egon. Sinbolikoki «Erreinuagatik euren burua eunuko bihurtu» dutenak ere aipatzen dira, hau da, Jainkoaren zerbitzuan gehiago egiteko autokontrola erakusten dutenak (Mt 19:12; Est 2:15; Eg 8:27).

F

  • fariseuak.

    Lehen mendeko judaismoko sekta inportante bat. Ez ziren apaiz jatorrikoak, baina Legea zorrotz jarraitzen zuten, xehetasun txikiena ere kontuan hartuz. Ahozko tradizioak Legearen maila berera igo zituzten (Mt 23:23). Greziar kulturaren eragina guztiz baztertzen zuten eta, Legean eta tradizioan adituak zirenez, jendearengan autoritate handia zuten (Mt 23:2-6). Batzuk Sanedrineko kide ere baziren. Askotan Jesus kritikatu zuten Larunbataren legea eta tradizioak ez jarraitzeagatik, baita bekatari eta zergalariekin elkartzeagatik ere. Batzuk kristau bihurtu ziren, besteak beste, Tarsoko Saulo (Mt 9:11; 12:14; Mk 7:5; Lk 6:2; Eg 26:5).

  • filosofo epikurearrak.

    Epikuro (K.a. 341-270) filosofo greziarraren jarraitzaileak. Beraien filosofiak norberaren plazerrak bizitzako helburu nagusia zirela defendatzen zuen (Eg 17:18).

  • filosofo estoikoak.

    Greziako filosofo eskola. Zoriontasuna arrazoiarekin eta naturarekin bat eginez lortzen zela sinesten zuten. Beraien ustez, benetan jakintsua zen gizonari ez zitzaion axola ez mina, ezta plazerra ere (Eg 17:18).

G

  • Gaiztoa.

    Satanas Deabruari ematen zaion izena. Jainkoari eta bere arau zuzenei aurka egiten die (Mt 6:13; 1Jn 5:19).

  • gantzutu.

    Hitz hebrearraren oinarrizko esanahia «olioz igurtzi», edo «isuri» da. Olioa norbaiten edo zerbaiten gainean isurtzen zen zerbitzu berezi baterako eskainia zegoela adierazteko. Hitz hau Idazki Greko Kristauetan erabiltzen denean, zeruan bizitzeko aukeratuak direnen gain espiritu santua isurtzen dela ere adierazten da (Ir 28:41; 1Sm 16:13; Lk 4:18; Eg 10:38; 2Ko 1:21).

  • Gehena.

    Hinom bailararen izen grekoa, antzinako Jerusalemen hegoalde eta hego-mendebaldean zegoen (Jr 7:31). Hiritik kanpo zegoen toki honetan hondakinak erretzen ziren. Profezietan, bailara hau gorpuak botako ziren toki baten moduan aipatzen da (Jr 7:32; 19:6). Ez dago animaliak edo gizakiak bizirik erre edo torturatzeko botatzen zirela erakusten duen frogarik. Beraz, ezin du sinbolizatu gizakien arimak su literalean errez betirako torturatzen diren toki ikusezin bat. Jesus eta bere dizipuluek «bigarren heriotza» izenez ezagutzen den betirako zigorra sinbolizatzeko erabili zuten, hau da, betirako suntsipena (Ap 20:14; Mt 5:22; 10:28).

  • Gizonaren Semea.

    Hebrear Idazkietan, esamolde hau Ezekiel eta Danieli buruz hitz egiteko erabili zen, ordezkari hilkor hauen eta mezuaren sortzailearen, Jainkoaren, arteko ezberdintasuna azpimarratzeko (Eze 3:17; Dn 8:17). Ebanjelioetan 80 bat aldiz agertzen da esamolde hau. Jesu Kristori buruz hitz egiteko erabiltzen da. Giza ama batengandik jaiotzean, gizaki bihurtu zela adierazten du, eta ez gorputza hartu zuen izaki espiritual bat bakarrik. Esamolde honek Daniel 7:13, 14ko profezia beteko zuela ere erakusten du (Mt 19:28; 20:28).

  • gortina.

    Bai tabernakuluan, baita tenpluan ere, Santua eta Santu-santua bereizten zituen oihal ederra. Kerubinen irudiak zituen bordaturik (Ir 26:31; 2Kr 3:14; Mt 27:51; Heb 9:3).

  • greko; grekera.

    Greziako jendeak hitz egiten duen hizkuntza.

  • greziar.

    Grezian jaiotako pertsona edo bere familiaren jatorria han duena. Idazki Greko Kristauetan, hitz honek zentzu zabalagoa du: juduak ez zirenei buruz edota greziar hizkuntza eta kulturaren eraginpean zeudenei buruz hitz egiteko erabiltzen da (Jl 3:6; Jn 12:20).

H

  • Hades.

    Sheol hitz hebrearraren baliokide grekoa. «Hilobi» (letra larriz hasita) itzultzen da, hildakoek atseden hartzen duten toki sinbolikoa adierazteko. Ikusi HILOBI.

  • hara!

    Ondoren datorrenari arreta deitzeko erabiltzen den hitz grekoaren itzulpena. Irakurlea eszena imajinatzera edo narrazioaren xehetasun bati arreta jartzera animatzeko helburua du. Zerbait azpimarratzeko erabiltzen da, baita berria edo harrigarria den zerbait aipatu baino lehen ere. Idazki Greko Kristauetan, Mateo, Lukas eta Apokalipsia liburuetan agertzen da. Idazki Hebrearretan, hebreerazko baliokidea erabiltzen da. Itzulpen honetan, batzuetan literalki itzuli da, baina beste batzuetan eragin bera duten beste hitz eta teknika batzuk erabili dira.

  • Hermes.

