Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zer dio Bibliak klima aldaketari buruz?

Zer dio Bibliak klima aldaketari buruz?

 «Klima hondamendia hemen dago. Lurrean bizitzea dagoeneko ezinezkoa izaten ari da» (The Guardian).

 Gizakia, berak sortutako krisia jasaten ari da. Zientzialari gehienen arabera, gizakien ekintzek sortu dute berotze globala. Tenperaturaren igoerak dagoeneko klima aldatu du eta ondorio ikaragarriak eragin ditu. Adibidez:

  •   Maizago eta bortitzagoak diren fenomeno meteorologikoak. Esaterako, bero olatuak, lehorteak eta ekaitzak. Hauek uholde eta sute gehiago sortu dituzte.

  •   Glaziar eta Artikoko izotzaren urtzea.

  •   Itsas-mailaren igoera.

 Krisi klimatikoa lurreko txoko guztietaraino iritsi da. 193 herrialdetako informazioa jaso ondoren, New York Times-ek honakoa idatzi zuen: «Planeta SOS seinalea bidaltzen ari da». Klima aldaketak eragindako heriotza eta sufrimendua dela eta, Munduko Osasun Erakundeak gizateria aurre egiten ari den osasun mehatxurik handiena dela esan du.

 Hala ere, esperantza izateko arrazoiak ditugu. Bibliak gaur egun gertatuko zena aurresan zuen. Gainera, Jainkoak egoera konponduko duela ziurtatzen digu eta nola egingo duen azaltzen digu.

Betetzen al ditu klima aldaketak Bibliako profeziak?

 Bai. Berotze globalak eragindako larrialdi klimatikoa Bibliak gaur egunerako aurresan zituen gertaerekin bat dator.

 Profezia: Jainkoak «lurra suntsitzen ari direnak» suntsituko ditu (Apokalipsia 11:18NWT).

 Garai batean, gizakien ekintzengatik lurra ia suntsitua izango zela aurresan zuen Bibliak. Berotze globala dela eta, jendea inoiz ez bezala hondatzen ari da lurra.

 Zergatik ezin du gizakiak lurra salbatu? Profezia honek arrazoi bat ematen digu. Kontuan izan pertsonak «lurra suntsitzen ari diren» bitartean, Jainkoak esku hartuko duela. Pertsona batzuek asmo onak dituzte eta klima aldaketa eteten saiatzen ari dira. Baina zer egiten duten axola gabe, ez dute lortuko jendeak lurra ez hondatzea.

 Profezia: «Gauza ikaragarriak gertatuko dira» (Lukas 21:11).

 Bibliak «gauza ikaragarriak», edo gertakari beldurgarriak, gure egunetan izango zirela aurresan zuen. Klima aldaketak fenomeno meteorologiko beldurgarriak eragin ditu mundu osoan zehar. Gaur egun, pertsona batzuek eko-antsietatea sufritzen dute, ingurumeneko krisiak eragindako izu kronikoa.

 Profezia: «Jakin behar duzu azken egunetan une latzak izango direla. Izan ere, gizakiak berekoi, diruzale» izango dira. Gainera, desleial, traidore eta egoskorrak izango dira, eta ez dira adostasun batera iristeko prest egongo (2 Timoteori 3:1-4).

 Bibliak jendearen ezaugarri eta portaerak zeintzuk izango ziren aurresan zituen. Ezaugarri eta portaera horiek larrialdi klimatikoa sortu dute. Gobernu eta enpresek garrantzi handiagoa ematen diete interes ekonomikoei hurrengo belaunaldien bizimoduari baino. Nahiz eta elkarlanean aritzen saiatu, ez dira berotze globala eteteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ados jartzen.

 Profezia honen arabera, ez genuke itxaron beharrik jendeak, orokorrean, bere ekintzak aldatzea eta lurra babestea. Alderantziz, Bibliak ezaugarri berekoiak dituzten pertsonak «gero eta okerrago ibiliko» zirela dio (2 Timoteori 3:13).

Zergatik egon gaitezke ziur Jainkoak zerbait egingo duela?

 Jehoba a, gure Sortzailea, planetaz eta bertan bizi direnez erabat arduratzen dela dio Bibliak. Ikus ditzagun Jainkoak zerbait egingo duela adierazten duten hiru biblia-aipu:

  1.  1. Jainkoak «ez du [lurra] hutsik egoteko sortu, bizileku izateko baizik» (Isaias 45:18).

     Jainkoak lurrerako duen nahia beteko du (Isaias 55:11). Ez du lurra suntsitua edo bizitzeko ezinezkoa izaten utziko.

  2.  2. «Otzanak [edo apalak] bada izango dira herentziaz lurraren jabeak; eta gozatuko dira bakearen ugaritasunean. Justuak herentziaz hartuko dute lurra, eta bertan biziko dira beti» (36. Salmoa 11, 29 [37:11, 29, NWT], Biblia, José Antonio Uriarte [Ur], euskara batura egokituta).

     Jainkoak gizakiak bakez beteriko lurrean betiko biziko direla promesten du.

  3.  3. «Gaizkileak, berriz, jo eta garbitu egingo dituzte mundutik» (Esaera Zaharrak 2:22).

     Jainkoak gauza txarrak egiten dituztenak ezabatuko ditu, lurra hondatzen dutenak barne.

Zer egingo du Jainkoak gure alde etorkizunean?

 Nola beteko ditu Jainkoak lurrerako promesak? Mundu-mailako gobernu baten bidez, hau da, Jainkoaren Erreinuaren bidez (Mateo 6:10). Erreinu honek zerutik aginduko du. Lurra eta ingurumenarekin lotutako gaietan ez du giza gobernuekin negoziatu beharrik izango. Are gehiago, Jainkoaren Erreinuak giza gobernuak ordezkatuko ditu (Daniel 2:44).

 Jainkoaren Erreinuak gauza onak burutuko ditu gizakiarentzat, baita ingurumenarentzat ere (96. Salmoa 10-13). Ikus dezagun zer lortuko duen Jehobak bere Erreinuaren bidez.

  •   Ingurumen arazoak konpontzea

     Bibliak esaten duena: «Poztu bitez basamortua eta lur elkorra, alai bedi eta loratu landa lehorra» (Isaias 35:1).

     Esanahia: Jehobak planeta sendatuko du, gizakiak erabat kaltetu dituen lekuak barne.

  •   Muturreko fenomeno meteorologikoak kontrolatzea

     Bibliak esaten duena: «[Jehobak] ekaitza haize gozo bihurtu zuen eta olatuen orroa isildu» (107. Salmoa 29).

     Esanahia: Jehobak naturako elementuak kontrolatzeko boterea du. Jendeak ez du muturreko fenomeno meteorologikoengatik gehiago sufrituko.

  •   Gizakiari lurra ondo zaintzen irakastea

     Bibliak esaten duena: «Irakatsi egingo dizut eta jarraibidea erakutsiko» (32. Salmoa 8).

     Esanahia: Jehobak gizakiari lurra zaintzeko ardura eman zion (Hasiera 1:28; 2:15). Berak sortutakoa ondo zaintzen eta ingurumena kaltetu gabe bizitzen irakatsiko digu.

a Jehoba Jainkoaren izena da (83. Salmoa 18NWT). Ikusi «Nor da Jehoba?» artikulua.