Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Biblia: gida moral fidagarria

Biblia: gida moral fidagarria

Fidagarria al da moralitateari buruzko erabakiak hartzean, gure bihotzak esaten duena edota besteek pentsatzen dutena jarraitzea? Ez. Bibliak horren zergatia azaltzen du. Are gehiago, gida moral fidagarria ematen digu eta horri esker bizimodu zoriontsu eta esanguratsua lortu dezakegu.

JAINKOAREN GIDA BEHAR DUGU

Biblian Jainkoak, Jehobak a, argi azaltzen du gizakiok bere laguntza behar dugula eta ezin ditugula gauza guztiak gure kabuz egin (Jeremias 10:23). Arrazoi horrengatik eman digu Biblian aurkitzen dugun gida morala. Jainkoak gizakiak maite ditu eta minduko gaituzten edo bizimodua zailduko diguten erabaki txarretatik babestu nahi gaitu (Deuteronomioa 5:29; 1 Joan 4:8). Are gehiago, gure Sortzailea denez, guri gida moralik hoberena emateko beharrezkoak diren jakinduria eta ezaguera ditu (100. Salmoa 3; 104. Salmoa 24). Hala ere, ez gaitu inoiz bere arau moralak jarraitzera behartzen.

Jehobak Adam eta Ebari, lehen bikoteari, benetan zoriontsu izateko behar zuten guztia eman zien (Hasiera 1:28, 29; 2:8, 15). Argibide errazak ere eman zizkien eta biek jarraibide horiek obeditzea espero zuen. Hala ere, hauek jarraitzeko edo ez jarraitzeko askatasuna eman zien (Hasiera 2:9, 16, 17). Tamalez, Adam eta Ebak Jainkoaren arauak jarraitu ordez, beraien arauak jarraitzea erabaki zuten (Hasiera 3:6). Zeintzuk izan dira ondorioak? Zoriontsu egin al du gizakia bere kabuz ondo eta gaizki dagoena erabakitzeak? Ez. Historian zehar argi geratu da Jainkoaren arauak baztertzeak ez duela bake eta zoriontasun iraunkorrik ekarri (Eklesiastes [Kohelet] 8:9).

Gure jatorria zein den axola gabe, Bibliak erabaki onak hartzen laguntzen digu (2 Timoteori 3:16, 17; ikusi « Pertsona guztientzako liburua» taula). Ikus dezagun nola laguntzen digun Bibliak erabaki onak hartzen.

Zergatik esan dezakegu Biblia Jainkoaren Hitza dela? (1 Tesalonikarrei 2:13). Horri buruz gehiago ikasteko, ikusi Nor da Bibliaren Egilea? bideoa jw.org webgunean.

BIBLIAN JAINKOAREN GIDA AURKITZEN DUGU

Biblia Jainkoak hasiera-hasieratik gizakiarekin izan duen harremanari buruz hitz egiten duen liburua da. Biblian irakurtzen dugunak Jainkoarentzat ondo eta gaizki dagoena ulertzen laguntzen digu, baita guretzat lagungarria edo kaltegarria dena ere (19. Salmoa 7, 11). Bertan ikasten ditugun irakaspenak ez dira zaharkitzen eta beti dira erabilgarriak. Ondorioz, gure eguneroko bizitzan erabaki zuzenak hartzen laguntzen digute.

Adibidez, azter dezagun Esaera Zaharrak 13:20​ko aholkua: «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da, zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen». Aholku hau iraganean bezain erabilgarria da gaur egun. Biblian, balio handiko aholku praktiko ugari aurkitu dezakegu (Ikusi « Bibliako aholkuak erabilgarriak dira gaur egun» taula).

Agian honakoa galdetuko duzu: «Nola egon naiteke ziur Bibliako aholkuek lagundu ahal didatela?». Hurrengo artikuluan, Biblia erabilgarria dela frogatzen duten bizipenak aztertuko dira.

a Jehoba da Jainkoaren izen propioa (Lukas 4:8).