    Jainko grekoa, Zeusen semea. Jainkoen mezularia eta oratoria onaren jainkoa zela uste zenez, Paulo Hermes zela pentsatu zuten Listran (Eg 14:12).

  • Herodes.

    Erromak izendatuta, juduen gain agindu zuen dinastia baten abizena. Herodes Handia, Jerusalemeko tenplua berreraiki eta, Jesus hiltzeko asmotan, mutikoak hiltzeko agintzeagatik izan zen ezaguna (Mt 2:16; Lk 1:5). Herodes Arkelao eta Herodes Antipas, Herodes Handiaren semeak, bere aitaren agindupeko lurren zati desberdinen gain izendatuak izan ziren (Mt 2:22). Antipas tetrarka izan zen, baina herriak «errege» deitzen zion. Berak agindu zuen Jesusen hiru urte eta erdiko zerbitzuan eta Eginak 12. kapituluraino doan denbora tartean (Mk 6:14-17; Lk 3:1, 19, 20; 13:31, 32; 23:6-15; Eg 4:27; 13:1). Honen ondoren, Herodes Agripa I.a, Herodes Handiaren biloba, agintean denbora gutxi egon ondoren, Jainkoaren aingeruak exekutatu zuen (Eg 12:1-6, 18-23). Bere semea, Herodes Agripa II.a, agintzen hasi eta juduak Erromaren aurka matxinatu arte egon zen agintean (Eg 23:35; 25:13, 22-27; 26:1, 2, 19-32).

  • Herodesen alderdiko kideak.

    Herodetarrak bezala ere ezagunak. Alderdi nazionalista bat zen eta, erromatarren menpe zeudelarik, herodestar dinastiaren helburu politikoen alde zeuden. Segur aski, saduzear batzuk alderdi honen parte ziren. Herodetarrak fariseuekin elkartu ziren Jesusen aurka joateko (Mk 3:6).

  • hilobi.

    Letra xehez hasita, pertsona baten hilobia; letra larriz hasita, gizadiaren hilobi amankomuna, hebrearrez Sheol eta grekoz Hades. Biblian hitz hau hildakoek atseden hartzen duten toki sinbolikoa adierazteko erabiltzen da, baita norbaitek ekintzarik egiten ez duen eta ezertaz konturatzen ez den egoera ere (Has 47:30; Ekl [Koh] 9:10; Mt 27:61; Eg 2:31).

I

  • Idazki(ak).

    Jainkoaren Hitzeko idazki sakratuak. Esamolde hau Idazki Greko Kristauetan bakarrik agertzen da (Lk 24:27; 2Tm 3:16).

  • idolo; idolatria.

    Jendeak adorazioan erabiltzen duen irudia, erreala edo asmatutakoa den zerbait irudikatzen duena. Idolatria idolo bat beneratzea, maitatzea, edo gurtu edo adoratzea da (Sl 115:4; Eg 17:16; 1Ko 10:14).

  • isipu.

    Adar eta hosto finak dituen landarea, garbikuntza zeremonietan odola edo ura zipriztintzeko erabilia. Agian mendaro edo maiorana da (Origanum maru; Origanum syriacum). Joan 19:29an, landare honen kanabera Jesusen ahora esponja batean ardo garratza hurbiltzeko adina luze izan behar zen. Beraz, adar bati lotutako mendaroa izan zitekeen, edo durra, sorgo (Sorghum vulgare) mota bat (Heb 9:19).

  • Israel.

    Jainkoak Jakobi jarri zion izena. Historian zehar, talde bezala bere ondorengo guztiei emandako izena da. Jakoben 12 semeen ondorengoei askotan Israelen semeak, Israelen etxea, Israel herria, Israeleko gizonak edo israeldarrak deitzen zitzaien. Iparraldeko hamar tribuen erreinua aipatzeko ere erabiltzen da, hegoaldeko erreinutik banandu zena. Denborarekin, kristau gantzutuei buruz hitz egiteko, «Jainkoaren Israel» izena erabili zen (Gal 6:16; Has 32:28; Eg 4:10; Erm 9:6).

  • itun.

    Zerbait egiteko edo egiteari uzteko bi alderen arteko akordio formala edo kontratua. Jainkoaren eta gizakien artekoa izan daiteke, edo gizakien artekoa bakarrik. Batzuetan, alde batek bakarrik bete behar ditu akordioaren baldintzak (itun unilaterala, oinarrian, promesa bat). Beste batzuetan, bi aldeek bete behar dituzte (itun bilaterala). Jainkoaren eta gizakiaren arteko itunez hitz egiteaz gain, Bibliak gizonen, tribuen, nazioen eta gizaki taldeen arteko itunak ere aipatzen ditu. Eragin handiena izan duten itunen artean Jainkoak Abrahamekin, Dabidekin, Israelgo nazioarekin (Legearen ituna) eta Jainkoaren Israelekin (itun berria) egindakoak daude (Has 9:11; 15:18; 21:27; Ir 24:7; 2Kr 21:7; Lk 22:29; Eg 3:25; 2Ko 3:6; Heb 8:6).

J

  • Jainkoaren Erreinua.

    Jainkoaren subiranotasuna ordezkatzen duen gobernua, bereziki Jainkoaren Seme Jesu Kristo errege duenean (Mt 12:28; Lk 4:43; 1Ko 15:50).

  • Jehoba.

    Idazki Greko Kristauak. Mundu Berriko Itzulpenak 237 aldiz erabiltzen du Jehoba izena. Jainkoaren izena erabiltzeko erabakia arrazoi hauetan oinarrituta dago:

    1. 1. Jesus eta apostoluen garaian erabiltzen ziren Idazki Hebrearren kopietan Tetragrammaton-a (hau da, Jainkoaren izena, lau hebrear kontsonantez adierazia יהוה) agertzen da testuan zehar.

    2. 2. Jesus eta apostoluen garaian, Tetragrammaton-a grekora itzulita zeuden Hebrear Idazkietan ere agertzen zen.

