Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Garrantzitsua al da oraindik egia?

Garrantzitsua al da oraindik egia?

 Iruditzen al zaizu geroz eta zailagoa dela zer den egiazkoa eta zer den faltsua bereiztea? Gaur egun badirudi jendeak sinesten duena, beraien sentimendu eta iritzi pertsonaletan oinarrituta dagoela, egian eta frogetan oinarritu beharrean. Adibidez, «egia-oste» a terminoa, «post-egia» ere deitua, egoera hau deskribatzeko asmatua izan zen eta azkenaldian oso ezaguna bihurtu da. Hitz honek oso ondo deskribatzen du gaur egungo mundua, jende askok uste baitu egia ez dela existitzen.

 Ikuspuntu hau ez da berria. Duela 2000 urte inguru, Pontzio Pilato gobernari erromatarrak Jesusi modu eszeptikoan galdetu zion: «zer da egia?» (Joan 18:38). Pilatok erantzun bat espero ez arren, bere galdera garrantzitsua zen. Bibliak ematen duen erantzunak, mundu nahasi honetan zer den egiazkoa eta zer den faltsua jakiten lagundu ahal dizu.

Existitzen ote da egia?

 Bai. Bibliak «egia» hitza erabiltzen du eginetan oinarrituta dagoenari eta moralki zuzena denari erreferentzia egiteko. Bibliaren arabera, Jehoba b Jainkoa egia absolutuaren iturria da eta «egiaren Jainkoa» deitzen zaio (31. Salmoa 5NWT). Bibliak Jainkoari buruzko egia azaltzen du eta argiarekin konparatzen du, gaur egungo mundu nahasi honetan gidatu ahal gaituelako (43. Salmoa 3; Joan 17:17).

Nola aurkitu dezakezu egia?

 Jainkoak ez du nahi guk Bibliako egia itsu-itsuan onartzea. Horren ordez, gure arrazoitzeko gaitasuna erabiliz, eta ez gure emozioetan oinarrituz, Bibliako egia aztertzera gonbidatzen gaitu (Erromatarrei 12:1NWT). Jainkoak bera «adimen guztiz» ezagutu eta maitatzea nahi du, eta Biblian ikasten duguna egia dela ziurtatzera animatzen gaitu (Mateo 22:37, 38; Eginak 17:11).

Zein da gezurraren jatorria?

 Bibliak dio gezurra esan zuen lehenengoa Jainkoaren etsaia, Satanas deabrua, izan zela. Bibliak honi «gezurraren aita» deitzen dio (Joan 8:44). Lehenengo gizakiei gezurrak esan zizkien Jainkoari buruz (Hasiera 3:1-6, 13, 17-19; 5:5). Ordutik, Satanasek gezurrak esaten eta Jainkoari buruzko egia ezkutatzen jarraitu du (Apokalipsia 12:9).

Zergatik dira hain ohikoak gezurrak gaur egun?

 Bibliaren arabera «azken egunetan» bizi gara. Garai honetan, Satanasek jendearengan duen eragina inoiz baino handiagoa da. Askotan jendeak gezurrak esaten ditu besteak engainatzeko eta besteez aprobetxatzeko (2 Timoteori 3:1, 13). Gezurrak erlijio gehienetan ere ohikoak dira. Gure garairako Bibliak aurresan zuen bezala, pertsonak «maisuz inguratuko dira, berauei entzuteko irrikaz; egiatik saihestuko dituzte belarriak» (2 Timoteori 4:3, 4).

Zergatik da egia hain garrantzitsua?

 Egiak pertsonen arteko konfiantza posible egiten du. Konfiantzarik gabe adiskidetasunak eta gizartea ezin dira sendo mantendu. Bibliak dio Jainkoak gure adorazioa egian oinarritzea nahi duela. Bertan dio: «Hura [Jainkoa] adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute» (Joan 4:24). Bibliak erlijio faltsua identifikatzen eta gezur horietatik askatzen lagundu ahal dizu. Gehiago jakiteko ikusi «Jainkoarengandik urruntzen gaituzten gezurrak» artikulu saila.

Zergatik nahi du Jainkoak nik egia ezagutzea?

 Jainkoak zu betirako bizitzea nahi du eta horretarako berari buruzko egia ezagutu behar duzu (1 Timoteori 2:4). Jainkoaren arabera zer dagoen ondo eta zer dagoen gaizki jakiteak eta horren arabera bizitzeak, bere adiskidea izaten lagunduko dizu (15. Salmoa 1, 2). Jendeari egia ezagutzen laguntzeko, Jainkoak lurrera bidali zuen Jesus. Jainkoak Jesusen irakaspenak guk entzutea nahi du (Mateo 17:5; Joan 18:37).

Gezurrarekin amaituko ote du Jainkoak noizbait?

 Bai. Jainkoak gorroto du jendeak gezurrak erabiltzea besteez aprobetxatzeko. Berak gezurretan jarraitzea erabakitzen dutenetatik lurra garbitzea promestu du (5. Salmoak 7 [5:6, NWT]). Jainkoak hau egitean egiazaleak betiko iraungo dutenaren promesa ere beteko du (Esaera Zaharrak 12:19).

a 2016an The Oxford Dictionaries “post-truth” (euskeraz «egia-oste» edo «post-egia») terminoa urteko hitza izendatu zuen.

b Bibliaren arabera, Jehoba da Jainkoaren izena. Informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 4. ikasgaia: «Nor da Jainkoa?».