Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Ba al zenekien?

Ba al zenekien?

Nola erakusten dute Biblia zehatza dela antzina Babiloniako hondakinen artean aurkitutako adreiluek?

HIRIAK eraikitzeko erabiltzen ziren milioika adreilu egosi aurkitu dituzte arkeologoek antzina Babiloniako hondakinen artean. Robert Koldewey arkeologoaren arabera, mota honetako adreiluak labeetan ekoizten ziren. Labe hauek «hiri kanpoan egon ohi ziren, kalitate oneko buztina eta erregai ugari zeuden» tokietan.

Babiloniako agintariek labeak helburu maltzurrekin ere erabiltzen zituztela erakutsi dute antzinako erregistroek. Paul-Alain Beaulieu-k, Toronto Unibertsitateko asiriologia irakasleak, dio: «Babiloniar idazkien arabera, […] erregeak zigor hau ezartzen zien bera desobeditzen edo gauza sakratuak mespretxatzen zutenei: labera bota eta bertan kiskaltzea». Adibidez, Nabukodonosor erregearen garaiko idazki batek honakoa dio: «Suntsitu, erre, kiskali itzazue, […] labean […] gora egin dezala beraien keak, akabatu itzazue suan».

Honek Daniel 3. kapituluan deskribatzen dena gogorarazten digu. Bertan dioen moduan, Nabukodonosor erregeak urrezko irudi erraldoi bat egin zuen Dura-ko lautadan, Babilonia hiriaren kanpoaldean. Baina, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego izeneko hiru gazte hebrearrek irudiaren aurreran ez zirela makurtuko esan zuten. Ondorioz, Nabukodonosorrek, haserre gorritan, labe bat «bestetan halako zazpi berotzeko» eta hiru gazteak «labeko su bizira botatzeko» agindu zuen. Baina aingeru boteretsu batek heriotzatik libratu zituen (Dn 3:1-6, 19-28).

© The Trustees of the British Museum. Licensed under CC BY-NC-SA 4.0 CC BY-NC-SA 4.0. Source

Nabukodonosorren izena duen adreilu egosi bat

Babilonian aurkitutako adreiluek Biblia zehatza dela ere erakusten dute. Hauetako askotan, erregea ohoratzen duten esaldiak agertzen dira. Horietako batek honela dio: «Nabukodonosor Babiloniako erregea […]. Nik Errege Handiak eraiki dudan jauregia […]. Nire ondorengoek betirako agindu dezatela». Inskripzio hau Daniel 4:27 (4:24, NWT) aipuko hitzen antzekoa da. Bertan, Nabukodonosor erregeak honakoa esan zuen harrokeriaz: «Hona hemen Babilonia handia, erregeen bizileku izateko eraikia, nire boterearen eta aintza paregabearen ezaugarri!».