Saltatu edukira

Zehatza al da Jehobaren lekukoek erabiltzen duten biblia-itzulpena?

Zehatza al da Jehobaren lekukoek erabiltzen duten biblia-itzulpena?

 Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau a biblia-itzulpenaren lehenengo zatia 1950. urtean argitaratu zen. Garai honetatik aurrera, pertsona batzuek zalantzan ipini dute biblia-itzulpen honen zehaztasuna, beste biblia-itzulpen batzuen aldean ezberdina baita pasarte batzuetan. Ikus dezagun zer ezaugarrik egiten duen ezberdin.

  •   Fidagarria da. Biblia-itzulpen hau biblia-jakitunen ikerketa eguneratuetan dago oinarritua, baita antzinako eskuizkribu fidagarrienetan ere. Bestalde, 1611ko King James Version biblia-itzulpena, zehaztasun gutxiago duten eta hain zaharrak ez diren eskuizkribuetan oinarritu zen.

  •   Fidela da. Biblia-itzulpen hau Jainkoak inspiratu zuen jatorrizko mezua fidelki adierazten saiatu da (2 Timoteori 3:16). Biblia-itzulpen askok, aldiz, Jainkoaren mezuari fidelak izateari uko egiten diote giza ohiturak jarraitzearren. Esaterako, Jainkoaren izena, Jehoba, kendu dute honen ordez Jaun edo Jainko moduko tituluak ipiniz.

  •   Literaltasuna mantentzen du. Parafraseatu egiten duten biblia-itzulpenen kontrara, Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau biblia-itzulpenak hitzak literalki itzultzen ditu, ulergaitz edo jatorrizko idazkien ideiak ezkutatzen ez dituen bitartean. Bibliako jatorrizko testua parafraseatzen duten biblia-itzulpenek giza usteak ipini edo xehetasun garrantzitsuak aipatu gabe utz ditzakete.

Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau eta beste biblia-itzulpenen arteko ezberdintasunak

 Gehitu ez diren liburuak. Erromatar Eliza katolikoak eta Ekialdeko Eliza ortodoxoak erabiltzen dituzten biblia-itzulpenek, apokrifoak deitzen zaien liburuak barneratzen dituzte. Hala ere, liburu hauek ez dira juduen kanonean onartuak eta aipagarria da Bibliak «Jainkoak bere hitzak juduei eman zizkiela» esatea (Erromatarrei 3:1, 2). Beraz, Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau eta beste egungo biblia-itzulpenek, ongi egiten dute liburu apokrifoak ez barneratzean.

 Gehitu ez diren bertsetak. Biblia-itzulpen batzuek, eskuragarri dauden biblia-eskuizkribu zaharrenetan agertzen ez diren bertset eta esaldiak ipintzen dituzte. Bestalde, Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau biblia-itzulpenak ez ditu gehigarri hauek jartzen. Egungo itzulpen askok berdin jokatzen dute eta gehigarri hauek ez dituzte aipatzen edo hauek iturri fidagarrien babesik ez dutela aitortzen dute. b

 Ideiak adierazteko modu ezberdina. Batzuetan, hitzez-hitzezko itzulpena ez da argia eta gaizki uler daiteke. Esaterako, Jesusek Mateo 5:3an esana honela itzultzen da askotan: «Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege» (Elizen Arteko Biblia). Askok, «bihotzez behartsu» hitzez-hitzezko adierazpena iluna dela ikusten dute; beste batzuek, bien bitartean, Jesusek apaltasun eta pobreziaren balioa azpimarratzen duela uste dute. Hala ere, Jesusek honakoa azpimarratu nahi zuen: Jainkoaren gida behar dugula konturatzeak benetako zoriontasuna dakar. Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau biblia-itzulpenak zuzen adierazten ditu bere hitzak: «Zorionekoak dira euren behar espiritualaz jabetzen direnak» (Mateo 5:3).

Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau biblia-itzulpenari buruzko lekuko ez diren adituen iritzi onak

  •   1950eko abenduak 8an idatziriko eskutitz batean, honakoa esan zuen Edgar J. Goodspeed itzultzaile eta aditu ospetsuak Traducción del Nuevo Mundo de las Escrituras Griegas Cristianas edo Écritures grecques chrétiennes. Traduction du monde nouveauri buruz: «Zuen jendearen misiolari-lanean eta honen mundu mailako zabalkuntzan interesaturik nago eta benetan atsegin dut zuen itzulpen aske, zintzo eta indartsua. Funtsezko ezagutza sendo ugaria du eta horren lekuko naiz ni».

