Markos 12:1-44

  • Nekazari hiltzaileen konparaketa (1-12)

  • Jainkoa eta Zesar (13-17)

  • Berpizkundeari buruzko galdera (18-27)

  • Bi agindu inportanteenak (28-34)

  • Dabiden semea al da Kristo? (35-37a)

  • Lege maisuen aurkako abisua (37b-40)

  • Alargun pobrearen bi txanponak (41-44)

12  Orduan, konparaketak erabiliz hitz egiten hasi zitzaien. Esan zien: «Gizon batek mahasti bat landatu zuen. Hesi batez inguratu, lurrean dolare bat egin eta dorre bat eraiki zuen. Orduan, nekazariei mahastia errentan utzi eta atzerrira bidaiatu zuen.  Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, morroi bat bidali zuen nekazariengana, beraiengandik mahastiko fruituaren bere partea jasotzeko.  Baina nekazariek morroia hartu, jipoitu eta esku-hutsik bidali zuten.  Berriro, beste morroi bat bidali zien eta, hau, buruan jo eta umiliatu egin zuten.  Eta beste morroi bat ere bidali zuen eta, hau, hil egin zuten. Beste asko ere bidali zituen; batzuk jipoitu eta beste batzuk hil egin zituzten.  Beste bat gelditzen zitzaion oraindik: bere seme maitea. Azkenean, hau bidali zien, pentsatuz: “Nire semea errespetatuko dute”.  Baina nekazariek beraien artean esan zuten: “Hau da herentzia jasoko duena. Tira, hil dezagun eta lurra* guretzat izango da”.  Beraz, harrapatu, hil eta mahastitik bota zuten.  Zer egingo du mahastiaren jabeak? Etorri, nekazariak hil eta mahastia beste batzuei emango die. 10  Ez al duzue inoiz irakurri Idazkien pasarte hau: “Eraikitzaileek baztertu duten harria, huraxe bihurtu da oinarri* nagusia. 11  Hau Jehobarengandik etorri da eta guretzat zoragarria da”?». 12  Jesusen etsaiak konparaketa beraiengatik esan zuela konturatu zirenean, atxilotu egin nahi izan zuten, baina jendetzaren beldur ziren. Beraz, Jesus hantxe utzi eta alde egin zuten. 13  Gero, fariseu eta Herodesen alderdiko kide batzuk bidali zituzten Jesus okerreko zerbait esaten harrapatu nahian. 14  Iritsi zirenean, esan zioten: «Maisu, badakigu beti egia esaten duzula eta ez zaizula inporta jendeak begi onez ikusten zaituen ala ez, zeren ez diozu kanpoko itxurari begiratzen, baizik eta Jainkoari buruz egia irakasten duzu. Esaguzu, orduan, Zesarri zerga* ordaintzea baimenduta dago* ala ez? 15  Ordaindu beharko genuke ala ez?». Beraien hipokrisiaz konturatzean, esan zien: «Zergatik jartzen nauzue probapean? Ekarri denario* bat ikusteko». 16  Ekarri zioten, eta galdetu zien: «Norena da irudi eta izen hau?». Erantzun zioten: «Zesarrena». 17  Jesusek, orduan, esan zien: «Eman Zesarrena Zesarri, eta Jainkoarena Jainkoari». Eta txundituta geratu ziren berarekin. 18  Orduan, saduzearrak hurbildu zitzaizkion. Hauek ez dute berpizkundean sinesten, eta galdetu zioten: 19  «Maisu, Moisesek idatzi zigun norbaiti anaia hiltzen bazaio emaztea seme-alabarik gabe utziz, gizon honek alargunarekin ezkondu behar duela eta bere anaiari ondorengoa eman behar diola. 20  Baziren zazpi anaia: Lehenengoa ezkondu egin zen, baina hiltzean ez zuen seme-alabarik utzi. 21  Bigarrena alargunarekin ezkondu zen, baina seme-alabarik utzi gabe hil zen. Gauza bera gertatu zen hirugarrenarekin. 22  Zazpiak seme-alabarik utzi gabe hil ziren. Azkenean, emakumea ere hil zen. 23  Berpizkundean, noren emaztea izango da? Zeren zazpiak egon ziren berarekin ezkonduta». 