Saltatu edukira

IKUSPUNTU BIBLIKOA

Pornografia

Pornografia

Kondenatzen al du Bibliak pornografia?

«Baina nik esaten dizuet emakume bat begiratzen jarraitzen duen edonork, berarengatik pasioa sentitzeko, dagoeneko adulterio egin duela berarekin bere bihotzean» (Mateo 5:28, NWT).

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?

Gaur egun, pornografia inoiz baino ohikoagoa da eta geroz eta eskuragarriago dago. Jainkoa poztu nahi baduzu eta zoriontsuagoa izan nahi baduzu, Jainkoak pornografiari buruz pentsatzen duena jakin beharko zenuke.

BIBLIAK ESATEN DUENA

Pornografia ez da zehazki Biblian aipatzen, baina pornografia kontsumitzea Biblia printzipio askoren aurka doa.

Adibidez, Bibliak argi esaten du ezkonduta dagoen gizon batek bere emaztea ez den «emakume bat begiratzen jarraitzen» badu, berarekin sexu harremanak izateko desioa elikatuz, adulterio egiteko arriskua duela. Bibliako hitz hauen atzean dagoen printzipioa irudi pornografikoak «begiratzen jarraitzen» duen edonorentzat da aplikagarria, ezkonduta dagoen ala ezkongabea den axola gabe. Argi dago jokabide hauek Jainkoa iraintzen dutela desio moralgabeak pizten dituztelako.

Gaizki al dago pornografia, sexualki moralgabeak diren ekintzetara eramaten ez badu ere?

«Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru-gosea [“kodizia”, NWT]» (Kolosarrei 3:5).

JENDEAK ESATEN DUENA

Ikertzaile batzuek ez dute uste pornografiak jokaera sexual iraingarriekin lotura duenik. Orduan, esan nahi al du honek pornografia kontsumitzea moralgabea ez denik?

BIBLIAK ESATEN DUENA

Bibliak dio broma lizunak onartezinak eta moralgabeak direla (Efesoarrei 5:3, 4NWT). Ez al da onartezinagoa izango pornografia? Gaur egungo pornografian egiten diren grabaketetan adulterio, homosexualitate eta beste sexu moralgabekeria moten benetako ekintzak ikusten dira. Noski, argi dago sexualki moralgabeak diren ekintza hauek lizunkeriaz ikustea hizkera lizuna baino askoz ere iraingarriagoa dela Jainkoarentzat.

Pornografiak eragiten dituen fantasiak ekintzara eramateko zenbateko probabilitatea dagoen eztabaidatzen jarraitzen dute ikertzaileek. Baina Bibliak argi uzten du pornografia kontsumitzeak gure espiritualtasuna suntsitzen duela eta Jainkoa biziki iraintzen duela. Bibliak hurrengoa ohartarazten digu: «Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria […] eta grina txarrak» (Kolosarrei 3:5). Pornografiara jotzen dutenek justu kontrakoa egiten dute; euren desioak hilarazi beharrean, hauek piztu eta elikatzen dituzte.

Zerk lagundu zaitzake pornografia saihesten?

«Bilatu ongia, ez gaizkia […]. Gorrota ezazue gaizkia, maita ongia» (Amos 5:14, 15).

BIBLIAK ESATEN DUENA

Bibliak euren jarrera suntsikorra baztertzeko gai izan zirenei buruz hitz egiten du. Pertsona hauen artean sexualki promiskuoak, mozkorrak eta lapurrak zeuden (1 Korintoarrei 6:9-11). Nola lortu zuten jokaera hauek atzean uztea? Jainkoaren Hitzean aurkitzen den jakinduria praktikan jarriz. Era horretara, gaizki dagoena gorrotatzen ikasi zuten.

Norbaitek pornografia gorrotatzen ikasi dezake bizio kaltegarri honek dakartzan ondorio latzetan arretaz hausnartzen badu. Utah Estatuko Unibertsitateak argitaratutako ikerketa baten arabera, pornografiak pertsona batzuengan «depresioa, isolamendua, harreman kaltetuak» eta beste ondorio txar batzuk eragiten ditu. Are gehiago, artikulu honetan aipatu den bezala, pornografia ikusteak Jainkoa iraintzen duenez, askoz ere larriagoa den ondorio bat eragiten du: gure Sortzailearengandik aldentzen gaitu.

Bibliak ondo dagoena maitatzen lagundu gaitzake. Biblia geroz eta gehiago irakurtzen badugu, bere arau moralak orduan eta gehiago maitatuko ditugu. Maitasun honek pornografiaren kontrako erabaki sendoa hartzen lagunduko digu eta hurrengo hitz hauek idatzi zituen salmogilea bezala sentituko gara: «Ez dut jarri nire begien aurrean gauza gaiztorik» (100. Salmoa 3 [101:3, NWT], Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta).