Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. KAPITULUA

Jainkoari atsegin zaion bizimodua

Jainkoari atsegin zaion bizimodua
  • Nola izan zaitezke Jainkoaren adiskide?

  • Zein zerikusi duzu Satanasen erronkarekin?

  • Zeintzuk dira Jehobak atsegin ez dituen jokabideak?

  • Nola izan dezakegu Jainkoak atsegin duen bizimodua?

1, 2. Nortzuk dira Jainkoak bere adiskide minak izateko aukeratu dituen gizaki batzuk?

ZEIN eratako pertsona aukeratuko zenuke zure adiskide izateko? Ziurrenik zure ikuspuntu, interes eta balore berdinak dituen norbait. Bertute bikainak dituen pertsonak erakarriko zaitu, ziur aski, bihotz onekoa eta zintzoa denak.

2 Historian zehar, Jainkoak gizaki batzuk bere lagun min izateko aukeratu izan ditu. Adibidez, Abrahami bere adiskide deitu zion (Irakurri Isaias 41:8; Santiago 2:23). Jehobak honakoa ere esan zuen Dabidi buruz: «Aurkitu dut neure gogoko gizon[a]; nik nahi guztia egingo du honek» (Eginak 13:22). Eta Danieli buruz, «bereziki maite» zuela esan zuen (Daniel 9:23).

3. Zergatik aukeratu ditu Jehobak gizaki batzuk bere lagun izateko?

3 Zergatik zituen adiskide Jehobak Abraham, Dabid eta Daniel? Abrahami, «nire esana bete duzu» esan zion (Hasiera 22:18). Jehoba, berak esandakoa apaltasunez egiten dutenei hurbiltzen zaie. Hau ere esan zien israeldarrei: «Aditu nire mintzoa, eta ni izango nauzue zeuen Jainko eta zuek izango zaituztet neure herri» (Jeremias 7:23). Jehobaren esana betetzen baduzu, zu ere bere adiskidea izan zaitezke!

JEHOBAK BERE ADISKIDEEI ADORE EMATEN DIE

4, 5. Nola ematen die adore Jehobak bere adiskideei?

4 Zer eragin izan dezake zuregan Jainkoaren adiskide izateak? Jehoba «zintzo direnak adoretzeko» aukera bila dabilela dio Bibliak (2 Kronikak 16:9). Nola eman diezazuke adore Jehobak? Modu bat 32. Salmoa 8⁠an azaltzen da: «Irakatsi egingo dizut eta jarraibidea erakutsiko; aholku emango dizut eta zure ardura izango».

5 Hau bai Jehobaren arduraren adierazpen hunkigarria! Behar duzun gida emango dizu eta hau jarraitzen baduzu, babestu ere egingo zaitu. Jehobak zu lagundu nahi zaitu arazo eta estualdiak gainditu ditzazun (Irakurri 55. Salmoa 23 [55:22, NW]). Beraz, Jehoba bihotz-bihotzez zerbitzatzen baduzu, ziurtasunez salmogilearen hitzekin ados egongo zara: «Begi aurrean dut Jauna etengabe; bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin» (16. Salmoa 8; 63. Salmoa 9 [63:8NW]). Berari atsegingarri zaion eran bizitzen lagunduko dizu Jehobak. Baina, dakizun bezala, badabil Jainkoaren etsai bat zuk hori egitea oztopatu nahian.

SATANASEN ERRONKA

6. Zer eman zuen aditzera Satanasek gizakiei buruz?

6 Satanas Deabruak Jainkoaren subiranotasunari erronka egin ziola ikusi dugu 11. kapituluan. Jehoba gezurtitzat salatu zuen eta Adam eta Ebari beraien kabuz zer zen ona eta zer txarra erabakitzen uzten ez ziela aditzera eman zuen. Adam eta Ebak bekatu egin ondoren, lurra beraien ondorengoekin betetzen hasi zen. Orduan, Satanasek gizakiak Jainkoari zerbitzatzeko dituen arrazoiak zalantzan jarri zituen. Hau aditzera eman zuen: «Gizakiek ez dute Jainkoa zerbitzatzen maite dutelako. Emadazu aukera eta edozein gizaki Jainkoaren aurka ipintzea lortuko dut». Jobi buruzko pasarteak Satanasek hori uste zuela erakusten du. Baina, nor zen Job? Zein zerikusi izan zuen Satanasen erronkan?

