Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Nola egokitu zaitezke kongregazio berri batera?

Nola egokitu zaitezke kongregazio berri batera?

ALDATU al zara inoiz kongregazioz? Hala bada, beharbada, ados zaude Jean-Charles-ek dioenarekin: «Zaila da kongregazio berri batera egokitzea eta, aldi berean, familiakide bakoitzaren oreka espirituala mantentzea». Gainera, baliteke kongregazioz aldatzen direnek lan, etxe edota eskola berri bat bilatu behar izatea. Baina ez hori bakarrik. Batzuetan, zeharo desberdina den klima, kultura edo predikatzeko eremu batera egokitu behar izaten dira.

Nicolas eta Céline-k zailtasun desberdin bat izan zuten. Frantziako sukurtsalak kongregazio berri batera joatea eskatzen zuen eginkizun bat eman zien. Honakoa diote: «Hasiera batean, oso pozik geunden. Baina, gero, gure aurreko kongregazioko anai-arrebak faltan botatzen hasi ginen. Kongregazio berriko anai-arrebekin ez genuen oraindik hain harreman esturik lortu». a Zailtasunak egongo direla jakinda, zer egin dezakezu kongregazio berrira ahalik eta azkarren egokitzeko? Zer egin dezakete besteek zu laguntzeko? Zer bedeinkapen jaso ditzakezu kongregazio berrian egoteagatik? Eta nola animatu ditzakezu zuk besteak?

EGOERA BERRIRA EGOKITZEN LAGUNDUKO DIZUTEN LAU IDEIA

Izan konfiantza Jehobarengan

1) Izan konfiantza Jehobarengan (Sal. 37:5, NWT). Japonian bizi den Kazumi izeneko arreba bat 20 urtez egon zen kongregazio berean. Baina, orduan, bere senarrak beste toki batean lan egiteko eskaintza jaso zuen. Nola jarri zuen Kazumik «[bere] bidea Jehobaren eskuetan»? Berak dio: «Behin eta berriz hitz egin nion Jehobari sentitzen nuen beldur, bakardade eta antsietateari buruz. Hau egiten nuen bakoitzean, berak behar nituen indarrak ematen zizkidan».

Nola sendotu dezakezu Jehobarengan duzun konfiantza? Jar dezagun adibide bat. Landare batek ezin du ura eta nutrienterik gabe hazi. Era berean, zure fedea haztea nahi baduzu, elikatu beharko duzu. Aurretik aipatutako Nicolas-ek Abraham, Jesus, eta Pauloren ereduetan hausnartu zuen. Gizon hauek Jainkoaren nahia betetzeko sakrifizio handiak egin zituzten. Eredu hauetan hausnartzeak, Jehobak bera ere lagunduko zuela ziurtatu zion. Bestalde, Biblia erregularki ikasteko ohitura izateak bizitzako aldaketei aurre egiten lagunduko dizu. Eta ez hori bakarrik; ikasten duzuna kongregazio berriko anai-arrebak animatzeko erabili ahalko duzu.

Ez egin konparaketarik

2) Ez egin konparaketarik (Ekl. [Koh.] 7:10). Azter dezagun Beninetik Estatu Batuetara bizitzera joan zen Jules izeneko anaia baten bizipena. Bi kulturak zeharo desberdinak zirela ikusi zuen. Berak dio: «Ezagutzen nuen pertsona bakoitzari nire bizitza kontatu behar niola sentitzen nuen». Bera ez zegoen hau egitera ohituta eta, ondorioz, anai-arrebengandik aldentzen hasi zen. Hala ere, anai-arrebak hobeto ezagutu ondoren, ikuspuntuz aldatu zuen. Honakoa dio berak: «Munduan edonon gaudela ere, gizakiak berdinak garela konturatu naiz. Aldatzen den gauza bakarra hitz egiteko eta jokatzeko modua da. Pertsona bakoitza norbera den moduan onartzea behar-beharrezkoa da». Beraz, ez konparatu zure kongregazio berria aurrekoarekin. Anne-Lise izeneko aitzindari batek honakoa dio: «Gauza berriak ikasi nahi nituelako aldatu nintzen kongregazioz, eta ez kongregazio berria aurrekoa bezalakoa izatea espero nuelako».

Adindunek ere kongregazio berria aurrekoarekin konparatzea saihestu behar dute. Agian kongregazio berrian gauzak beste modu batera egiten dira. Baina horrek ez du esan nahi gaizki dagoenik. Beraz, proposamen bat egin aurretik, kongregazio berriko egoera ondo ezagutzea komeni da (Ekl. [Koh.] 3:1, 7b). Zure ideia propioak inposatu beharrean, hobe da anai-arrebei zure eredu onaren bidez irakastea (2 Ko. 1:24).

Murgildu kongregazio berrian

3) Murgildu kongregazio berrian (Flp. 1:27, NWT). Kongregazioz aldatzeak lana eta denbora asko eskatzen ditu. Baina behar-beharrezkoa da hasiera-hasieratik kongregazio berriko bileretara joatea, ahal bada aurrez aurre. Azken finean, kongregazio berriko anai-arrebek ez bazaituzte ikusten edo kostata ikusten bazaituzte, nola lagunduko dizute? Lucinda izeneko arreba bat Hegoafrikako hiri handi batera joan zen bizitzera bere bi alabekin batera. Berak dio: «Nire lagunek kongregazio berrian erabat murgilduta mantentzea gomendatu zidaten, besteekin predikatuz eta bileretan parte hartuz. Gainera, gure etxea eskaini genuen predikatzeko bilerak egiteko».

