Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Itun Berrian Jainkoaren izena berrezarri zuten bi itzultzaile

Itun Berrian Jainkoaren izena berrezarri zuten bi itzultzaile

 Jende askok ikasten duen lehenengo otoitza Jesusek bere jarraitzaileei irakatsitako Aita Gurea da. Otoitz hau Itun Berria izenez ezagutzen den Bibliako atalean aurkitzen da. Aita Gurea honela hasten da: «Gure Aita zerukoa, agertu santu zeure izena» (Mateo 6:9). Baina Jainkoaren izena, ingelesez «Jehovah» edo batzuetan «Yahweh»  a itzuli izan dena, Itun Berriaren ingelesezko itzulpenetan oso gutxitan agertzen da. Hala ere, itzulpen hauetan jainko faltsuen izenak agertzen dira, adibidez Zeus, Hermes eta Artemisa. Beraz, ez lukete aipatu beharko benetako Jainkoaren eta Bibliaren autorearen izena? (Eginak 14:12; 19:35; 2 Timoteori 3:16).

Itun Berriak jainko faltsu askoren izenak dituenez, ez al luke benetako Jainkoaren izena ere egon beharko?

 Lancelot Shadwell eta Frederick Parker Biblia itzultzaile ingelesen ustez, Jainkoaren izena Itun Berrian berrezarri beharko litzateke. Zergatik erabiltzen dute «berrezarri» hitza? Hau ondorioztatu zutelako: Testu originalean Jainkoaren izena agertzen zela, baina geroago kendu zutela. Zergatik iritsi ziren ondorio horretara?

 Shadwell eta Parkerrek bazekiten, gehienbat hebreeraz idatzi ziren Itun Zaharreko eskuizkribuetan, Jainkoaren izena milaka aldiz agertzen zela. Horregatik, beraiek eskuragarri zituzten Itun Berriko eskuizkribuetan Jainkoaren izena b zergatik ez zen agertzen galdetzen ziren. Gainera, Shadwell beste gauza batetaz konturatu zen: Itun Berriko eskuizkribuetan Itun Zaharreko esamoldeak erabiltzen zirenean, esaterako «Jehobaren aingerua», Itun Berriko kopistek Jainkoaren izena beste hitz batekin ordezkatu zutela, Ky’ri os. Honek «Jauna» esan nahi du (2 Erregeak 1:3, 15; Eginak 12:23NWT).

Jainkoaren izena hebreeraz

 Shadwell eta Parkerrek beraien ingelesezko itzulpenak argitaratu baino lehenago ere, beste itzultzaile batzuk Jainkoaren izena berrezarri zuten beraien ingelesezko Itun Berriaren itzulpenetan, baina toki gutxi batzuetan bakarrik. c Parkerrek A Literal Translation of the New Testament (Itun Berriaren itzulpen literal bat) argitaratu zuen 1863⁠an. Honen aurretik, ez zen egon beste itzultzaile ingelesik Itun Berria argitaratu zuenik, toki gehienetan Jainkoaren izena berrezarrita zuelarik. Nortzuk izan ziren Lancelot Shadwell eta Frederick Parker?

Lancelot Shadwell

 Lancelot Shadwell (1808-1861) abokatua zen eta Sir Lancelot Shadwellen, Ingalaterrako kantzelari ordearen, semea. Ingalaterrako Elizako kidea zen. Trinitatean sinesten zuen arren, Jainkoaren izena errespetatzen zuen, honela deskribatuz: «aintzazko JEHOBAREN izena». Bere itzulpenean, The Gospels of Matthew, and of Mark (Mateo eta Markosen ebanjelioak), Jehobaren izena ingelesez 28 aldiz erabili zuen testu nagusian, eta 465 aldiz oharretan.

 Shadwellek Jainkoaren izena ikasi ahal izan zuen hebrear originalean idatzitako Itun Zaharrean ikusi zuelako. Eta esan zuen Itun Zaharra grekerara itzultzean Jainkoaren izena Kyʹri·os terminoarekin ordezkatu zutenak «ez zirela itzultzaile onestoak».