    3. 3. Idazki Greko Kristauetan erakusten dute Jesusek Jainkoaren izena sarritan erabiltzen zuela eta besteei irakasten ziela (Jn 17:6, 11, 12, 26).

    4. 4. Idazki Greko Kristauak Hebrear Idazkien jarraipena direnez eta hauek ere Jainkoak inspiratu dituenez, ez luke zentzu handirik izango bat-batean Jehobaren izena testutik desagertzeak.

    5. 5. Jainkoaren izena forma laburtuan agertzen da Idazki Greko Kristauetan (Ap 19:1, 3, 4, 6).

    6. 6. Kristau juduek beraien idazkietan Jainkoaren izena erabiltzen zutela ikusten da antzinako idazki juduetan.

    7. 7. Biblia aditu batzuen arabera, Idazki Greko Kristauen idazleek Hebrear Idazkietatik aipatzen zutenean seguruenik Jainkoaren izena erabiltzen zuten.

    8. 8. Biblia itzulpen askotan, ehun hizkuntza baino gehiagotan, Jainkoaren izena agertzen da Idazki Greko Kristauetan.

    Dudarik gabe, arrazoi onak daude Jainkoaren izena, Jehoba, Idazki Greko Kristauetan berriro jartzeko. Horixe da Mundu Berriko Itzulpenaren itzultzaileek egin dutena. Jainkoaren izena sakonki errespetatzen dute eta jatorrizko testuan agertzen zen ezer kentzeak beldur eta errespetua ematen die (Ap 22:18, 19).

  • jokabide lotsagabea.

    Grekoz aselgeia. Termino hau Jainkoaren legeen urraketa larriak diren ekintzei buruz ari da, jarrera lotsagabeaz edo mespretxuzko jarreraz burututakoak. Jarrera honek autoritate, lege eta arauekiko errespetu falta, baita mespretxua ere, erakusten du. Ez da garrantzi gutxiko jokabide txarrei buruz ari (Gal 5:19; 2Pe 2:7).

K

  • kaldearrak.

    Tigris eta Eufrates ibaien delta inguruan bizi zen herria. Antzina, kaldearren hiririk inportanteena Ur zen, Abrahamen jaioterria (Eg 7:4).

  • kongregazio.

    Helburu edo ekintza jakin baterako elkartutako jende multzoa. Idazki Hebrearretan, normalean Israelgo nazioa aipatzeko erabiltzen da. Idazki Greko Kristauetan, askotan kristau kongregazio orokorrari buruz hitz egiteko erabiltzen da, baina batzuetan kongregazio zehatzei egiten die erreferentzia (1Er 8:22; Eg 9:31; Erm 16:5).

  • kor.

    Likidoak eta produktu lehorrak neurtzeko neurria. Kor bat 220 litro ziren, oinarritzat bato baten gutxi gorabeherako bolumena hartuta (1Er 5:11; Lk 16:7).

  • kristau.

    Jainkoak Jesu Kristoren jarraitzaileei emandako izena (Eg 11:26; 26:28)

  • Kristo.

    Jesusen titulua, Kristos hitz grekotik datorrena. «Mesias» edo «Gantzutua» itzultzen den hebreerazko hitzaren baliokidea da (Mt 1:16; Jn 1:41).

  • kutsatu.

    Fisikoki zikin egotearekin edo lege moralak haustearekin lotuta egon daiteke. Biblian, berriz, Moisesen Legearen arabera onargarria edo garbia ez denari buruz hitz egiteko erabiltzen da hitz hau askotan (Lb 5:2; 13:45; Mt 10:1, oharra; Eg 10:14; Efe 5:5).

L

  • larrialdi handia.

    «Larrialdi» itzuli den hitz grekoak egoeraren presioaren ondorioz dagoen estualdi eta sufrimendua adierazten du. Jesusek Jerusalemek inoiz ez bezalako «larrialdi handia» sufrituko zuela esan zuen. Honetaz gain, etorkizunean «aintzaz beterik» etortzen denean, gizadi osoak sufrituko duen «larrialdi handi» bati buruz ere asko hitz egin zuen (Mt 24:21, 29-31). Paulok larrialdi hau Jainkoaren ekintza zuzen bat dela esan zuen, bera ezagutzen ez dutenen eta Jesu Kristori buruzko berri onak obeditzen ez dituztenen aurkakoa. Apokalipsia 19. kapituluaren arabera, Jesusek zeruko armadak zuzenduko ditu basapiztiaren, lurreko erregeen eta hauen armaden aurka borrokatzeko (2Ts 1:6-8; Ap 19:11-21). Jendetza handi bat larrialdi horretatik bizirik aterako dela esaten da (Ap 7:9, 14).

  • Larunbata.

    Biblian, juduen asteroko ospakizuna, gaur egun sabbat izenez ere ezaguna. «Atseden hartu» edo «bukatu» esan nahi duen hitz hebrear batetik dator. Juduen asteko zazpigarren eguna (ostiral ilunabarretik larunbat ilunabarrera). Urteko beste jai egun batzuei Larunbata deitzen zitzaien, baita 7. eta 50. urteei ere. Larunbatez ezin zen lanik egin, santutegian egiten zen apaizen zerbitzua bakarrik egin ahal zen. Larunbata deitutako urteetan, lurra landu gabe utzi behar zen eta ez zitzaien beste hebrearrei zorrak ordaintzea exijitzen. Moisesen Legean arrazoitsuak ziren Larunbaterako jarritako murrizketak, baina erlijioburuak poliki-poliki murrizketak gehitzen joan ziren, eta Jesusen garairako jendearentzat oso zaila zen hauek betetzea (Ir 20:8; Lb 25:4; Lk 13:14-16; Kol 2:16).

