Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

DEA/G. Dagli Orti/De Agostini via Getty Images

Ulrico Zuingliok Bibliako egia bilatu zuen

Ulrico Zuingliok Bibliako egia bilatu zuen

 Gaur egun, erlijiosoak direnek beraien sinesmenak Biblian oinarrituta dauden edo ez egiaztatu dezakete. Baina hau ez zen horrela XVI. mende hasieran. Zergatik? Jende gehienak ez zuelako Biblia bere hizkuntzan eskuragarri. Ondorioz, oso gutxik konparatu ahal zuten Elizak irakasten zuena Bibliak esaten zuenarekin. Eta kleroaren kideek ez zuten asko laguntzen. «Suitzako Elizan ustelkeria zegoen» dio History of the Christian Church liburuak. «Kleroa ezjakina, superstiziosoa eta moralgabea zen».

 Garai honetan, Ulrico Zuinglio Bibliako egia bilatzen hasi zen. Zer aurkitu zuen? Nola konpartitu zuen besteekin ikasi zuena? Eta zer ikasi dezakegu bere bizitza eta sinesmenetatik?

Zuinglio egia bilatzen hasten da

 20 urte inguru izanik, Zuingliok apaiz katolikoa izan nahi zuen. Garai hartan, apaiz izan nahi zutenek, filosofia, elizako tradizioak eta «Elizako Aiten» idatziak ikasi behar zituzten, baina ez Biblia bera.

 Nola aurkitu zuen Zuingliok Bibliako egia? Basileako, Suitza, unibertsitatean zegoela, Thomas Wyttenbach-en klaseetara joaten zen. Honek, induljentziak edo barkamenak emateko Elizaren sistema kondenatzen zuen a. Biografo baten arabera, Zuingliok «Wyttenbach-engandik ikasi zuen Jesu Kristo behin betiko hil zela gure bekatuengatik» (1 Pedro 3:18). Gure bekatuak Jesusen erreskateari esker bakarrik barkatu daitezkeela ulertu zuenean, Zuingliok honako irakaspena baztertu zuen: elizgizon batzuek diruaren truke bekatuak barkatu ahal zituztela (Eginak 8:20). Hala ere, Zuingliok bere ikasketekin jarraitu zuen eta apaiz katolikoa izatera iritsi zen 22 urterekin.

 Zuingliok bere kabuz grekera ikasi zuen Itun Berria izenez ezagutzen dena bere jatorrizko hizkuntzan ulertzeko. Erasmoren idatziak ere aztertu zituen eta, Bibliaren arabera, Jainkoa eta gizonen artean Bitarteko bakarra Jesus dela ikasi zuen (1 Timoteori 2:5). Ondorioz, Zuinglio honako irakaspen katolikoa zalantzan jartzen hasi zen: pertsona batek santuak erabili ahal dituela Jainkoarengana hurbiltzeko.

 30 urte zituenean, Zuinglio egia aurkitzeko ahalegin gehiago egiten hasi zen. Hala ere, aldi berean, Italia kontrolatzeko Europan egon ziren gerra batzuetan armadako kapilaua izan zen. 1515​ean Marignanoko guduan katolikoek beste milaka katoliko hil zituztela ikusi zuen. Urte gutxi batzuk geroago, Zuingliok Idazki Grekoen zati handi bat eskuz kopiatu eta buruz ikasi zuen. 1519​an, Zurichen bizi zen, Suitzako indar politikoaren erdigunean. Bertan, Elizak Idazkiekin bat ez zetozen irakaspenak irakasteari utzi behar ziola konbentzitu zen. Baina nola lagundu ahal zien besteei ondorio honetara iristen?

«Ez dugu inoiz honelakorik entzun»

 Zuingliok, jendeak Bibliako egia ezagutzen bazuen irakaspen erlijioso faltsuak baztertuko zituela uste zuen. Beraz, Zuricheko Grossmünster eliza ospetsuan apaiz izatera iritsi zenean, modu harrigarrian predikatzen hasi zen. Mendeetan zehar kleroak erabilitako latinezko Biblia aipuen liburua b erabiltzeari utzi zion. Horren ordez, kapituluz kapitulu eta hasieratik bukaerara, Biblia bertatik zuzenean irakurriz predikatzen zuen. Biblia azaltzeko Elizako Aiten ideiak erabili beharrean, Biblia bera erabiltzen zuen. Hau da, Bibliako pasarte zailak azaltzeko, ulertzeko errazagoak ziren pasarteak erabiltzen zituen (2 Timoteori 3:16).

Sergio Azenha/Alamy Stock Photo

Zuricheko Grossmünster eliza

 Zuingliok eguneroko bizitzarako Biblia praktikoa zela ikusten lagundu zion jendeari. Bibliako arau moralak irakatsi zituen. Gainera, Jesusen ama Maria adoratzea, santuei otoitz egitea eta induljentziak edo barkamenak saltzea gaizki zegoela ere irakatsi zuen. Honetaz gain, kleroa moralgabea zela esan zuen. Nola erantzun zuen jendeak? Bere lehen sermoiaren ondoren, batzuek esan zuten: «Ez dugu inoiz honelakorik entzun». Eta historialari batek honakoa esan zuen Zuinglioren entzule katolikoei buruz: «Apaizen ergelkeria eta moralgabekeriagatik elizara joateari utzi ziotenak, orain bueltatu egin dira».