24  Jesusek erantzun zien: «Ez dituzue ez Idazkiak, ezta Jainkoaren boterea ere ezagutzen. Horregatik zabiltzate oker. 25  Izan ere, hildakoen artetik berpizten* direnean, gizonak ez dira ezkontzen, ezta emakumeak ezkontzeko ematen ere; zeruetako aingeruak bezalakoak dira. 26  Baina hildakoen berpizkundeari buruz, ez al duzue irakurri Moisesen liburuan, sasiaren pasartean, Jainkoak esan ziola: “Ni Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa naiz”? 27  Bera ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik. Oso oker zabiltzate». 28  Etorritako lege maisu batek eztabaida entzun zuen eta, Jesusek oso ondo erantzun zuela ikusita, galdetu zion: «Agindu guztietatik zein da lehena*?». 29  Jesusek erantzun zuen: «Lehena hau da: “Entzun, o Israel, Jehoba gure Jainkoa, Jehoba bakarra da. 30  Maita ezazu Jehoba* zure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo* osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. 31  Bigarrena hau da: “Maitatu lagun hurkoa* zeure burua bezala”. Ez dago hauek baino agindu inportanteagorik». 32  Lege maisuak esan zion: «Ongi erantzun duzu, Maisu, egiaren arabera. “Bera bat bakarra da, eta ez dago besterik”, 33  eta bera bihotz-bihotzez, ulermen osoz eta indar guztiz maitatzeak eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzeak, erre-eskaintza eta sakrifizio guztiak baino askoz ere gehiago balio du». 34  Jesusek, lege maisuak oso erantzun ona eman zuela ikusita, esan zion: «Ez zaude Jainkoaren Erreinutik urruti». Eta inor ez zen gehiago galdetzera ausartu. 35  Hala ere, Jesusek tenpluan irakasten jarraitu zuen, esanez: «Nolaz, ba, esan dezakete lege maisuek Kristo Dabiden semea dela? 36  Espiritu santu bidez, Dabidek berak esan zuen: “Jehobak nire Jaunari esan zion: ‘Eseri nire eskuinean, zure etsaiak oinen azpian jartzen dizkizudan arte’”. 37  Dabidek berak Jauna deitzen dio. Orduan, nolatan izan daiteke bere semea?». Eta jendetza handiak plazer handiz entzuten zion. 38  Irakasten ari zela, esan zien: «Kontuz ibili lege maisuekin. Jantzi luzeekin paseatzea eta plazetan* jendearen agurrak jasotzea gustatzen zaie, 39  eta sinagogetan aurreko eserlekuetan* jartzea eta afarietan tokirik inportanteenetan egotea atsegin dute. 40  Alargunen ondasunak* irensten dituzte eta euren burua nabarmentzeko* otoitz luzeak egiten dituzte. Hauek epai gogorragoa jasoko dute». 41  Orduan, altxor ontziak* begi-bistan zituela eseri zen, eta jendeak bertara dirua nola botatzen zuen begiratzen hasi zen. Aberats askok txanpon ugari botatzen zituzten. 42  Etorri zen, ordea, alargun pobre bat eta oso balio gutxiko bi txanpon txiki* bota zituen. 43  Beraz, bere dizipuluei deitu eta esan zien: «Benetan esaten dizuet: alargun pobre honek altxor ontzietan beste guztiek baino gehiago bota du. 44  Zeren beste guztiek soberan dutenetik bota dute; berak, ordea, bere eskasian*, den-dena bota du, bizitzeko zeukan guztia».

Oharra

Lit. «herentzia».
Lit. «kantoi-buru». Edo «kantoi-harri». Harri hau eraikin baten bi pareta elkartzen diren kantoian jartzen da.
Hau da, pertsona bakoitzak ordaindu beharreko zerga.
Edo «zilegi da».
Lit. «altxatzen».
Edo «inportanteena».
Edo «arima».
Edo «hurbilekoa; albokoa».
Edo «merkatuetan».
Edo «sinagogako eserleku onenetan».
Lit. «etxeak».
Edo «aitzaki bezala».
Edo «kutxak».
Lit. «bi lepton». Hau da, kuadrante bat. Ikusi Glosarioa, lepton.
Edo «pobrezian».