  • Legamia Gabeko Ogien Jaia.

    Urtean zehar, Israeldarrek hiru jai nagusi zituzten; hau lehenengoa zen. Nisanaren 15ean hasten zen, hau da, Pazkoaren hurrengo egunean, eta zazpi egunez ospatzen zen. Jan zitekeen ogi mota bakarra legamia gabekoa zen, Egiptoko irteeraren oroimenez (Ir 23:15; Mk 14:1).

  • legea.

    Letra larriz hasten denean, askotan Moisesen Legeari edo Bibliako lehen bost liburuei buruz ari da. Letra xehez hasten denean, Moisesen Legearen parte diren lege zehatzei buruz edo printzipio legal bati buruz ari da (Zen 15:16; Dt 4:8; Mt 7:12; Gal 3:24).

  • lege maisu(ak).

    Idazki Hebrearren kopista. Jesus lurrean egon zenean, Legean aditua zen gizon taldea. Jesusi aurka egin zioten (Esd 7:6, oharra; Mk 12:38, 39; 14:1).

  • leize zulo.

    Grekerazko abissos hitzetik; «izugarri sakona» edo «hondogabea, mugagabea» esan nahi du. Idazki Greko Kristauetan konfinamendu toki edo egoera adierazteko erabiltzen da. Hilobiari egiten dio erreferentzia, baina beste zentzu batzuetan ere erabili daiteke (Lk 8:31; Erm 10:7; Ap 20:3).

  • lepra; lepradun.

    Azaleko gaixotasun larria. Biblian, lepra ez da gaur egun izen horrekin ezagutzen dugun gaixotasuna bakarrik; izan ere, gizakiei eragiteaz gain, arropa eta etxeei ere eragiten zien. Leprak jota dagoen pertsonari lepradun edo legendun esaten zaio (Lb 14:54; Lk 5:12).

  • lepton.

    Idazki Greko Kristauen garaian, juduentzat balio gutxien zuen txanpona, kobrez edo brontzez egina (Mk 12:42; Lk 21:2; oharrak).

M

  • madarikatu.

    Norbaiti edo zerbaiti mehatxatzea edo gaizkia desiratzea. Termino hau ez da iraintzearekin edo haserre hitz egitearekin nahastu behar. Askotan, madarikazio bat txarra den zerbaiten adierazpen edo iragarpen bat da. Jainkoak edo berak baimendutako norbaitek egiten badu, balio eta indar profetikoa du (Has 12:3; Zen 22:12; Mk 11:21; Eg 23:12; Erm 12:14; Gal 3:10).

  • magistratu.

    Erromatar kolonietan, magistratu zibilak gobernuaren administratzaileak izaten ziren. Beraien arduren artean, ordena mantentzea, finantzak kontrolatzea, legea hausten zutenak epaitzea eta zigorrak betetzeko agintzea zeuden (Eg 16:20).

  • mana.

    Basamortuan egon ziren 40 urteetan, israeldarren janari nagusia. Jehobak ematen zien. Lurrean, ihintza geruza baten azpian, agertzen zen goizero mirari baten bidez, larunbatetan izan ezik. Lehenengo aldiz ikusi zutenean, israeldarrek esan zuten: «Zer da hau?», edo hebreeraz «man hu?» (Ir 16:13-15, 35). Jesusek zentzu sinbolikoan ere erabili zuen (Jn 6:49, 50).

  • Mazedonia.

    Grezia iparraldeko lurraldea. Alexandro Handiaren agindupean garrantzi handia hartu zuen, eta independentea izan zen erromatarrek konkistatu zuten arte. Paulo apostoluak Europa lehen aldiz bisitatu zuenean, Mazedonia erromatar probintzia zen. Paulok hiru aldiz bisitatu zuen lurralde hau (Eg 16:9).

  • mediarrak.

    Jafeten seme Madairen ondorengoek osatutako herria; iraniar goi-lautada menditsuan jarri ziren bizitzen. Denborarekin, toki hau Media herrialdea izatera iritsi zen. K.o. 33. urteko Pentekostean mediarrak zeuden Jerusalemen (Eg 2:9).

  • merezigabeko eskuzabaltasuna.

    Hitz grekoak atsegina den edo xarma duen zerbaiten ideia transmititzen du batez ere. Askotan, opari bat atsegina dela edo emateko modua atsegina dela esateko erabiltzen da. Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunaz hitz egitean, Jainkoak trukean ezer eskatu gabe atseginez ematen duen oparia deskribatzen da. Beraz, Jainkoa gizakiokin zein atsegina eta eskuzabala den eta zenbat maite gaituen adierazten du. Hitz grekoa hainbat modutan itzuli da testuinguruaren arabera. Baina itzulpen honetan, gehienetan, merezigabeko eskuzabaltasuna erabili da. Beste pertsonak irabazteko edo merezi izateko ezer egin gabe ematen den zerbait da. Ekintzaren atzean dagoen gauza bakarra ematen duenaren eskuzabaltasuna da (2Ko 6:1; Ef 1:7).

  • Mesias.

    «Gantzutu» esan nahi duen hitz hebrearretik dator. Grekotik datorren esanahi bereko hitza «Kristo» da (Dn 9:25; Jn 1:41).

  • milia.

    Distantzia neurri hau behin bakarrik agertzen da Idazki Greko Kristauen jatorrizko testuan, Mateo 5:41ean. Seguruenik 1.479,5 m neurtzen zuen erromatar miliari buruz ari da.

  • mirariak; ekintza boteretsuak.

    Gizakientzat ezagunak diren botereen gainetik dauden ekintza edo fenomenoak. Naturaz gaindiko indar batek egin dituela esaten da. «Seinale» eta «ekintza harrigarriak» esamoldeak ere zentzu berarekin erabiltzen dira Biblian (Mt 11:20; Eg 4:22; Heb 2:4).

