Mateo 16:1-28

  • Seinale baten eskaera (1-4)

  • Fariseu eta saduzearren legamia (5-12)

  • Erreinuko giltzak (13-20)

    • Kongregazioa harkaitz gainean eraikia (18)

  • Jesusek bere heriotza aurresan (21-23)

  • Benetako dizipulu izatea (24-28)

16  Han, fariseu eta saduzear batzuk Jesusengana hurbildu eta, bera probatu nahian, zeruko seinale bat erakusteko eskatu zioten.  Jesusek erantzun zien: «Ilunabarra iristean, esaten duzue: “Arrats gorri, goiz argi”,  eta goizean: “Gaur hotza egingo du eta euria botako du, zeren zerua gorri eta lainotuta dago”. Zeruaren itxura ulertzen dakizue, baina garai hauen seinaleak ez.  Belaunaldi gaizto eta desleial* hau seinale baten bila dabil, baina emango zaion seinale bakarra Jonasena da». Orduan, han utzi zituen eta joan egin zen.  Dizipuluak beste itsasertzera pasa ziren, baina ogia eramatea ahaztu zitzaien.  Jesusek esan zien: «Mantendu begiak zabalik, eta kontuz ibili fariseu eta saduzearren legamiarekin».  Hori dela eta, beraien artean esaten hasi ziren: «Ez dugu ogirik hartu».  Jesusek, zertaz ari ziren konturatzean, esan zien: «Fede gutxiko gizonak, zergatik ari zarete zuen artean ogirik ez duzuela esaten?  Ez al duzue oraindik ulertzen? Ez al duzue gogoratzen bost ogirekin 5.000 gizonek jan zutela, eta soberan geratu zenarekin saski asko bete zenituztela? 10  Edo zazpi ogirekin 4.000 gizonek jan zutela, eta soberan geratu zenarekin saski handi asko bete zenituztela? 11  Nolatan ez zarete konturatu ez naizela ogiaz ari? Kontuz ibili fariseuen eta saduzearren legamiarekin». 12  Orduan ulertu zuten ez zela ogiaren legamiari buruz ari, fariseuek eta saduzearrek irakasten zutenari buruz baizik. 13  Filiporen Zesarea lurraldera iritsi zirenean, Jesusek galdetu zien dizipuluei: «Zer esaten du jendeak? Nor da Gizonaren Semea?». 14  Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela, beste batzuek Elias eta beste batzuek, berriz, Jeremias edo profetaren bat». 15  Jesusek esan zien: «Eta zuek? Nor naizela diozue?». 16  Simon Pedrok erantzun zion: «Zu Kristo zara, Jainko biziaren Semea». 17  Jesusek erantzun zion: «Zoriontsua zara Simon, Jonasen semea, hau ez baitizu gizaki batek* argitu, zeruan dagoen nire Aitak baizik. 18  Gainera, nik esaten dizut: zu Pedro zara, eta harkaitz honen gainean eraikiko dut nire kongregazioa, eta Hilobiko* ateek ez dute garaituko. 19  Zeruko Erreinuko giltzak emango dizkizut. Lurrean lotzen duzun guztia dagoeneko lotuta egongo da zeruan, eta lurrean askatzen duzun guztia dagoeneko askatuta egongo da zeruan». 20  Orduan, zorrotz agindu zien dizipuluei bera Kristo zela inori ez esateko. 21  Handik aurrera, Jesus bere dizipuluei kontatzen hasi zitzaien Jerusalemera joan eta, adindun, apaizburu eta lege maisuen eskutik, asko sufritu beharko zuela, hil egingo zutela eta hirugarren egunean berpiztua* izango zela. 22  Hori dela eta, Pedrok aparte hartu eta errieta* egiten hasi zitzaion, esanez: «Jauna, ez izan hain gogorra* zeure buruarekin. Hori ez zaizu inondik inora gertatuko». 23  Pedrori bizkarra emanez esan zion: «Jarri nire atzean, Satanas! Oztopo bat zara niretzat ez duzulako Jainkoak bezala pentsatzen, gizakiak bezala baizik». 24  Orduan, Jesusek esan zien bere dizipuluei: «Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu dezala*, bere tortura zutoina* hartu eta etengabe jarraitu nazala. 25  Zeren bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du, baina bizia niregatik galtzen duena berriro biziko da*. 26  Ea, ba, zertarako balio dio norbaiti mundu osoko gauzak eskuratzeak bere bizia galtzen badu? Edo, zer eman dezake norbaitek bere biziaren truke? 27  Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzan etorriko da aingeruekin eta, orduan, bakoitzari bere portaeraren arabera merezi duena emango dio. 28  Benetan esaten dizuet: hemen dauden batzuek ez dute inola ere heriotza dastatuko Gizonaren Semea bere Erreinuan etortzen ikusi arte».

Oharra

Lit. «adultero».
Lit. «haragi eta odolak».
Edo «Hades-eko». Hau da, hildakoek atseden hartzen duten toki sinbolikoa. Ikusi Glosarioa, hilobi.
Lit. «altxatua».
Edo «agiraka».
Edo «ona izan».
Edo «bere buruarentzat bizitzeari utz diezaiola».
Edo «galtzen duenak aurkitu egingo du».