Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Nor da Isaias 60:1 (NWT) aipuan aipatzen den «emakume[a]», eta zer zentzutan «altxa[tzen]» da eta «ema[te]n [du] argia»?

Isaias 60:1 (NWT) aipuak honakoa dio: «Altxa, o emakume, eman argia, zure argia etorri baita. Jehobaren aintzak zure gain distira egiten du». Testuinguruak erakusten duen moduan, emakumea Sion, edo Jerusalem, zen. Hiri hau Judako garai hartako hiriburua zen a (Is. 60:14; 62:1, 2). Jerusalemeko hiriak Israelgo nazio osoa irudikatzen zuen. Artikulu honetan, aipu honen inguruan bi galdera erantzungo ditugu. Lehenik, noiz eta nola altxatu zen eta eman zuen argi espirituala Jerusalemek? Bigarrenik, betetzen ari al dira modu zabalago batean Isaiasen hitzak?

Noiz eta nola «altxa[tu]» zen eta eman zuen argi espirituala Jerusalemek? Juduak Babilonian 70 urtez erbesteratuta egon ziren bitartean, Jerusalem eta tenplua egoera tamalgarri batean egon ziren. Baina mediar eta persiarrek Babilonia konkistatu ondoren, Babiloniar Inperio osoan zehar zeuden israeldarrek baimen berezi bat jaso zuten: euren jaioterrira itzultzeko eta egiazko adorazioa berrezartzeko baimena (Esd. 1:1-4). Hamabi leinuetako israeldar leialak K.a. 537. urtean hasi ziren hau egiten (Is. 60:4). Horrela, Jehobari sakrifizioak eskaini, festak ospatu eta tenplua berreraikitzen hasi ziren (Esd. 3:1-4, 7-11; 6:16-22). Berriz ere, Jehobaren aintza Jerusalemen, hau da, Jainkoaren herriaren gain distira egiten hasi zen. Aldi berean, Jainkoaren herria argi iturri bihurtu zen iluntasun espiritualean zeuden inguruko nazioentzat.

Hala ere, Isaiasen errestaurazio profeziak partzialki bakarrik bete ziren antzina Jerusalemengan. Zergatik? Israeldar gehienek ez zutelako Jainkoa obeditzen jarraitu (Neh. 13:27; Mal. 1:6-8; 2:13, 14; Mat. 15:7-9). Are gehiago, beranduago, Jesu Kristo ukatu zuten, Mesias izan zena (Mat. 27:1, 2). Kristo ondorengo 70. urtean, Jerusalem eta tenplua bigarren aldiz suntsituak izan ziren.

Jehobak hori gertatuko zela aurresan zuen (Dan. 9:24-27). Beraz, argi dago Jehobaren helburua ez zela lurreko Jerusalemek Isaias 60. kapituluko errestaurazio profezietako alderdi guztiak betetzea.

Betetzen ari al dira modu zabalago batean Isaiasen hitzak? Bai, baina beste emakume sinboliko batekin lotuta daude: «goiko Jerusalem». Paulo apostoluak honakoa esan zuen emakume honi buruz: «Bera gure ama da» (Gal. 4:26). Goiko Jerusalem izaki espiritual leialez osaturiko Jainkoaren erakundearen zeruko alderdia da. Bere «seme-alaba[k]» Jesus eta 144.000 kristau gantzutuak dira. Kristau gantzutuek, Paulok bezala, zerura joateko esperantza dute, eta «nazio sagaratu» bat osatzen dute: Jainkoaren Israel (1 Ped. 2:9; Gal. 6:16).

Nola «altxa[tu]» zen goiko Jerusalem eta «eman [zuen] argia»? Lurrean dauden bere seme-alaba gantzutuen bidez. Konparatu dezagun hauek egin zutena Isaias 60. kapituluan aurresan zenarekin.