  • mirra.

    Usain goxoko erretxina, Commiphora generoko zuhaixka edo arbola txiki arantzadunetatik ateratzen dena. Gantzutzeko erabiltzen zen olio santuaren osagaietako bat zen. Jantziei eta oheei usain goxoa emateko erabiltzen zen, eta masajeetarako olioei eta gorputzeko kremei gehitzen zitzaien. Ardoarekin nahasten zen edari estupefaziente bat lortzeko. Gorpuak hilobiratu aurretik prestatzeko ere erabiltzen zen (Ir 30:23; Esa 7:17; Mk 15:23; Jn 19:39).

  • Moisesen Legea.

    K.a. 1513an, Sinaiko basamortuan, Jehobak Moisesen bidez Israeli emandako legea. Bibliako lehenengo bost liburuei askotan «Legea» izena ematen zaie (Mt 5:17; Lk 24:44).

  • Molok.

    Ammondarren jainkoa; agian Malkam, Milkom eta Molek izenez ezagutzen den berbera (Eg 7:43).

N

  • nardo.

    Oso garestia den usain goxoko olio gorrixka, nardo landaretik (Nardostachys jatamansi) ateratzen dena. Hain garestia zenez, kalitate gutxiagoa zuten olioekin nahasten zen askotan. Faltsifikatu ere egiten zuten. Azpimarratzekoa da, bai Markosek, bai Joanek, Jesusekin «benetako» nardoa erabili zela esan izana (Mk 14:3; Jn 12:3).

  • Nazaretarra.

    Nazaret herrikoa izateagatik Jesusi ematen zitzaion beste izen bat. Litekeena da Isaias 11:1ean «kimu» esan nahi duen hitz hebrearrarekin lotuta egotea. Beranduago Jesusen dizipuluei ere eman zitzaien izen hau (Mt 2:23; Eg 24:5).

  • nisan.

    Babiloniako deportazioaren ondoren, abib hilabeteari eman zitzaion izen berria. Juduen egutegi sakratuan lehen hilabetea zen, eta egutegi sekularrean zazpigarrena. Martxoaren erdialdetik apirilaren erdialde arte irauten zuen (Neh 2:1). Juduen Pazkoa nisanaren 14an ospatzen zen, eta Jesusek egun horretan ezarri zuen Jaunaren azken afaria (Lk 22:15, 19, 20). Egun hartan bertan exekutatu zuten tortura zutoinean (Lk 23:44-46).

O

  • oroitzapen hilobi.

    Hildako baten gorpuzkiak lurperatzen diren tokia. Termino hau mnemeion hitz grekoaren itzulpena da. «Oroitu» edo «gogoratu» aditzetik dator, eta hildako pertsona oroitua dela adierazten du (Jn 5:28, 29).

P

  • paradisu.

    Parke edo lorategi ederra. Aurrenekoa Edenekoa izan zen, eta Jehobak sortu zuen lehenengo giza bikotearentzako. Jesus zutoinean zegoenean, bere ondoan zegoen gaizkileetako bati lurra paradisu bihurtuko zela eman zion aditzera. 2 Korintoarrei 12:4an, dirudienez, hitz honek etorkizuneko paradisu bati egiten dio erreferentzia, eta Apokalipsia 2:7an, zeruko paradisu bati (Knt 4:13; Lk 23:43).

  • patio.

    Tabernakulua inguratzen zuen aterperik gabeko zonaldea, gortinaz hesitua. Denborarekin, tenpluko erakin nagusia inguratzen zuen aterperik gabeko zonaldea, harresiz itxia. Tabernakuluaren patioan eta tenpluaren barruko patioan erre-eskaintzen aldarea zegoen. Honetaz gain, Biblian etxe eta jauregietako patioei buruz ere hitz egiten da (Ir 8:13; 27:9; 1Er 7:12; Mt 26:3; Mk 15:16; Ap 11:2).

  • Pazkoa.

    Egiptotik askatuak izan zirela gogoratzeko, israeldarrek urtero abib hilabetearen 14an ospatzen zuten jaia (beranduago abib hilabetea nisan deitu zen). Bildots bat edo antxume bat hiltzen eta erretzen zuten, eta belar mingotsekin eta legamia gabeko ogiarekin jaten zuten (Ir 12:27; Jn 6:4; 1Ko 5:7).

  • Pentekoste.

    Gizonezko juduek Jerusalemen ospatu behar zituzten hiru jai nagusietako bigarrena. Hebrear Idazkietako Uzta Jaia edo Asteen Jaia izendatzeko erabiltzen da Idazki Greko Kristauetan. Penteskoste izenak «50. eguna» esan nahi du eta Nisanaren 16tik hasita 50 egunera ospatzen zen (Ir 23:16; 34:22; Eg 2:1).

  • porneia.

  • presentzia.

    Idazki Greko Kristauen testuinguru batzuetan, hitz honek Jesu Kristoren errege presentzia adierazten du. Errege mesianiko bezala aginte ikusezina izaten hasi zenetik sistema honen azkeneraino doan garaia da. Kristoren presentzia ez da etorrera eta irteera azkar bat, zehaztuta dagoen denbora tarte bat baizik (Mt 24:3).

  • Prestaketa Eguna.

    Larunbataren aurreko egunari ematen zitzaion izena. Egun honetan zehar, juduek egin beharreko prestaketak egiten zituzten. Gaur egun ostirala deitzen diogun egunaren ilunabarrean bukatzen zen. Momentu horretan Larunbata hasten zen. Juduen eguna ilunabarretik ilunabarrera izaten zen (Mk 15:42; Lk 23:54).

  • prokontsul.

    Erromako Senatuaren menpe zegoen probintzia bateko agintari nagusia. Botere judiziala eta militarra bere esku zeuden. Berak egiten zuena Senatuak gainbegiratzen zuen arren, probintziako autoritate nagusia zen (Eg 13:7; 18:12).

