Saltatu edukira

Zergatik deitzen zaio Jesusi Jainkoaren Semea?

Zergatik deitzen zaio Jesusi Jainkoaren Semea?

Bibliaren erantzuna

 Biblian, askotan, «Jainkoaren Semea» deitzen zaio Jesusi (Joan 1:49). «Jainkoaren Semea» esamoldeak Jainkoak Jesus sortu zuela esan nahi du. Jainkoa da biziaren Sortzailea edo Iturria (36. Salmoa 10 [36:9, NWT]; Apokalipsia 4:11). Bibliak ez du irakasten Jainkoak bere Semea gizakiok haurrak ditugun modu berean izan zuenik.

 Aingeruak ere «Jainkoaren semeak» direla dio Bibliak (Job 1:6, oharra). Gainera, Adam, lehenengo gizakia, Jainkoaren semea zela aipatzen du (Lukas 3:38). Baina Jesus Jainkoaren seme inportanteena dela irakasten du Bibliak, Jainkoak gauza guztien aurretik sortu zuelako eta zuzenean sortu zuen izaki bakarra izan zelako.

 Zeruan bizi izan al zen Jesus lurrean jaio baino lehen?

 Bai. Lurrean jaio aurretik Jesus izaki espirituala zen zeruan. Jesusek berak esan zuen «zerutik jaitsi» zela (Joan 6:38; 8:23).

 Jainkoak beste gauza guztien aurretik sortu zuen Jesus. Bibliak honakoa dio Jesusi buruz:

  •   Bera da «izaki guztietan lehen-sortua» (Kolosarrei 1:15).

  •   Bera da «Jainkoak egindakoen sorburua [hasiera]» (Apokalipsia 3:14).

 Profezia batek aspaldiko, «antzina-antzinako», jatorria izango zuen norbaiti buruz hitz egiten zuen. Profezia hura Jesusengan bete zen (Mikeas 5:1 [5:2, NWT]; Mateo 2:4-6).

 Zer egiten zuen Jesusek zeruan lurrera etorri baino lehen?

 Postu garrantzitsua zuen zeruan. Jesusek zeruan zuen postua aipatu zuen otoitzean: «Aita, […] eman mundua mundu izan baino lehen zure ondoan nuen aintza» (Joan 17:5).

 Beste gauza guztiak sortzen lagundu zion bere Aitari. Jesusek Jainkoarekin batera lan egin zuen «obra-maisu» bezala (Esaera Zaharrak 8:30). Bibliak honakoa dio Jesusi buruz: «Beraren bidez sortu zituen Jainkoak zeru-lurretan diren gauza guztiak» (Kolosarrei 1:16).

 Jainkoak Jesusen bidez sortu zituen beste gauza guztiak, aingeruak eta unibertsoa barne (Apokalipsia 5:11). Jainkoa eta Jesusen arteko elkarlana, nolabait, arkitekto eta eraikitzaile baten arteko elkarlanarekin konparatu daiteke. Arkitektoak diseinua egiten du eta eraikitzaileak arkitektoak erabakitako diseinua eraikitzen du.

 Hitza zen. Lurrera etorri aurretik izandako eginkizunari buruz, Jesus «Hitza» zela dio Bibliak (Joan 1:1). Jainkoak beste izaki espiritualei informazioa eta jarraibideak emateko bere Semea erabili zuela esan nahi du honek.

 Dirudienez, Jesus Jainkoaren bozeramailea ere izan zen gizakiekin komunikatzerakoan. Seguruenik Jainkoak Hitza, hau da, Jesus, erabili zuen Edengo lorategian Adam eta Ebari jarraibideak emateko (Hasiera 2:16, 17). Baliteke Jesus israeldarrak basamortutik gidatu zituen aingerua izatea. Israeldarrek berak esandakoa obeditu behar zuten zehatz-mehatz (Irteera 23:20-23). a

a Jainkoak, Hitzaz gain, beste aingeru batzuk erabili zituen besteekin komunikatzeko. Adibidez, Jehobak bere lehen-semeaz gain, beste aingeru batzuk ere erabili zituen israeldarrei Legea emateko (Eginak 7:53; Galaziarrei 3:19; Hebrearrei 2:2, 3).