L. Shadwellen The Gospel according to Matthew (Ebanjelioa Mateoren arabera) ingelesezko itzulpena oharrekin (1859), Bodleiar Liburutegiak emana. CC BY-NC-SA 2.0 UK lizentziapean. Modifikatua: azpimarratutako testua.

Shadwellen itzulpena Mateo 1:20 erakutsiz

 Bere itzulpenean, Shadwellek Jehoba lehenengo aldiz Mateo 1:20⁠an erabili zuen. Bere oharrak bertset honetan honakoa dio: «Bertset honetan eta Itun Berriko beste askotan agertzen den Kyʹri·os hitzak JEHOBA esan nahi du, Jainkoaren izen egokia. Eta oso garrantzitsua da hitz hau ingeleseko itzulpenean berrezartzea». Gainera, esan zuen: «Jainkoa ohoratzeko hau egitea beharrezkoa da. Bera, Jehoba izenarekin eman da ezagutzera, eta berari buruz hitz egiterakoan izen hau erabiltzea baino hoberik ez dago». Eta gehitu zuen: «Gure King James Version Biblia itzulpenean, JEHOBAren izena oso gutxitan agertzen da. […] Jainkoaren izenaren ordez, “The Lord” (Jauna) agertzen da». Shadwellek dio: «“The Lord” (Jauna) ez da Jainkoaren izena ordezkatzeko egokia», eta bere etxean berari ere “The Lord” (Jauna) deitzen diotela azaltzen du.

«Bera [Jainkoa], Jehoba izenarekin eman da ezagutzera, eta berari buruz hitz egiterakoan izen hau erabiltzea baino hoberik ez dago» (Lancelot Shadwell).

 Shadwellek bere Mateoren itzulpena 1859⁠an argitaratu zuen, eta Mateo eta Markosena 1861⁠ean. Baina ezin izan zuen bere lanarekin jarraitu 1861⁠eko urtarrilaren 11⁠n, 52 urte zituelarik, hil zelako. Hala ere, bere lana ez zen alferrikakoa izan.

Frederick Parker

 Frederick Parker (1804-1888) izeneko Londreseko enpresari aberats batek, Shadwellen Mateoren itzulpenaren berri izan zuen. Parkerrek 20 urte inguru zituenean, Itun Berriaren itzulpena hasi zuen. Shadwellek ez bezala, Parkerrek ez zuen trinitatean sinesten. Ondorengoa idatzi zuen: «Egia bihotzez onartu dezala […] eta Jehoba Ahalguztiduna adoratu dezala […] [Jainkoaren] Seme maitearen eliz osoak». Gainera, Parkerrek honakoa ikusi zuen: Itun Berriko eskuizkribuetan Jainko Jaunari eta Jesus Jaunari ere deitzeko Kyʹri·os erabiltzen denean, oso zaila dela nori buruz ari den bereiztea. Beraz, jakinmina piztu zitzaion Shadwellek toki batzuetan Kyʹri·os Jehoba bezala itzuli zuela ikustean.

 Nola ulertu ahal izan zituen gauza hauek Parkerrek? Berak grekera ikasi zuen eta grekerazko gramatikari buruzko liburu eta liburuxka asko idatzi zituen. Gainera, Anglo-Biblical Institute erakundearen kide izatera iritsi zen. Erakunde honek Bibliako eskuizkribuen ikerketa bultzatzen zuen, ingelesez Biblia hobeak sortzeko. 1842⁠an Parkerrek bere lehenengo Itun Berriaren itzulpena argitaratzen hasi zen hainbat atal eta ediziotan. d

Parkerren (Heinfetter) Itun Berriaren itzulpen bat

Parkerren ahaleginak Jainkoaren izena berrezartzeko

 Urtetan zehar, Parkerrek honelako galderak egin zituen: «Kyʹri·os hitzak noiz identifikatzen du Jesus Jauna, eta noiz Jainko Jauna? Zergatik erabiltzen da Kyʹri·os izen bat bezala eta ez titulu bat bezala?».

