Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. ATALA

Jo ezazu Jainkoarengana ezkon-bizitza zoriontsua izateko

Jo ezazu Jainkoarengana ezkon-bizitza zoriontsua izateko

«Egileak hasieran gizaseme eta emakume egin zitue[n]» (Mateo 19:4)

Jehobak a lehendabiziko emakumea sortu zuen eta «gizonari eraman zion». Adamek pozaren pozez honakoa esan zuen: «Hau bai dela ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi!». Honela, Jainkoak lehendabiziko ezkontza ospatu zuen (Hasiera 2:22, 23). Jainkoak, oraindik ere, ezkonduak zoriontsu izatea nahi du.

Ezkontzen zarenean, dena perfektua izango dela pentsa dezakezu. Baina errealitatea bestelakoa da. Nahiz eta senar-emazteak elkar benetan maite izan, arazoak izango dituzte (1 Korintoarrei 7:28). Liburuxka honetan aurkituko dituzun biblia-printzipioak jarraituz gero, ezkon-bizitza eta familia zoriontsuak izango dituzu (19. Salmoa 9-12 [19:8-11NM]).

1 ONARTU JEHOBAK EMANDAKO EGINKIZUNA

BIBLIAK ESATEN DUENA: Senarra familiaren buru da (Efesoarrei 5:23).

Jehobak, emaztea samurtasunez zaintzea eskatzen dizue senarroi (1 Pedro 3:7). Beraz, duintasunez eta maitasunez jokatu behar duzu zure emaztearekin, zure laguntzailea izateko sortu baitzuen Jainkoak (Hasiera 2:18). Zure emazteari maitasun sakona izan behar diozu, bere beharrei eta interesei lehentasuna emanez eta zureak alde batetara gogo onez utziz (Efesoarrei 5:25-29).

Jehobak, senarrari begirune osoa izatea eta bere eginkizunarekin betetzen laguntzea eskatzen dizue emazteoi (1 Korintoarrei 11:3; Efesoarrei 5:33). Bere erabakien alde agertu eta bihotz-bihotzez berarekin elkarlanean aritu behar duzu (Kolosarrei 3:18). Horrela eginez gero, zure senarraren eta Jehobaren aurrean baliotsua izango zara (1 Pedro 3:1-6).

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Galdetu iezaiozu zure ezkontideari senar edo emazte hobea nola izan zaitezkeen. Arretaz entzun eta ahal duzun guztia egin hobetzearren

  • Pazientzia izan. Batak besteari zoriontsu egiten ikasteko denbora beharko duzue

2 ZURE EZKONTIDEAREN SENTIMENDUEZ BENETAN ARDURATU

BIBLIAK ESATEN DUENA: Zure ezkontidearen beharrei eta interesei lehentasuna eman behar diezu (Filipoarrei 2:3, 4). Zure bikotea balioesten duzula azaldu ezazu zure jokabidearekin, Jehobak guztiekin «bihozbera iza[tea]» eskatzen baitie bere zerbitzariei (2 Timoteori 2:24). «Berritsuen mihia ezpata zorrotza [da], zuhurrena osasunbidea». Beraz, kontu handiz aukera itzazu zure hitzak (Esaera Zaharrak 12:18). Jehobaren espirituak samurtasunez eta maitasunez hitz egiten lagunduko dizu (Galaziarrei 5:22, 23; Kolosarrei 4:6).

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Zure ezkontidearekin gai garrantzitsuei buruz hitz egin aurretik, eskatu laguntza otoitzean lasaitasuna mantentzeko eta aurreiritzirik ez izateko

  • Arretaz pentsatu zer esango duzun eta nola esango duzun mintzatu aurretik

3 TALDE BEZALA PENTSATU

BIBLIAK ESATEN DUENA: Ezkontzean, zure bikotea eta zu «biak bat» bihurtzen zarete (Mateo 19:5). Halere, bi pertsona zaretenez, iritzi desberdinak izan ditzakezue. Beraz, zuen pentsamendu eta sentimenduetan bat izaten ikasi behar duzue (Filipoarrei 2:2). Izan ere, zuen arteko batasuna ezinbestekoa da erabakiak hartzean. Bibliak honakoa dio: «Egitasmoak aholkuen bidez sendotzen dira» (Esaera Zaharrak 20:18). Utzi ezazu biblia-printzipioek gida zaitzaten erabaki garrantzitsuak elkarrekin hartzen dituzuenean (Esaera Zaharrak 8:32, 33).

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Azal iezazkiozu zure sentimenduak zure ezkontideari, informazio edo iritziak bakarrik azaldu beharrean

  • Norbaiti zerbait egiteko hitz eman aurretik, zure ezkontideari galde iezaiozu

a Jehoba Jainkoaren izena da, Bibliak erakusten duen bezala.