  • proselito.

    Konbertitua. Idazkietan, judaismoa onartzen zuenari buruz ari da. Gizonezkoen kasuan, zirkunzidatu egin behar zuten (Mt 23:15; Eg 13:43).

S

  • saduzearrak.

    Aristokrata aberatsez eta apaizez osatutako judaismoko sekta inportante bat. Tenpluko jardueretan autoritate handia zuten. Fariseuek jarraitzen zituzten ahozko tradizio asko baztertzen zituzten, baita beraien sinesmen asko ere. Ez zuten ez berpizkundean, ez aingeruengan sinesten. Jesusi aurka egin zioten (Mt 16:1; Eg 23:8).

  • salmo.

    Jainkoa goresteko kanta. Musikaz laguntzen ziren eta Jehobaren adorazioaren parte bezala abesten ziren, adibidez, Jerusalemeko tenpluko adorazio publikoan (Lk 20:42; Eg 13:33; St 5:13).

  • Salomonen Arkupea.

    Jesusen garaiko tenpluan, kanpoko patioaren ekialdean zegoen galeria; estalita zegoen eta zutabeak zituen. Salomonen tenpluaren parte izan zela pentsatzen zen. Jesus neguan ibili zen han, eta lehenengo kristauak bertan elkartzen ziren Jainkoa adoratzeko (Jn 10:22, 23; Eg 5:12).

  • Samaria.

    200 urtez Israelgo iparraldeko hamar tribuen erreinuko hiriburua. Erreinu horren eremu osoa ere izen honekin ezagutzen zen. Hiria izen bereko mendi baten gainean eraiki zen. Jesusen garaian, lurralde honek iparraldean Galilea eta hegoaldean Judea zituen. Normalean Jesusek ez zuen lurralde honetan predikatu bere bidaietan, baina batzuetan handik pasa zen eta bertako biztanleei hitz egin zien. Pedrok Erreinuko bigarren giltza sinbolikoa erabili zuen samariarrek espiritu santua jaso zutenean (1Er 16:24; Jn 4:7; Eg 8:14).

  • samariarrak.

    Hasiera batean, iparraldeko hamar tribuen erreinuko israeldarrei buruz hitz egiteko erabiltzen zen termino hau. Baina K.a. 740. urtean asiriarrek Samaria konkistatu ondoren, asiriarrek bertara eraman zituzten atzerritarrei buruz hitz egiteko ere erabiltzen zen. Jesusen garairako, termino honek arrazarekin eta politikarekin lotutako kutsua galdu zuen. Orokorrean, antzinako Sikem eta Samaria inguruan kokatuta zegoen sekta erlijiosoko kideak ziren. Sekta honen jarraitzaileek judaismotik asko desberdintzen zituzten sinesmen batzuk zituzten (Jn 8:48).

  • Sanedrina.

    Jerusalemeko auzitegi goren judua. Jesusen garaian 71 kidek osatzen zuten. Hauen artean, apaiz nagusia eta apaiz nagusi izandakoak, apaiz nagusien familia kideak, adindunak, tribu eta familiaburuak eta lege maisuak zeuden (Mk 15:1; Eg 5:34; 23:1, 6).

  • santu; santutasuna.

    Jehobak berez duen ezaugarria; Jehoba moralki garbia eta guztiz sakratua da (Ir 28:36; 1Sm 2:2; Jn 17:11). Gizakiei (Mk 6:20; Eg 3:21), gauzei (Erm 7:12; 11:16; 2Tm 3:15), lekuei (Mt 4:5; Eg 7:33; Heb 9:1), eta jarduerei (Ir 36:4) buruz ari denean, jatorrizko hitz hebrearrak eta grekoak esklusiboki Jainko santuarentzat separatua, bereiztua edo sagaratua izatearen ideia transmititzen dute; Jehobaren zerbitzurako bereizia izatea. Idazki Greko Kristauetan «santu» eta «santutasuna» bezala itzulitako hitzak, pertsona baten jokabide garbia adierazteko ere erabiltzen dira (2Ko 7:1; 1Pe 1:15, 16).

  • Satanas.

    «Aurkari» esan nahi duen hitz hebrearra. Jatorrizko hizkuntzetan artikulu zehaztua daramanean, Jainkoaren etsai nagusia den Satanas Deabruari buruz ari da (Jb 1:6; Mt 4:10; Ap 12:9).

  • sekretu sakratu.

    Jainkoaren helburuaren alderdi bat da, finkatutako momentua iritsi arte Jainkoak sekretuan mantentzen duena eta berak nahi duenari bakarrik ezagutzera ematen diona (Mk 4:11; Kol 1:26).

  • sekta.

    Doktrina edo lider bati jarraitzen dion eta bere ideiak dituen pertsona multzoa. Judaismoaren bi alderdi nagusiez hitz egiteko erabiltzen zen: fariseu eta saduzearrak. Kristau ez zirenek kristautasunari sekta edo nazaretarren sekta deitzen zioten, agian judaismotik banandutako talde bat zela pentsatzen zutelako. Denborarekin, kristau kongregazioan sektak sortu ziren; Apokalipsia liburuan zehazki Nikolasen sekta aipatzen da (Eg 5:17; 15:5; 24:5; 28:22; Ap 2:6; 2Pe 2:1).

  • sexu moralgabekeria.

    Grekoz porneia. Idazkietan Jainkoak debekatzen dituen sexu ohitura batzuk adierazteko erabiltzen da. Ondorengoak ditu barne: adulterioa, prostituzioa, ezkondu gabe dauden pertsonen arteko sexu harremanak, homosexualitatea, eta gizaki eta animalien arteko sexu harremanak. Apokalipsian sinbolikoki erabiltzen da, «Babilonia Handia» izenez ezaguna den prostituta erlijioso bati buruz hitz egiteko. Boterea eta aberastasunak lortzeko mundu honetako agintariekin dituen tratuak deskribatzen ditu (Ap 14:8; 17:2; 18:3; Mt 5:32; Eg 15:29; Gal 5:19).