 Parkerrek Shadwellen 1859⁠ko Mateoren itzulpena eta Kyʹri·os-en inguruko oharrak ikusi zituenean, konbentzitu egin zen testuinguru batzuetan Kyʹri·os «Jehoba itzuli beharko litzatekeela». Beraz, bere Itun Berriaren itzulpen osoa berrikusi zuen, testuinguru edo testu grekoaren gramatikak eskatzen zuen toki guztietan Jehoba berrezartzeko. Ondorioz, Parkerren 1863⁠ko A Literal Translation of the New Testament (Itun Berriaren itzulpen literal bat) edizioak testu nagusian Jainkoaren izena 187 aldiz erabiltzen du. Dirudienez, hau da Jainkoaren izena erabiltzen duen lehenengo Idazki Grekoen argitaratutako bertsioa ingelesez. e

Parkerren 1864ko Itun Berriaren itzulpenaren izenburu orria

 1864⁠an Parkerrek honakoa ere argitaratu zuen: A Collation of an English Version of the New Testament […] With the Authorized English Version (Itun Berriaren ingelesezko edizio baten […] eta King James Version-en arteko konparaketa bat). Bere Itun Berriaren itzulpena eta King James Version-en Itun Berria liburuki batean konbinaturik argitaratu zituen, bien arteko desberdintasunak erakusteko. f

 Jainkoaren izena berrezartzea zein garrantzitsua den erakusteko Parkerrek King James Version-eko hainbat bertset aipatu zituen. Hauetako bat Erromatarrei 10:13 izan zen. Aipu honek dio: «Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da». Parkerrek galdetu zuen: «Norbaitek pentsatu al du inoiz King James Version-eko bertset hauetan Jehoba dela, eta ez bere Semea Jesukristo gure Jauna, […] aipatzen dena?».

Erromatarrei 10:13 King James Version-en (goian) eta Parkerren 1864⁠ko itzulpena

 Parkerrek milaka libera gastatu zituen bere liburuxkak eta beste idatzi batzuk argitaratu eta zabaltzeko. Hau bere garaian diru kopuru oso handia zen. Izan ere, urte bakar batean 800 libera gastatu zituen, gaur egungo 132.000 Estatu Batuetako dolarren parekoa. Gainera, bere argitalpenen doako kopiak bidali zizkien ezagunei eta goi mailako kleroaren kideei, beraiek berrikusteko.

 Aditu batzuek, Parkerren idatziak eta bere Itun Berriaren itzulpenak, oso gutxi inprimatu zirenak, gutxietsi zituzten. Hau egitean, ez zituzten estimatu Parker, Shadwell eta beste batzuek ingelesezko Itun Berrian Jainkoaren izena berrezartzeko egin zituzten ahalegin zintzoak.

 Seguruenik 10 minututako hurrengo bideoa ikustea gustatuko zaizu: Visitas a las exposiciones de Warwick: “La Biblia y el nombre divino edo Expositions au musée de Warwick : « La Bible et le nom divin ».

a «Jehovah» izena, «Jehoba» edo «Yaube» itzultzen da euskeraz.

b «Jah», «Jehovah» (Jehoba) izenaren laburdura da eta Apokalipsia 19:1, 3, 4, 6 bertsetetan agertzen den «Hallelujah» (Aleluia) espresioaren parte da. Honek, «gora Jah» esan nahi du.

c Shadwellek ez zuen Itun Berri osoa itzuli. Beste itzultzaileak hauek izan ziren: Philip Doddridge, Edward Harwood, William Newcome, Edgar Taylor, and Gilbert Wakefield.

d Enpresari bezala egiten zituen jarduerak Bibliako ikerketatik banaturik mantentzeko, Parkerrek beste izen bat erabili zuen bere Biblia itzulpen eta idatzietan: Herman Heinfetter. Izen hau hainbat alditan agertzen da The New World Translation of the Holy Scriptures ingelesezko Biblia itzulpenaren eranskinetan.

e 1864⁠an Parkerrek An English Version of the New Testament (Itun Berriaren ingelesezko bertsio bat) argitaratu zuen. Honek 186 aldiz erabiltzen du Jainkoaren izena.

f Parkerren itzulpenen aurretik, Itun Berriaren hebreerazko itzulpen askok Jainkoaren izena erabiltzen zuten hainbat bertsetetan. 1795⁠ean Johann Jakob Stolz-ek ere, alemanierazko itzulpen bat argitaratu zuen. Bertan, Mateotik Judasera Jainkoaren izena 90 aldiz baino gehiagotan agertzen da.