Kongregazio berriko anai-arrebekin «elkarrekin bat eginik» jarduera teokratikoetan parte hartzea «berri onen fede[a]» bultzatzeko modu paregabea da. Adindunek honakoa egitera animatu zuten aurretik aipatutako Anne-Lise: kongregazioko anai-arreba guztiekin predikatzera. Zein izan zen emaitza? «Segituan konturatu nintzen hau egitea kongregazioaren parte sentitzeko modu bikaina zela», dio berak. Gainera, zeure burua boluntario bezala eskaintzen duzunean, adibidez, bilera aretoa garbitu edo mantentzeko, kongregazio berria zure kongregazioa bezala ikusten duzula erakutsiko duzu. Kongregazio berrian zenbat eta gehiago murgildu, bertako anai-arrebak orduan eta azkarrago sentituko dira eroso zurekin. Gainera, lehenago sentituko duzu zure familiaren parte direla.

Egin lagun berriak

4) Egin lagun berriak (2 Ko. 6:11-13). Besteengan interesa erakustea lagun berriak egiteko dagoen modurik onena da. Beraz, bilera aurretik eta ondoren, denbora hartu anai-arrebak ezagutzeko. Bestalde, gogor saiatu beraien izenak gogoratzen. Azken finean, besteen izenak gogoratzen baditugu, eta atseginak eta hurbilak bagara, anai-arrebak guregana erakarrita sentituko dira. Hau egiten badugu, ziur lagun onak egingo ditugula.

Onartuko zaituzten ala ez pentsatzen egon beharrean, utzi kongregazio berriko anai-arrebei zu nolakoa zaren ezagutzen. Hau lortzea errazagoa izango zaizu anai-arrebekin egoera informaletan denbora pasatzen baduzu. Honen inguruan, Lucindak ondorengoa esan zuen: «Besteak gure etxera gonbidatzeko iniziatiba hartu genuenez, orain lagun onak ditugu». Zergatik ez duzu bere eredua jarraitzen?

«EGIOZUE HARRERA ONA ELKARRI»

Batzuentzat, ezezagunez beteriko bilera areto batean sartzea gehiegitxo izan daiteke. Beraz, zer egin dezakegu etorri berriak eroso sentiarazteko? Paulo apostoluak ondorengoa egitera animatu gintuen: «Egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala» (Erm. 15:7). Adindunek, Jesu Kristo imitatuz, asko egin dezakete etorri berriek ongietorriak direla sentitu dezaten. (Ikusi « Kongregazioz aldatzean kontuan hartu beharrekoa» taula). Hala ere, kongregazioan denok, baita haurrek ere, etorri berriei eroso sentitzen lagundu ahal diegu.

Besteei ongietorria emateko modu bat hospitalitatea erakustea da. Baina, horretaz gain, besteei laguntza praktikoa ere eskaini ahal diegu. Adibidez, arreba batek denbora hartu zuen etorri berria zen beste arreba bati hiria eta garraio sistema publikoa erakusteko. Etorri berria zen arreba hunkituta sentitu zen, eta arreba horrek egindakoak bere bizimodu berrira moldatzen lagundu zion.

HAZTEKO AUKERA BAT

Matxinsalto batek, hegan egiteko gai izan aurretik, bere azala hainbat alditan aldatzen du. Antzera, kongregazio berri batera goazenean, nolabait esateko, Jehobaren zerbitzuan hegan egiten uzten ez digun edozein kezka baztertu behar dugu. Nicolas eta Célinek honakoa diote: «Kongregazioz aldatzea trebakuntza bikaina da. Pertsona eta inguru berrietara moldatzeak ezaugarri berriak lantzera bultzatu gintuen». Hasieran aipatutako Jean-Charlesek kongregazioz aldatzeak bere familiari nola lagundu zion azaltzen du: «Kongregazioz aldatzea oso lagungarria izan zen gure seme-alabentzat. Hilabete gutxi batzuetan, gure alaba aste barruko bileretan aurkezpenak egiten hasi zen, eta gure semea bataiatu gabeko berriemaile izatera iritsi zen».

Zer egin dezakezu, zure egoera dela eta, ezin baduzu behar handiagoa dagoen beste kongregazio batera joan? Artikulu honetako gomendioak zure betiko kongregazioan praktikan jarri ditzakezu. Izan konfiantza Jehobarengan eta erabat murgildu kongregazioko jardueretan. Adibidez, besteekin predikatzera joateko planak egin ditzakezu, eta lagun berriak egin edo dagoeneko dituzunak sendotu ditzakezu. Zergatik ez duzu aurrea hartzen berriak direnei edo beharrean daudenei laguntza praktikoa emateko? Maitasunak egiazko kristauak bereizten dituenez, besteei laguntzeak, dudarik gabe, Jehobarengana gerturatzen lagunduko dizu (Joan 13:35). Ziur egon zaitezke Jainkoak horrelako sakrifizioak «atsegin» dituela (Heb. 13:16).

Zailtasunak izan arren, kristau askori ondo joan zaie kongregazio berrian, eta zuri ere gauza bera gertatu ahal zaizu. Anne-Lisek dio: «Kongregazioz aldatzeak nire bihotza zabaltzen lagundu dit». Bestalde, Kazumi honetaz dago konbentzituta: kongregazioz aldatzen zarenean, «Jehobak inoiz bizi ez dituzun moduetan laguntzen dizu». Jules-ek ere ondorengoa dio: «Egin ditudan lagunei esker, etxean bezala nago. Orain, kongregazioaren parte sentitzen naiz. Izan ere, zaila egingo zitzaidan joatea».

a Nostalgiari aurre egiteko aholkuak jasotzeko, jo «Cómo enfrentarse a la nostalgia en el servicio de Dios» («Comment surmonter le mal du pays dans le service de Dieu») artikulura, argitalpen honetako 1994​ko maiatzaren 15​eko alean.