7, 8. a) Zergatik nabarmendu zen Job bere garaiko gizakien artean? b) Nola ipini zituen zalantzan Satanasek Jehoba zerbitzatzeko Jobek zituen arrazoiak?

7 Job orain dela 3.600 bat urte bizi izan zen. Gizon zintzoa zen eta, horregatik, hau esan zuen Jehobak berari buruz: «Ez dik parekorik munduan: gizon zintzo eta zuzena duk, Jainkoa errespetatu eta gaiztakeriatik urruti dabilena» (Job 1:8). Jainkoak Job atsegin zuen.

8 Satanasek, Jobek Jehoba zerbitzatzeko zituen arrazoiak zalantzan ipini zituen. Honakoa esan zion Deabruak Jehobari: «Ez al duzu, bada, zeuk ongi babesten bera, beraren etxea eta daukan guztia? Egiten duen guztia bedeinkatzen diozu, eta aziendak ugaritzen ari zaizkio herrialde osoan. Baina luzatu eskua eta uki iezaiozu daukan guztia; baietz madarikatu aurpegira!» (Job 1:10, 11).

9. Nola erantzun zion Jehobak Satanasen erronkari eta zergatik?

9 Jobek onurak lortzen zituelako bakarrik zerbitzatzen zuela Jehoba esan zuen Satanasek. Job tentatuz gero, Jainkoaren aurka jarriko zela ere esan zuen Deabruak. Nola erantzun zion Jehobak Satanasen erronkari? Joben arrazoiak izan ziren zalantzan jarriak, beraz, Satanasek Job tentatzen utzi zuen Jehobak. Era honetara, Jainkoa maite zuen ala ez, argi eta garbi azalduko zuen Jobek.

JOB TENTATUA IZAN ZEN

10. Zein arazori egin behar izan zion aurre Jobek eta nola erantzun zuen hauen aurrean?

10 Satanasek era ezberdinetan tentatu zuen Job. Bere animalia batzuk lapurtuak izan ziren eta beste batzuk hilak. Bere zerbitzari gehienak erailak izan ziren. Guzti honek arazo ekonomiko larriak sortu zizkion. Eta, hau nahikoa ez eta, zoritxarrak berriz ere Jobi heldu zion bere hamar seme-alabak ekaitz batean hil zirenean. Nahiz eta gertakari izugarri hauek gertatu zitzaizkion, «Jobek ez zuen bekaturik egin eta ez zion Jainkoari bidegabekeriarik egotzi» (Job 1:22).

11. a) Zein bigarren salaketa egin zuen Satanasek Jobi buruz eta nola erantzun zuen Jehobak? b) Nola erantzun zuen Jobek gaitz mingarriaren aurrean?

11 Satanasek ez zuen amore eman. Jobek jabetzak, zerbitzariak eta seme-alabak galtzea jasango zuela, baina gaixotzen bazen Jainkoaren aurka jarriko zela pentsatu zuen ziurrenik. Beraz, Job gaitz mingarri eta desatsegin batekin gaixotzen utzi zion Jehobak Satanasi. Baina, halere, Jobek Jehobarengan zuen fedea ez zuen galdu. Guztiz kontrakoa, «Jobek ez zuen bere ahoaz bekatu egin» (Job 2:10).

Job leiala izan zelako saritu zuen Jainkoak

12. Nola erantzun zion Jobek Satanasen erronkari?

12 Jobek ez zekien Satanas zela arazoak eragiten zizkiona. Izan ere, ez zuen Jehobaren subiranotasunari egindako erronkari buruzko xehetasunik. Hau dela eta, Jainkoa bere arazoen eragilea izango zenaren beldur zen Job (Job 6:4; 16:11-14). Hala ere, Jehobari prestu zerbitzatzen jarraitu zuen. Eta Satanasek egin zuen salaketa, hau da, Jobek arrazoi berekoiengatik zerbitzatzen zuela Jainkoa, faltsua zela argi gelditu zen, Job leial izan baitzitzaion Jehobari.

13. Zer lortu zen Joben leialtasunari esker?

13 Jehobak, Joben leialtasunari esker, Satanasen erronka iraingarriari erantzun kementsua eman zion. Job bene-benetan zen Jehobaren adiskidea eta Jainkoak saritu egin zuen leial izan zitzaiolako (Job 42:12-17).

