Joan 20:1-31

  • Hilobia hutsik (1-10)

  • Jesus Magdalako Mariaren aurrean (11-18)

  • Jesus dizipuluei agertu (19-23)

  • Tomasek zalantza egin; beranduago konbentzituta (24-29)

  • Liburu honen helburua (30, 31)

20  Asteko lehen egunean, Magdalako Maria* hilobira* joan zen goizean goiz, oraindik ilun zegoenean, eta hilobi sarrerako harria kenduta zegoela ikusi zuen.  Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite* zuen dizipuluarengana joan zen korrika, eta esan zien: «Jauna hilobitik eraman dute, eta ez dakigu non jarri duten».  Orduan, Pedro eta beste dizipulua hilobi aldera abiatu ziren.  Biak elkarrekin hasi ziren korrika, baina beste dizipuluak Pedrok baino azkarrago egin zuen korrika, eta lehena iritsi zen hilobira.  Makurtu eta barrura begiratzean, hantxe ikusi zituen lihozko oihalak, baina ez zen sartu.  Gero, bere atzetik zetorren Simon Pedro ere iritsi zen, eta hilobian sartu zen. Eta hantxe ikusi zituen lihozko oihalak.  Jesusen burua estaltzeko erabilitako oihala ez zegoen gorpua biltzeko erabilitako oihalekin batera; aparte zegoen, beste toki batean bilduta.  Gero, hilobira lehenengo iritsi zen dizipulua ere barrura sartu zen, eta ikusi eta sinetsi egin zuen.  Izan ere, oraindik ez zuten ulertzen Idazkietako pasartea, hildakoen artetik berpiztu* behar zela esaten zuena. 10  Beraz, dizipuluak beraien etxeetara itzuli ziren. 11  Baina Maria kanpoan geratu zen, hilobi ondoan negarrez. Oraindik negarrez ari zela, hilobi barrura begiratzeko makurtu zen, 12  eta bi aingeru ikusi zituen zuriz jantzita. Jesusen gorpua egon zen tokian zeuden eserita, bata burualdean eta bestea oinetan. 13  Eta galdetu zioten: «Emakume, zergatik egiten duzu negar?». Berak erantzun zien: «Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non jarri duten». 14  Hau esan ondoren, buelta eman eta Jesus ikusi zuen han zutik, baina ez zen konturatu Jesus zenik. 15  Jesusek galdetu zion: «Emakume, zergatik egiten duzu negar? Noren bila zabiltza?». Berak baratzea zaintzen zuen gizona zela pentsatuz, esan zion: «Jauna, zuk eraman baduzu, esadazu non jarri duzun, eta neuk eramango dut». 16  Jesusek esan zion: «Maria!». Honek, buelta eman eta esan zion hebreeraz: «Rabboni!» (hau da, «Maisu!»). 17  Jesusek esan zion: «Utzi niri eusteari, zeren oraindik ez naiz Aitarengana igo. Baina joan nire anaiengana eta esaiezu: “Nire Aitarengana eta zuen Aitarengana igotzera noa, nire Jainkoarengana eta zuen Jainkoarengana”». 18  Magdalako Maria dizipuluengana joan eta berri hau eman zien: «Jauna ikusi dut!». Eta Jesusek esan ziona kontatu zien. 19  Egun hartako azken orduan, asteko lehen egunean, dizipuluak elkartuta zeuden, eta ateak giltzaz itxita zituzten juduen beldur zirelako. Orduan, Jesus beraien erdian agertu eta esan zien: «Bakea zuekin». 20  Hau esan ondoren, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta dizipuluak poz-pozik jarri ziren Jauna ikustean. 21  Jesusek esan zien berriro: «Bakea zuekin. Aitak bidali nauen bezalaxe, nik ere zuek bidaltzen zaituztet». 22  Hau esan ondoren, beraien gainera arnasa bota eta esan zien: «Hartu espiritu santua. 23  Zuek norbaiti bekatuak barkatzen badizkiozue, barkatuak izan zaizkio; zuek norbaiti bekatuak barkatzen ez badizkiozue, ez zaizkio barkatuak izan». 24  Baina Tomas —Hamabietako bat, Bikia deitzen zutena— ez zegoen beraiekin Jesus agertu zenean. 25  Horregatik, beste dizipuluek esan zioten: «Jauna ikusi dugu!». Baina berak esan zien: «Ez badut bere eskuetan iltzeen marka ikusten, nire behatza iltzeen zaurietan sartzen eta nire eskua bere saihetsean sartzen, ez dut inoiz sinetsiko». 26  Ba, zortzi egun beranduago, dizipuluak etxean bilduta zeuden berriro, eta Tomas beraiekin zegoen. Ateak giltzaz itxita zeuden arren, Jesus beraien erdian agertu eta esan zien: «Bakea zuekin». 27  Gero, Tomasi esan zion: «Jarri zure behatza hemen, eta begiratu nire eskuak; luzatu eskua eta sartu nire saihetsean. Utzi zalantzak* izateari eta sinetsi». 28  Orduan, Tomasek esan zion: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». 29  Jesusek esan zion: «Ikusi nauzulako sinetsi duzu? Zoriontsuak ikusi ez dutenak eta, hala ere, sinetsi dutenak». 30  Noski, Jesusek beste mirari* asko egin zituen dizipuluen aurrean, erroilu honetan idatzita ez daudenak. 31  Baina hauek Jesus Jainkoaren Semea eta Kristo dela sinetsi dezazuen idatzi dira, eta sinesteari esker, bere izenaren bidez bizia izan dezazuen.

Oharra

Edo «Maria Magdalena».
Edo «oroitzapen hilobira».
Edo «estimatzen».
Lit. «altxatu».
Lit. «sinesgogor».
Lit. «seinale».