 1522​an, kleroa Zuricheko politikariengan eragina izaten saiatu zen Elizaren irakaspenen aurkako ekintzak oztopatu zitzaten. Ondorioz, Zuinglio heresiagatik salatu zuten. Ez zituenez bere sinesmen pertsonalak alde batera utzi nahi, apaiz katolikoa izateari uko egin zion.

Zer egin zuen Zuingliok?

 Handik aurrera apaiza ez izan arren, predikatzen jarraitu zuen besteak bere sinesmenez konbentzitzen saiatzeko. Bere predikazioagatik jendearen artean ezaguna egin zen eta, honi esker, Zuricheko politikariengan eragina izatea lortu zuen. Eragin politiko honen bitartez, Zurichen erreforma erlijiosoak bultzatu zituen. Adibidez, 1523​an, Zuricheko agintari judizialak konbentzitu zituen Bibliarekin bat ez zeuden irakaspen erlijiosoak debekatzeko. 1524​an, idolatria legez kanpokoa izatea lortu zuen. Goi mailako epaileek, bertako predikatzaile eta jendearen laguntzarekin, aldare, idolo, irudi erlijioso eta erlikia asko suntsitu zituzten. «Bikingoek eraikin erlijiosoetan egindako lapurretak kontuan izan gabe, Mendebaldeko Elizak ez zuen inoiz nahita egindako hain suntsiketa handirik jasan» dio Zuinglio: Profeta armado de Dios liburuak. 1525​ean Elizaren eraikinak ospitale bihurtzeko konbentzitu zituen agintariak, baita fraide eta mojek ezkontzeko baimena izateko ere. Gainera, Meza Biblian oinarritutako ospakizun sinple batekin ordezkatzea ere proposatu zuen (1 Korintoarrei 11:23-25). Historialarien arabera, Zuinglioren ahaleginei esker Zuricheko elizgizonak eta politikariak elkarlanean aritu ziren, eta honek Erreformarako eta erlijio Protestantea sortzeko bidea prestatu zuen.

Zuricheko Biblia, 1536​ko edizioa, Jehobaren lekukoen mundu mailako egoitza nagusia, Warwick, New York

 Zuinglioren lanik garrantzitsuena Bibliaren itzulpena izan zen. 1520​ko hamarkadan, Zuinglio eta aditu talde bat hebreerazko eta grekerazko testuekin, grekerazko Septuagintarekin eta latinezko Vulgatarekin lanean aritu ziren. Beraien metodoa sinplea zen. Bertset bakoitza bere jatorrizko hizkuntzan eta Biblia itzulpen on batzuetan irakurtzen zuten. Gero, bertsetaren esanahiari buruz hitz egin eta beraien ondorioa idazten zuten. Jainkoaren Hitza azaltzen eta itzultzen egindako lanaren emaitza 1531​ko Zuricheko Bibliaren liburuki bakarreko edizioa izan zen.

 Zuinglio zintzoa izan zen baina intolerantea eta agresiboa ere. Adibidez, 1525​ean Anabaptisten epaiketan parte hartu zuen. Anabaptistak ez zeuden ados haur txikiak bataiatzeko Zuingliok zuen sinesmenarekin. Epaitegiek haur txikien bataioa baztertzen zutenentzat heriotza zigorra ezarri zutenean, Zuingliok ez zuen esan erabakia injustua zenik. Gainera, politikariak indar militarra erabiltzera bultzatu zituen jendea sinesmen berriak onartzera behartzeko. Hala ere, oso katolikoak ziren Suitzako lurralde askok ez zituzten bere erreformak onartu. Eta honek gerra zibila ekarri zuen. Zuinglio Zuricheko soldaduekin batera gerrara joan zen eta bertan 47 urterekin hil zuten.

Zuinglioren herentzia

 Dudarik gabe, Ulrico Zuingliok historia aldatu zuten gauza batzuk egin zituen. Hala ere, ez da Martin Lutero eta Juan Calvino Erreformatzaile Protestanteak bezain ezaguna. Zuingliok Eliza Katoliko Erromatarraren irakaspenak Luterok baino indar gehiagorekin baztertu zituen. Eta Zuinglioren ahaleginek, jendeak Calvinoren ideiak onartzea erraztu zuten. Horregatik, Erreformaren hirugarren gizona deitu izan zaio.

 Zuingliok utzitako herentzia positiboa eta negatiboa izan zen. Bere ikuspuntuak zabaltzeko, politikan murgildu zen eta gerran parte hartu zuen. Modu honetan, ez zuen Jesu Kristoren eredua jarraitu. Izan ere, Jesusek politikan sartzea baztertu zuen eta bere dizipuluei etsaiak maitatzen irakatsi zien, ez hiltzen (Mateo 5:43, 44; Joan 6:14, 15).

 Aldi berean, Zuingliok Biblia sakonki ikasi zuen eta ikasitakoa besteekin konpartitu zuen. Bibliako egia asko ulertu zituen eta besteei hauek ulertzen lagundu zien.

a Induljentziak elizgizon batzuek ematen zituzten dekretuak ziren. Hauen arabera, dekretu hauek jendea hil ondoren purgatorioan jasango zituzten zigorrak murrizten edo guztiz ezabatzen zituzten.

b Liburu honek (gaztelaniaz leccionario) aldez aurretik aukeratutako Biblia aipuak zituen urte osoan zehar irakurtzeko.