Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

2. IKASGAIA

Apaltasuna

Apaltasuna

ZER DA?

Apalak direnek errespetuz jokatzen dute, ez harrokeriaz. Ez dute espero besteek pertsona bereziak balira bezala tratatzea. Horren ordez, besteengatik benetan arduratzen dira eta hauengandik ikasteko prest daude.

Batzuen ustez, pertsona apalak ahulak dira. Baina hori ez da egia. Guztiz kontrakoa, apaltasuna norberari bere akatsak onartzen eta mugak ezagutzen laguntzen dion bertutea da.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?

  • Zure haurrari lagun gehiago izaten lagunduko dio. Liburu baten arabera, «pertsona apalek, orokorrean, lagunak egiteko erraztasun handiagoa dute. Gainera, besteekin komunikatzea eta harremanak izatea errazagoa egiten zaie». a

  • Zure haurrari etorkizun hobea izaten lagunduko dio. Apala izaten ikasteak, zure haurrari orain eta etorkizunean lagunduko dio, esaterako, lana bilatzen duenean. Leonard Sax mediku eta psikologoak honakoa dio: «Autoestimu handiegia duen gaztea bere ahuleziez jabetzen ez denez, seguruenik ez du itxura onik emango lan elkarrizketetan. Baina gazteak elkarrizketatzaileak esaten duenari benetan interesa agertzen badio, errazagoa egingo zaio lana lortzea». b

APALTASUNA IRAKASTEKO MODUA

Bere buruari buruzko ikuspuntu orekatsua izaten lagundu

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Norbait zerbait delakoan badago, ezer ez delarik, bere burua engainatzen du» (Galaziarrei 6:3).

  • Ez errepikatu errealistak ez diren ideiak. «Zure amets guztiak egia bilakatu daitezke». «Nahi duzun guztia lortu dezakezu». Mota honetako adierazpenak motibagarriak eman dezakete, baina gehienetan ez dira betetzen. Zure haurrak seguruenik emaitza hobeak izango ditu helburu arrazoitsuak jartzen baditu eta gogor lan egiten badu hauek lortzeko.

  • Zoriondu ekintza zehatzengatik. Zure haurrari «onena» dela esateak ez dio apala izaten lagunduko. Beraz, izan zehatza zoriontzean.

  • Mugatu sare sozialei ematen dien erabilera. Normalean jendeak sare sozialak bere buruan eta egiten dituen gauzetan arreta jartzeko erabiltzen ditu. Hori apaltasunaren kontrakoa da.

  • Erakutsi barkamena lehenbailehen eskatzen. Zure haurrak hanka sartzen duenean, lagundu oker egin duena ulertzen eta onartzen.

Irakatsi esker onekoa izaten

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Izan zaitezte esker oneko» (Kolosarrei 3:15).

  • Sorkuntzarengatik. Haurrek natura estimatu behar dute, gu bizirik egoteko zenbateraino behar dugun ulertuz. Esaterako, airea, ura eta janaria behar ditugu bizitzeko. Erabili adibide hauek sorkuntzako gauza zoragarri guztiak estimatu eta eskertu ditzaten.

  • Jendearen ezaugarri onengatik. Gogorarazi zure haurrari besteak gauzaren batean edo bestean bera baino hobeak direla. Inbidia izan beharrean, besteengandik ikasi behar duela irakatsi.

  • Esker ona erakusten irakatsi. Haurrek eskerrak hitzez bakarrik eman beharrean, bihotzez eman behar dutela ikasi behar dute. Izan ere, esker onekoak izateak apalak izaten laguntzen digu.

Irakatsi besteei laguntzearen garrantzia

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Ez egin deus ere norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz; ez nork bere onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baizik» (Filipoarrei 2:3, 4).

  • Eskatu haurrei etxeko lanekin laguntzeko. Zure haurrari etxeko lanekin lagundu beharrik ez duela esaten badiozu, berak egin nahi dituen gauzak garrantzitsuagoak direla ulertuko du. Lehentasuna etxeko lanek dute, ez jolasteak. Berak etxeko lanak egiteak besteei zenbat laguntzen dien azaldu, baita hori egitean besteek zenbat errespetatu eta estimatuko duten ere.

  • Azpimarratu besteen alde gauzak egitea ohore bat dela. Besteen alde gauzak egiteak zure haurrari heldua izaten lagunduko dio. Beraz, aztertu elkarrekin nork behar duen laguntza eta zure haurrak nola lagundu ahal dion. Zoriondu eta animatu besteen alde zerbait egiten duen bakoitzean.

a The Narcissism Epidemic (Narzisismoaren epidemia), Jean M. Twenge eta W. Keith Campbell.

b Hurrengo liburutik aterata: The Collapse of Parenting (Autoritatearen kolapsoa), Leonard Sax.