Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

6. IKASGAIA

Balore moralak izatea

Balore moralak izatea

ZER ESAN NAHI DU?

Balore moralak dituztenek ondo eta gaizki dagoenaren arteko aldea argi bereizten dute. Beraientzat ondo eta gaizki dagoena ez da momentuko emozioen araberakoa. Horren ordez, beraien jokabidea gidatzeko printzipio multzo batean oinarritzen dira eta printzipio hauek inork ikusten ez dituztenean ere betetzen dituzte.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?

Gaur egun, haurrek ongi eta gaizki dagoenari buruzko ideia okerrak etengabe jasotzen dituzte eskolakideengandik, entzuten duten musikatik edo ikusten dituzten telebista saio eta pelikuletatik. Honen ondorioz, beraien balore moralak zalantzan jarri daitezke.

Hau bereziki nerabezaroan gertatzen da. Nerabeak hezteari buruzko liburu baten arabera, «garai horretan gazteek euren eskolakideek eta komunikabideek onartuak izateko egingo dieten presio handiari aurre egiteko prest egon behar dute. Euren printzipioen arabera ondo dagoena egiten ikasi behar dute euren lagunei gustatzen ez bazaie ere» (Beyond the Big Talk, Debra W. Haffner). Argi dago gurasoek seme-alabei hau nerabezaroaren aurretik irakatsi behar dietela.

BALORE MORALAK IZATEN IRAKASTEKO MODUA

Argi irakatsi zer dagoen ondo eta zer gaizki

BIBLIA PRINTZIPIOA: Pertsona helduek «ona eta txarra bereizteko gaitasuna entrenatu dute» (Hebrearrei 5:14NWT).

  • Hitzez deskribatu ondo eta gaizki dagoena. Erabili eguneroko egoerak jokabide onak txarrekin alderatzeko. «Hori egiazale izatea da, beste hori gezurti izatea». «Hori leial izatea da, beste hori desleial izatea». «Hori atsegina izatea da, beste hori zakarra izatea». Denborarekin, zure haurrak balore moralak ekintzekin lotuko ditu.

  • Azaldu zergatik jarraitu behar dituen bere balore moralak. Arrazoitu zure haurrarekin bere kontzientzia trebatzen laguntzeko. Adibidez, galdetu honelakoak: Zergatik da beti egia esatea aukerarik onena? Nola kaltetu dezakete gezurrek adiskidetasuna? Zergatik dago txarto lapurtzea?

  • Azpimarratu balore moralak jarraitzearen emaitza onak. Honako zerbait esan dezakezu: «Egia esaten baduzu, besteak zugan konfiantza izango dute» edo «Atsegina bazara, besteak zurekin egon nahiko dute».

Ziurtatu zure familia balore moralak jarraitzeagatik ezaguna izatea

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Aztertu zeuen barrua» (2 Korintoarrei 13:5).

  • Familia osoak balore moral berdinen arabera jokatu behar du. Horrela, zintzotasunez esan ahalko duzu:

    • «Gure familian ez dugu gezurrik esaten»

    • «Ez dugu inor jotzen eta ez diogu inori oihurik egiten»

    • «Ez diogu inori zakar hitz egiten»

Zure haurrak argi ikusiko du balore moralak ez direla arauak bakarrik, familiaren ezaugarri nabarmenak baizik.

  • Zure haurrarekin familiaren balore moralei buruz hitz egiteko ohitura izan. Horretarako, eguneroko egoerak erabili ditzakezu. Zuen balore moralak komunikabideetan edo eskolan ikusten direnekin konparatu ditzakezu. Galdetu zure haurrari honelakoak: «Zuk zer egingo zenuke?», «Zer egingo luke gure familiak?».

Sendotu balore moralak jarraitzeko nahia

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Kontzientzia garbiz jokatu» (1 Pedro 3:16).

  • Zoriondu jokabide onak. Zure haurrak balore moralak erakusten baditu, zoriondu eta azaldu zergatik zoriontzen duzun. Adibidez, honakoa esan dezakezu: «Egia esan duzu eta oso harro nago zutaz». Zure haurrak zerbait txarto egin duela esaten badu, zuzendu aurretik bihotzez zoriondu egindakoa onartzeagatik.

  • Zuzendu jokabide txarrak. Lagundu zure haurrari bere ekintzen ondorioak onartzen. Haurrek gaizki zer egin duten eta beraien familian jokabide hori zergatik ez den onartzen jakin behar dute. Guraso batzuek ez dute beraien haurra «gaizki sentiarazi nahi» beraien jokabide txarrarengatik. Baina horretaz hitz egiteak ongi eta gaizki dagoena bereizi dezakeen kontzientzia trebatzen lagunduko die.