ZEIN ZERIKUSI DUZU SATANASEN ERRONKAREKIN?

14, 15. Zergatik du Satanasen erronkak gizaki guztiekin zerikusia eta ez Jobekin bakarrik?

14 Jainkoa prestu zerbitzatzeari buruzko Satanasen erronkak ez zuen Jobekin zerikusirik izan bakarrik. Zuk zeuk ere baduzu zerikusirik. Bibliak hau argi eta garbi azaltzen du Esaera Zaharrak 27:11⁠n: «Izan zuhur, seme: emadazu poz hori, eta izango dut zer erantzun gutxiesten nauenari». Job hil eta ehunka urte geroago idatzi ziren hitz hauek. Beraz, orduan ere Satanas Jainkoari desafioka eta bere zerbitzariak salatzen zebilela azaltzen dute. Jehobari atsegin dion moduan biziz, guk ere Satanasen salaketari erantzuna ematen laguntzen dugu. Era honetara, Jainkoaren bihotza pozten dugu. Nola sentiarazten zaitu honek? Ez al da zirraragarria Satanasen gezurrei erantzuna ematen parte hartzea, nahiz eta zure bizian aldaketak egitea eskatu?

15 Hara Satanasek zer esan zuen: «Daukan guztia ematen du gizakiak [...] bere bizia salbatzearren» (Job 2:4). «Gizakia» esatean, Satanasek argi utzi zuen bere salaketak ez zuela Jobekin bakarrik zerikusirik, gizaki guztiekin baizik. Hau xehetasun garrantzitsua da. Satanasek zuk Jainkoa prestu zerbitzatuko duzula zalantzan jarri du. Deabruak, arazoak sortzen zaizkizunean, Jainkoaren esana ez betetzea eta jarraibide zuzena uztea nahi du. Nola saiatzen da Satanas hau lortzen?

16. a) Zein bide erabiltzen ditu Satanasek jendea Jainkoarengandik urruntzeko? b) Nola erabili ditzake bide hauek Satanasek zure aurka egiteko?

16 Satanasek bide desberdinak erabiltzen ditu pertsonak Jainkoarengandik urruntzeko, 10. kapituluan aztertu genuen bezala. Alde batetik, «goseak dagoen lehoia bezala, nor irentsiko» adi dago (1 Pedro 5:8). Beraz, Satanasen eragina lagun, ahaide edo beste batzuengan ere nabaritu dezakezu. Izan ere, Biblia aztertu eta berak esaten duenaren arabera jokatzeko egiten dituzun ahaleginen aurka jar daitezke * (Joan 15:19, 20). Bestalde, «Satanasek berak argizko aingeru-itxurak hartzen» ditu (2 Korintoarrei 11:14). Beraz, Deabruak, antzemateko zailak diren bideak erabil ditzake zu engainatzeko eta Jainkoari atsegin zaion bizimodutik aldentzeko. Bide hauetako bat etsimena izan daiteke. Agian Jainkoaren atseginekoa inoiz ere ez zarela izango sentiarazi diezazuke (Esaera Zaharrak 24:10). Nahiz eta Satanasek «lehoi» edo «argizko aingeru» bezala jardun, erronka bera egiten dizu: beraren arabera, arazo eta tentaldien aurrean, Jehoba zerbitzatzeari utziko diozu. Nola erantzungo diozu erronka honi? Erakutsiko al duzu Jainkoari prestu zerbitzatuko diozula Jobek egin zuen bezala?

JEHOBAREN AGINDUAK BETE ITZAZU

17. Zein da Jehobaren aginduak betetzeko arrazoi nagusia?

17 Jehobari atsegingarri zaion bizimodua izanez, Satanasen erronkari erantzungo diozu. Zer esan nahi du honek? Bibliak honela erantzuten du: «Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz» (Deuteronomioa 6:5). Jainkoak zuregandik espero duena betetzeko desira handiagoa izango duzu, berari diozun maitasuna sakontzen den heinean. Joan apostoluak honakoa idatzi zuen: «Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da». Jehoba bihotz-bihotzez maitatzen baduzu «haren aginduak ez dira astunak» izango zuretzat (1 Joan 5:3).

18, 19. a) Zeintzuk dira Jehobaren aginduetariko batzuk? (Ikus ezazu « Baztertu ezazu Jehobak gorroto duena» taula). b) Nola dakigu Jainkoak ez digula egin dezakeguna baino gehiago inoiz eskatzen?

