Mateo 2:1-23

  • Astrologoen bisita (1-12)

  • Egiptora ihesa (13-15)

  • Herodesek mutikoak hil (16-18)

  • Nazaretera itzulera (19-23)

2  Herodes* erregearen egunetan, Jesus Judeako Belenen jaio ondoren, hara non, astrologo* batzuk etorri ziren Ekialdetik Jerusalemera,  galdetuz: «Non dago duela gutxi jaio den juduen errege hori? Ekialdean ginenean, bere izarra ikusi genuen, eta omenaldia egitera* etorri gara».  Hau entzutean, Herodes erregea eta Jerusalem osoa larritu egin ziren.  Erregeak herriko apaizburu eta lege maisu guztiak elkartu zituen, eta Kristo* non jaio behar zen galdetu zien.  Erantzun zioten: «Judeako Belenen. Izan ere, profetak hau idatzi zuen:  “Eta zu Belen, Juda lurraldekoa, ez zara inola ere Judako gobernarien artean garrantzi txikieneko hiria. Zeren zuregandik gobernari bat aterako da, nire herri Israelentzat artzain izango dena”».  Orduan, Herodesek ezkutuan* deitu zituen astrologoak, eta izarra zehatz-mehatz noiz agertu zen jakitea lortu zuen.  Belenera bidali zituenean, esan zien: «Joan eta begiratu toki guztietan haurtxoa aurkitu arte. Aurkitzen duzuenean, esadazue, ni ere joateko eta omenaldia egiteko».  Erregeak esandakoa entzun ondoren, Belenera abiatu ziren. Eta orduan, Ekialdean ikusi zuten izarra beraien aurretik joan eta haurtxoa zegoen tokian gelditu zen. 10  Izarra ikustean, poz-pozik jarri ziren. 11  Etxean sartu zirenean, haurtxoa bere ama Mariarekin ikusi zuten. Eta belaunikatuz, omenaldia egin zioten. Gainera, altxor kutxak ireki zituzten eta opariak eman zizkioten: urrea, olibanoa eta mirra*. 12  Baina amets baten bidez Jainkoak Herodesengana ez itzultzeko abisatu zienez, beraien herrialdera itzuli ziren beste bide batetik. 13  Abiatu zirenean, hara!, Jehobaren aingerua amets batean agertu zitzaion Joseri, eta esan zion: «Altxa, hartu haurtxoa eta ama, eta ihes egin Egiptora. Han gelditu nik esan arte, Herodes, haurtxoa hiltzeko asmoz, bere bila hasiko da eta». 14  Beraz, Jose gauez altxatu, haurtxoa eta ama hartu, eta Egiptora joan zen. 15  Han gelditu zen Herodes hil arte. Horrela, Jehobak bere profetaren bidez esandakoa bete zen: «Egiptotik ateratzeko deitu nion nire semeari». 16  Herodes, astrologoek engainatu egin zutela konturatu zenean, sutan jarri zen. Horregatik, hauei esker jakin zuen denbora zehatza kontuan izanda, Belen eta inguruetan zeuden bi urte baino gutxiagoko mutikoak hiltzeko agindu zuen. 17  Horrela bete zen Jeremias profetaren bidez esandako hau: 18  «Ahots bat entzun zen Raman negar-zotinka eta garrasika. Rakel zen, bere haurrengatik negarrez. Ezin zuen inork kontsolatu, bere haurrak desagertu direlako». 19  Herodes hil zenean, Jose Egipton zegoela, begira! Jehobaren aingerua agertu zitzaion amets batean. 20  Eta esan zion: «Altxa, hartu haurtxoa eta ama, eta zoaz Israelgo lurraldera, haurtxoa hil nahi zutenak hil dira eta». 21  Beraz, altxatu, haurtxoa eta ama hartu, eta Israelgo lurraldera itzuli zen. 22  Baina Judeako erregea Herodesen seme Arkelao zela entzun zuenean, hara joateak beldurra eman zion. Gainera, amets baten bidez Jainkoak abisua eman zionez, Galileako lurraldera joan zen. 23  Eta Nazaret izeneko hirian jarri zen bizitzen. Horrela, profeten bidez esandako hau bete zen: «Nazaretarra* deituko diote».

Oharra

Edo «mago».
Edo «ahuspeztera; makurtzera».
Edo «Mesias; Aukeratua; Gantzutua».
Edo «isilpean».
Seguruenik, «kimu» esan nahi duen esamolde hebrearretik dator.