Kristau gantzutuek «altxa[tu]» behar izan zuten. Zergatik? II. mendean zabaldu zen apostasiaren eraginez, iluntasun espiritualean egon zirelako (Mat. 13:37-43). Garai hartan, Babilonia Handiaren, hau da, mundu mailako erlijio faltsuaren inperioaren gatibu bihurtu ziren. Gantzutuak «sistemaren amaiera» heldu arte egon ziren egoera horretan. Garai hori 1914. urtean hasi zen (Mat. 13:39, 40). Handik gutxira, 1919. urtean, askatuak izan eta segituan argi espirituala ematen hasi ziren. Nola? Erreinuaren berri onak sutsuki predikatuz. b Orduz geroztik, nazio guztietako pertsonak, baita lurrean geratzen diren Jainkoaren Israelen parte direnak ere, argi horretara gerturatu dira. Azken hauek Isaias 60:3​an aipatzen diren «errege[ak]» dira (Ap. 5:9, 10).

Etorkizunean, kristau gantzutuek modu zabalago batean emango dute Jainkoarengandik datorren argia. Zein zentzutan? Lurrean beraien bizitza amaitzen dutenean, «Jerusalem Berria[ren]» parte izango dira. Talde hau, 144.000 errege eta apaizez osaturikoa, Jesu Kristoren emaztegaia da (Ap. 14:1; 21:1, 2, 24; 22:3-5).

Jerusalem Berriak paper garrantzitsu bat izango du Isaias 60:1​eko hitzak betetzen (Konparatu Isaias 60:1, 3, 5, 11, 19, 20, NWT bertsetak Apokalipsia 21:2, 9-11, 22-26 bertsetekin). Antzina Israelgo gobernua lurreko Jerusalemen zegoen. Antzera, Jerusalem Berriak eta Jesu Kristok sistema berriaren gobernua osatuko dute. Zergatik esan dezakegu Jerusalem Berria «zerutik, Jainkoarengandik, jaisten» dela? Lurrean eragina izango duten neurriak hartuko dituelako. Ondorioz, Jainkoari errespetu handia dioten nazio guztietako pertsonak «haren [edo, Jerusalem Berriaren] argitan ibiliko dira». Ez hori bakarrik; bekatua eta heriotzatik aske izango dira (Ap. 21:3, 4, 24). Horrela, Isaias eta beste profeta batzuek aurresan zuten bezala, «gauza guztiak zaharberrituko» dira (Eg. 3:21). Zaharberritze, edo errestaurazio, handi hau Jesu Kristo Errege izatera iritsi zenean hasi zen, eta Mila Urteko Erregetzaren amaieran amaituko da.

a Isaias 60:1​ean, New World Translation itzulpenak «emakume» hitza erabiltzen du, «Sion» edo «Jerusalem» izenak erabili beharrean. Zergatik? «Altxa» eta «eman argia» aditz hebrearrek genero femeninoa dutelako. Gauza bera gertatzen da «zu» izenordainarekin.

b 1919. urtean izandako errestaurazio espirituala Ezekiel 37:1-14 eta Apokalipsia 11:7-12 aipuetan ere deskribatzen da. Ezekielek kristau gantzutu guztien errestaurazio espirituala aurresan zuen, hauek denbora luze batez gatibu egon ondoren. Bestalde, Apokalipsia liburuko profeziak aurrea hartu zuten anaia gantzutuen talde txiki bat espiritualki berriro jaiotzeari egiten dio erreferentzia. Zergatik jaio behar izan zuten berriro? Injustuki espetxeratuak izatearen ondorioz, epe labur batez ezin izan zutelako Jehoba modu aktiboan zerbitzatu. 1919. urtean, anaia gantzutuen talde txiki hau «morroi leial eta zentzudun» izendatua izan zen (Mat. 24:45; ikusi La adoración pura de Jehová: ¡por fin restaurada! [Le culte pur de Jéhovah enfin rétabli !] argitalpeneko 118. or.)