18 Zeintzuk dira Jehobaren aginduak? Batzuek, baztertu behar dugun jokabidearekin dute zerikusia. Begira ezazu, adibidez, « Baztertu ezazu Jehobak gorroto duena» taula. Bibliak argi gaitzesten dituen jokabideak aurkituko dituzu bertan. Hasiera batean, jokabide batzuek hain txarrak direnik ere ez dirudite. Baina biblia-pasarteetan hausnartu ondoren, Jehobaren legeek azaltzen duten zuhurtasuna antzemango duzu. Zure jokabidean aldaketak egitea zuk inoiz aurre egin izan duzun erronkarik handiena izan daiteke. Jainkoa pozez eta zorionez beteko da berari atsegin zaion bizimodua izaten baduzu (Isaias 48:17, 18). Eta zuk hau egitea lortu dezakezu. Nola dakigu hau?

19 Jehobak ez digu inoiz egin dezakeguna baino gehiago eskatzen (Irakurri Deuteronomioa 30:11-14). Guk baino hobeki daki berak zeintzuk diren gure gaitasunak eta mugak (103. Salmoa 14). Gainera, bere esana egiteko indartu gaitzake. Paulok hauxe idatzi zuen: «Leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko» (1 Korintoarrei 10:13). Izan ere, tentaldia jasateko Jehobak ezohiko indarra eman diezaguke, «garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik» (2 Korintoarrei 4:7).

JAINKOAK DITUEN BERTUTEAK GARATU ITZAZU

20. Jehobak maite dituen zein bertute garatu behar zenituzke? Zergatik dira garrantzitsuak?

20 Noski, Jehobari atsegingarri izateak Jehobak gorroto dituen jokabideak baztertzea baino gehiago esan nahi du. Berak maite duena ere maite behar duzu (Erromatarrei 12:9). Ez al zara gustura sentitzen zure ikuspuntu, interes eta balore berdinak dituztenekin? Baita Jehoba ere. Beraz, ikas ezazu Jehobak maite dituen jokabideak maitatzen. Hauetariko jokabide batzuk 15. Salmoan azaltzen dira, Jainkoak adiskide dituenei buruz hitz egiten denean (Irakurri 15. Salmoa 1-5). Izan ere, Jainkoaren adiskideek «espirituaren fruitua» erakusten dute eta fruitu honek honako bertuteak dituela dio Bibliak: «Maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea» (Galaziarrei 5:22, 23).

21. Zerk lagunduko dizu Jainkoak maite dituen bertuteak garatzen?

21 Biblia irakurri eta aztertzeko ohitura izateak, Jainkoak maite dituen bertuteak garatzen lagunduko dizu. Eta Jainkoak zuk egitea espero duena ulertzeak, zure pentsamenduak Jainkoarenekin bateratzen lagunduko dizu (Isaias 30:20, 21). Jehobari diozun maitasuna sendotzen duzun heinean, Jainkoak atsegin duen bizimodua izateko desira ere handiagoa izango duzu.

22. Zer lortuko duzu Jainkoak atsegin duen bizimodua izaten baduzu?

22 Jainkoak atsegin duen bizimodua izateak ahalegin handia eskatzen du. Zure bizimoduan aldaketak egiten dituzunean, izaera zaharra erantzi eta berria janzten duzula dio Bibliak (Kolosarrei 3:9, 10). Hala ere, Jehobaren aginduei buruz, honakoa esan zuen salmogileak: «Benetan onuragarri [da] haiek betetzea» (19. Salmoa 12 [19:11NW]). Zuk ere Jainkoak atsegin duen bizimodua izatea benetan onuragarria dela ikusiko duzu. Horrela bizitzean, Satanasen erronkari erantzuna eman eta Jehobaren bihotza poztuko duzu!

^ § 16 Honek ez du esan nahi zure aurka egiten dutenak Satanas beraren kontrolpean daudenik. Baina Satanas sistema honen jainkoa da eta mundu osoa bere eraginpean dago (2 Korintoarrei 4:4; 1 Joan 5:19). Beraz, Jehobari atsegin zaion bizimodua izatea ez da gehiengoarentzat gogokoa. Hortaz, batzuk zure aurka jarriko dira.