  • sinagoga.

    Hitz honek «bilera» edo «biltzarra» esan nahi du, baina bertset gehienetan juduak biltzen ziren eraikin edo tokiaz ari da. Bertan Idazkiak irakurri, irakaspenak jaso, otoitz egin eta predikatu egiten zuten. Jesusen garaian, handi samarra zen herri bakoitzean sinagoga bat egoten zen, eta hiri handiagoetan bat baino gehiago egoten ziren (Lk 4:16; Eg 13:14, 15).

  • Siria; siriarrak.

    Idazki Greko Kristauetan, Siria Erromako probintzia bat zen, eta honen hiriburua Antiokia zen. Hebrear Idazkietan aipatzen den Siriaren eremu ia guztia hartzen zuen. Siriako gobernariak Palestina osoa ere gainbegiratzen zuen (Lk 2:2; Eg 18:18; Gal 1:21).

  • Sirte.

    Libiako kostaldean, Afrika iparraldean, dauden sakonera gutxiko bi golko handiren izena. Mareen eraginez etengabe aldatzen ziren hondar pila arriskutsuak zeudenez, antzinako marinelek beldur handia zieten (Eg 27:17).

  • sistema(k).

    Aion hitz grekoaren itzulpena. Gauza inportanteak gertatu diren denbora tarte bat izan daiteke. Garai jakin bateko pertsonek erakusten dituzten ezaugarri eta jokaerak ere azpimarratu ditzake. Biblian gaur egungo sistemari buruz hitz egiten denean, munduaren egoera orokorrari buruz eta jendearen bizitzeko moduari buruz ari da (2Tm 4:10). Legearen itunaren bidez, Jainkoak sistema berri bat ezarri zuen, batzuek israeldar edo judu garaia deitzen dutena. Erreskatearen bidez, Jainkoak Jesus erabili zuen sistema desberdin bat ezartzeko, bereziki kristau gantzutu edo aukeratuen kongregazioan eragina duena. Honek aro berri baten hasiera markatu zuen. Garai honetan errealitate bihurtzen dira Legearen itunak aldez aurretik irudikatu zituen gauzak. Pluralez agertzen denean, existitu ziren edo existituko diren munduko sistema edo egoera desberdinei buruz ari da (Mt 24:3; Mk 4:19; Erm 12:2; 1Ko 10:11).

  • sistemaren amaiera.

    Satanasek kontrolatzen duen sistemaren —edo munduaren egoeraren— azkenera daraman denbora tartea. Denboran bat egiten du Kristoren presentziarekin. Jesusen gidaritzapean, aingeruek «gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte» eta suntsitu egingo dituzte (Mt 13:40-42, 49). Jesusen dizipuluek «sistemaren amaiera» noiz gertatuko zen jakin nahi zuten (Mt 24:3). Zerura itzuli baino lehen, Jesusek garai hori iritsi arte beraiekin egongo zela promestu zien bere jarraitzaileei (Mt 28:20).

T

  • Tabernakuluen Jaia.

    Txabolen Jaia edo Bilketa Jaia ere deitua. Hebrear egutegiko etanim hilabetearen 15etik 21era ospatzen zen. Israeleko nekazal urtearen amaierako uzta ospatzen zen eta Jehobari uzta bedeinkatzeagatik eskerrak ematen zitzaizkion. Jaiak irauten zuen bitartean, jendea txabola, etxola edo aterpe xumeetan bizi zen Egiptotik ateratzean izandako bizipena gogoratzeko. Gizonak Jerusalemera hiru jai ospatzeko joan behar ziren eta jai hau horietako bat zen (Lb 23:34; Esd 3:4; Jn 7:2).

  • talentu.

    Hebrear pisu neurri handiena eta diru-balio handienekoa. 34,2 kg pisatzen zuen. Talentu grekoa txikiagoa zen eta gutxi gorabehera 20,4 kg pisatzen zuen (1Kr 22:14; Mt 18:24).

  • tenplu.

    Jerusalemen zegoen eraikin egonkorra eta Israeldarren adorazio lekua; toki batetik bestera eramaten zen tabernakulua ordezkatu zuen. Lehenengo tenplua Salomonek eraiki zuen eta babiloniarrek suntsitu zuten. Bigarrena Zorobabelek eraiki zuen israeldarrak Babiloniako deportaziotik itzuli ondoren, eta beranduago Herodes Handiak berreraiki zuen. Askotan, «Jehobaren etxea» deitzen zaio (Mt 21:13; Lk 11:51; 1Kr 29:1; 2Kr 2:4; Mt 24:1).

  • tortura zutoina.

    Grekoz stauros. Hitz honek egur edo poste bertikala esan nahi du, adibidez, Jesus exekutatua izan zena bezalakoa. Nahiz eta Kristo baino mende asko lehenago paganoek gurutzea erlijio sinbolo bezala erabili, ez dago hitz honek grekoz hori esan nahi duela erakusten duen frogarik. Tortura zutoina adierazpenak jatorrizko hitzaren esanahi osoa du. Izan ere, stauros hitza Jesusen jarraitzaileek jasango zuten tortura, sufrimendu eta lotsa adierazteko ere erabiltzen da (Mt 16:24; Heb 12:2). Ikusi ZUTOIN.

Z

  • zahagi.

