Saltatu edukira

Zergatik ez dute Jehobaren lekukoek gerretan parte hartzen?

Zergatik ez dute Jehobaren lekukoek gerretan parte hartzen?

 Hauek dira arrazoiak:

  1.   Jainkoaren agindua da. Bibliak Jainkoaren zerbitzariei buruz hau dio: «Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai» eta «ez dira gehiago gudurako prestatuko» (Isaias 2:4).

  2.   Jesusen agindua da. Jesusek Pedro apostoluari honakoa esan zion: «Itzuli ezpata hori bere tokira, zeren ezpataz ari dena ezpataz hilko baita» (Mateo 26:52). Jesusek, honela, bere jarraitzaileek gerrarako armarik ez zutela erabiliko erakutsi zuen.

     Jesusek bere jarraitzaileei buruz «ez dira mundukoak» esan zuen. Horregatik, haren esana betez, ez zuten politikan parte hartzen (Joan 17:16). Jesusen jarraitzaileak ez dira militarren ekintzen aurka altxatzen, ezta indar armatuetan parte hartu nahi dutenei hori egitea eragozten ere.

  3.   Besteenganako maitasunarengatik. Jesusek agindu hau eman zien bere ikasleei: «Maitatu zuek ere elkar» (Joan 13:34, 35). Beraz, Jesusen jarraitzaileek beraien artean gerrarik egingo ez duten mundu-mailako anaiartea osatzen dute (1 Joan 3:10-12).

  4.   Lehen kristauen eredua jarraitzen dute. Erlijio eta gerrari buruzko entziklopedia batek honakoa dio: «Jesusen lehendabiziko jarraitzaileek gerra eta zerbitzu militarra egiteari uko egin zioten», ekintza horiek «Jesusek irakatsitako maitasunaren etika eta etsaiak maitatzeko aginduarekin bat ez zetozelako» (Encyclopedia of Religion and War). Era berean, Edward Gibbon historialari britainiarrak honakoa esan zuen Jesusen lehen ikasleei buruz: «Ezinezkoa zen kristauak, eginbehar sakratuago bati uko egin gabe, soldadu izatea».

Komunitateari laguntzen diogu

 Jehobaren lekukook herritar eredugarriak izaten saiatzen gara eta ez dugu arriskurik sortzen bizi garen herrialdeetan. Gobernuak errespetatzen ditugu Bibliako agindu hauek jarraituz:

  •   «Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko» (Erromatarrei 13:1).

  •   «Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari» (Mateo 22:21).

 Beraz, legea bete, zergak ordaindu eta gobernuek guztion ongizaterako egiten dituzten ahaleginen alde egiten dugu.