Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Masoretek kontu handiz kopiatu zuten Biblia.

AZALEKO GAIA | BIBLIAREN BIZIRAUPEN HISTORIA

Bibliaren biziraupena: bere mezua aldatzeko saiakeren aurrean

Bibliaren biziraupena: bere mezua aldatzeko saiakeren aurrean

ERASOA: Materialen hondatzeak eta aurkarien erasoek, ezin izan dute Biblia suntsitu. Baina Biblia kopiatu eta itzuli zuten batzuek Bibliaren mezua aldatzen saiatu ziren. Batzuetan Biblia euren sinesmenetara moldatzen saiatu ziren, euren sinesmenak Bibliara moldatu ordez. Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • Adoratzeko lekua: K.a. IV. eta II. mendeen artean Samariar Pentateukoaren idazleek hurrengo hitzak gehitu zituzten Irteera 20:17⁠an: «Gerizim Mendian. Eta bertan aldare bat eraikiko duzu». Samariarrek esaldi hau erantsi zuten, Biblia Gerizim Mendiko euren tenpluaren alde zegoela adierazteko.

  • Trinitatearen doktrina: Biblia idazten bukatu zenetik 300 urte baino gutxiagotara, trinitatearen alde zegoen idazle batek hurrengo hitzak gehitu zituen 1 Joan 5:7⁠an: «zeruan, Aita, Hitza eta Espiritu Santua: eta hiru hauek bat dira». Hitz hauek ez ziren testu originalean agertzen. Hitz hauei buruz, Biblian aditua den Bruce Metzger-ek hauxe dio: «VI. mendetik aurrera, gero eta gehiago aurkitzen dira [hitz hauek] Vetus Latina eta [latindar] Vulgataren eskuizkribuetan».

  • Jainkoaren izena: Judutar superstizio batean oinarrituz, Bibliaren itzultzaile askok Jainkoaren izena kentzea erabaki zuten. «Jainkoa» edo «Jauna» tituluekin ordezkatu zuten. Titulu hauek Biblian ez dira bakarrik Sortzailearentzat erabiltzen, baizik eta gizonentzat, adorazio faltsuaren gauzentzat eta Deabruarentzat ere (Joan 10:34, 35; 1 Korintoarrei 8:5, 6; 2 Korintoarrei 4:4). *

NOLA LORTU ZUEN BIBLIAK BIZIRAUTEA? Lehenik eta behin, Biblia kopiatu zuten batzuk arduragabeak izan arren, edo zintzo jokatu ez arren, beste asko oso trebeak eta zorrotzak izan ziren euren lanean. Kristo ondorengo VI. eta X. mendeen artean masoretek Hebrear Idazkiak kopiatu zituzten eta testu masoretikoa egin zuten. Hitzak eta hizkiak zenbatzen zituzten, akatsik ez zegoela ziurtatzeko. Kopiatzen ari ziren testuan akats bat zegoela uste bazuten kopiaren marjinan ohar bat idazten zuten. Masoretak testua aldatzearen aurka zeuden. Moshe Goshen-Gottstein-ek, hebrear biblia-eskuizkribuetan adituak, dio: «Beraientzat testuan aldaketak apropos egitea krimenik handiena zen».

Bigarrenik, gaur egun eskuragarri dauden eskuizkribu kopuru handiak biblia-adituei akatsak identifikatzen laguntzen die. Adibidez, mendeetan zehar, buruzagi erlijiosoek euren latindar biblia-itzulpenek Bibliaren egiazko testua zutela irakatsi zuten. Horregatik, 1 Joan 5:7⁠an aurretik aipatu ditugun hitzak gehitu zituzten. Akats hau Reina-Valera gaztelaniazko biblia-itzulpen ospetsuan agertzera ere iritsi zen! Baina beste eskuizkribu batzuk aurkitu zirenean, zertaz ohartu ziren? Bruce Metzger biblia-adituak idatzi zuen: «[1 Joan 5:7⁠an] erantsitako hitzak ez dira agertzen eskuizkribu zaharretan (siriar, koptoera, armeniera, etiopiar, arabiera, eslaviera hizkuntzetan), latinez soilik agertzen dira». Ondorioz, Reina-Valera eta beste itzulpenen berrikuspenetan hitz horiek kendu dituzte.

Chester Beatty P46 papiroa, K.o. 200. urte inguruko Bibliako eskuizkribua.

Frogatzen al dute eskuizkribu zaharrenek Bibliaren mezua kontserbatu dela? 1947⁠an Itsaso Hileko Eskuizkribuak aurkitu ziren. Hauei esker, biblia-adituek hebrear testu masoretikoa mila urte zaharragoak ziren biblia-eskuizkribuekin alderatzeko aukera izan zuten. Itsaso Hileko Eskuizkribuen argitaratze-taldearen kide batek, honakoa esan zuen eskuizkribu bati buruz: «Froga ukaezina da judutarrek mila urte baino gehiagoz kopiatu zuten biblia-testua zehaztasun eta ardura osoz transmititu dela».

Dublineko (Irlanda) Chester Beatty Liburutegiak Idazki Grekoen ia liburu guztien papiroak dituen bilduma bat du. Hauetako batzuk K.o. II. mendekoak dira, hau da, Biblia idazten amaitu zenetik ehun urte eskasetara egin zirenak. The Anchor Bible Dictionaryk dio: «Papiroek testuaren xehetasunei buruzko informazio berri asko ematen dute, baina historian zehar Bibliako testua zintzo transmititu dela ere frogatzen dute».

«Ziurtasun osoz esan daiteke ez dagoela antzinako beste libururik hain zehatz transmititu denik».

EMAITZA: Hainbeste eskuizkribu eta hain zaharrak izateak Bibliaren testua galtzera eraman ordez, balio gehiago eman dio. Sir Frederic Kenyon-ek Idazki Grekoei buruz hauxe idatzi zuen: «Ez dago antzinako beste libururik hainbeste kopia eta hain zaharrak dituenik. Eta edozein aditu inpartzialak gaur egun dugun Bibliako testua guztiz zehatza dela onartu beharko luke». Eta Hebrear Idazkiei buruz honakoa esan zuen William Henry Green adituak: «Ziurtasun osoz esan daiteke ez dagoela antzinako beste libururik hain zehatz transmititu denik».

^ Informazio gehiagorako, ikusi Zer da Bibliak benetan irakasten duena? liburuko eranskinaren 195-197 orrialdeak. Eskuragarri dago jw.org webgunean ere.