    Ardoa gordetzeko abere larruz egindako ontzia. Abere osoaren larrua erabiltzen zen, adibidez, ahuntza edo ardiarena. Ardoak, hartzitu edo irakitean, karbono dioxidoa sortu eta zahagietan presioa egiten du. Horregatik, ardoa zahagi berrietan jartzen zen. Zahagi berriak zabaldu egiten dira; zaharrak, berriz, gogortuta daude eta presioaren ondorioz lehertu egiten dira (Jos 9:4; Mt 9:17).

  • zaku oihala.

    Oihal zakarra, zakuak eta poltsak egiteko erabiltzen zena, zerealak gordetzeko adibidez. Ahuntzen ile ilunez ehuntzen zen eta tradiziozko dolu-jantzia zen (Has 37:34; Lk 10:13).

  • zepo.

    Pertsonari mugitzen uzten ez zion zigor eta tortura tresna. Zepo batzuek oinak bakarrik immobilizatzen zituzten. Beste batzuek, berriz, gorputza postura arraroan jartzen zuten, agian oinak, eskuak eta lepoa immobilizatuz (Jr 20:2; Eg 16:24).

  • Zesar.

    Erromako enperadoreen titulu izatera iritsi zen abizen erromatarra. Biblian Augusto, Tiberio eta Klaudio aipatzen dira izenez, eta nahiz eta Neron izenez ez aipatu, titulu hau berari ere dagokio. Idazki Greko Kristauetan, Zesar autoritate zibilari edo estatuari deitzeko ere erabiltzen da (Mk 12:17; Eg 25:12).

  • Zeus.

    Greziar politeisten jainko gorena. Bernabe Zeus zela pentsatu zuten Listran. Bertan aurkitutako antzinako inskripzio batzuek «Zeusen apaizak» eta «Zeus eguzki-jainkoa» aipatzen dituzte. Paulok Maltako uhartetik abiatzeko hartu zuen itsasontziaren brankan Zeusen semeen irudia zegoen, hau da, Kastor eta Polux anaia bikiena (Eg 14:12; 28:11).

  • zigilu.

    Normalean buztinean edo argizarian marka bat egiteko erabiltzen zen objektua. Zigilu markak jabetza, egiazkotasuna edo akordioa erakusten zuen. Zigiluei esker, dokumentuak edo beste gauza batzuk, hilobiak eta ateak besteak beste, ezin ziren manipulatu. Antzinako zigiluak material gogorrez egiten ziren (harria, marfila, egurra), eta hizkiak edo irudiak alderantziz grabatzen ziren bertan. Zigilua sinbolikoki ere erabiltzen da zerbait egiazkoa dela, norbaitena dela, edo ezkutuan edo sekretuan dagoela adierazteko (Mt 27:66; Jn 6:27; Efe 1:13; Ap 5:1; 9:4).

  • zigortu.

    Idazki Greko Kristauetan, zigorrez jotzea edo azotatzea tortura mota bat zen. Latigo edo zartailu batzuek metalezko bolatxoak zituzten kateetan zintzilik. Beste batzuek larruzko tirak zituzten, eta hauen amaieran hezur zorrotzak eta metalezko piezak zeuden lotuta (Mt 20:19; Jn 19:1; Eg 22:25).

  • zirkunzisio.

    Prepuzioa, hau da, gizonezkoen genitalaren burua estaltzen duen azala, mozteko prozedura. Abraham eta bere ondorengoentzat derrigorrezkoa izan zen, baina ez da kristauentzako baldintza bat. Hainbat testuingurutan modu sinbolikoan ere erabiltzen da (Has 17:10; 1Ko 7:19; Flp 3:3). Nazio paganoetakoei batzuetan zirkunzidatu gabea deitzen zitzaien mespretxua adieraziz.

  • zotz egin; zotzetara jokatu.

    Erabakiak hartzeko jarraitzen zen antzinako ohitura. Jantziaren tolesduran edo ontzi batean harri-koskorrak edo egur edo harri zatitxoak sartu eta astindu egiten ziren. Erortzen edo ateratzen zenak erakusten zuen zein erabaki hartu. Normalean otoitz egin ondoren egiten zen hau (Mt 27:35; Eg 1:26).

  • zuzentasun.

    Idazkietan, Jainkoaren ikuspuntutik ongi eta gaizki dagoena kontuan hartuta, ongi dagoena (Has 15:6; Dt 6:25; Sof 2:3; Mt 6:33). Ezaugarri positibo hau ez da norbere burua moralki besteen gainetik dagoela pentsatzearekin edo enpatia falta izatearekin nahastu behar. Jatorrizko hitza «zintzotasuna» eta «justizia» terminoekin ere itzuli da.

  • zutoin.

    Kondenatua lotzen zen poste edo egur bertikala. Nazio batzuetan exekuziorako edota hildako baten gorpua jende guztiaren aurrean erakusteko erabiltzen zen, bai kondenatua umiliatzeko, baita besteentzat abisu izateko ere. Asiriarrek, gerran krudelak izateagatik ezagunak, presoen gorputzak zutoin puntadunetan sartzen zituzten, sabeletik bularreraino behetik gora zeharkatuz. Juduen legean, berriz, blasfemia edo idolatria bezalako delitu larrien errudunak, lehenengo exekutatu egiten zituzten harrikatuz edota beste modu batera hilez; gero, besteentzat abisu izateko, haien gorpuak zutoin edo zuhaitz batetik zintzilikatzen zituzten (Dt 21:22, 23; 2Sm 21:6, 9). Erromatarrek batzuetan kondenatua zutoin batera lotzen zuten, besterik ez; kasu hauetan biktimak egun batzuetan bizirik jarraitzen zuen minez, gosez, egarriz edo eguzkiaren eraginez hil arte. Beste batzuetan, Jesusen exekuzioan adibidez, kondenatuaren eskuak eta oinak zutoinean iltzatzen zituzten (Lk 24:20; Jn 19:14-16; 20:25; Eg 2:23, 36). Ikusi TORTURA ZUTOINA.