    Edgar J. Goodspeed

  •   Chicagoko unibertsitateko Allen Wikgren irakasleak Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau egungo hizkuntza duen biblia-itzulpen eredutzat ipini zuen. Biblia-itzulpen hau beste batzuetatik eratorria ez dela eta askotan «pasarte independente aipagarriak dituela» esan zuen (The Interpreter’s Bible, I. libk., 99. or.).

  •   Traducción del Nuevo Mundo de las Escrituras Griegas Cristianas edo Écritures grecques chrétiennes. Traduction du monde nouveauri buruz hitz egitean, Alexander Thomson britainiar biblia-adituak honakoa idatzi zuen: «Itzulpena aditu trebe eta argien lana dela bistan dago. Hauek, testu grekoaren benetako esanahia ingeles hizkuntzan hobekien adierazi ahal den moduan azaldu dute» (The Differentiator, 1952ko apirila, 52 or.).

  •   Nahiz eta pasarte batzuen ez ohiko itzulpenak zeudela uste, Charles Francis Potter teologoak honakoa esan zuen: «Ez dago dudarik itzultzaile anonimo hauek trebetasunez eta buruargitasunez itzuli dituztela greko nahiz hebrear eskuizkriburik onenak» (The Faiths Men Live By, 300. or.).

  •   Nahiz eta biblia-itzulpen honek berezitasunak eta bertuteak dituela uste izan, Robert M. McCoyk honen berrikuspena amaitzean, honakoa esan zuen: «Itun Berriaren itzulpenak argi eta garbi azaltzen du mugimendu honetan [Jehobaren lekukoen artean] biblia-itzulpenean izan ohi diren arazoak abilezia handiz konpontzeko gai diren jakitunak daudela» (Andover Newton Quarterly, 1963ko urtarrila, 31. or.).

  •   Nahiz eta Samuel MacLean Gilmour irakaslea biblia-itzulpen honen pasarte batzuen itzulpenekin ados ez egon, itzultzaileek «grekoan ez ohiko ezagutza» zutela aitortu zuen (Andover Newton Quarterly, 1966ko iraila, 26. or.).

  •   Kingdom Interlinear Translation of the Greek Scriptures liburuaren barne dagoen Jehobaren lekukoek erabiltzen duten biblia-itzulpena berrikustean, honakoa idatzi zuen Thomas N. Winter irakasleak: «Batzorde anonimoaren itzulpena guztiz eguneratua, koherentea eta zehatza da» (The Classical Journal, 1974ko apirila-maiatza, 376 or.).

  •   Benjamin Kedar-Kopfstein, hebreeran jakituna den Israelgo irakasleak honakoa esan zuen 1989an: «Hebrear Biblia eta itzulpenen inguruan egindako nire hizkuntza-ikerketan, New World Translation deitutako biblia-itzulpenaren ingelesezko ediziora jotzen dut maiz. Hau egiten dudan bakoitzean, ziurtasun handiagoa dut lan honek testuaren ulermenik zehatzena izateko ahalegin zintzoa egiten duela».

  •   Jason David BeDuhn erlijio-ikasketen irakasleak honakoa esan zuen ingelesezko 9 biblia-itzulpen ezagunenen ikerketan oinarrituta: «NW [Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau] itzulpena, aztertuetako zehatzena izan da». Nahiz eta jendeak eta biblia-jakitun askok itzulpen honen ezberdintasunak itzultzaileen erlijio-joeraren ondorio direla uste, BeDuhnek hau esan zuen: «Ezberdintasunen gehiengoa NWren zehaztasun handiaren ondorio da, Itun Berriaren idazleen jatorrizko adierazpenen itzulpen literal eta kontserbatzailea izanik» (Truth in Translation, 163. eta 165. or.).

  •   Xabier Pikaza biblia-jakitun eta teologoak honakoa idatzi zuen Traducción del Nuevo Mundo biblia-itzulpenari buruz: «Jakitun askok, katoliko nahiz protestante, biblia-itzulpen honek hutsegite eta interpretazio alderdikoiak dituela salatu dute. Baina, orokorrean, Jainkoaren Hitzari buruzko ikuspegi fidagarria eskaintzen du, gizakia Mundu berrira, hau da, Erreinu Mesianikora zuzendu dezakeena» (Nuevo Comentario Bíblico San Jerónimo, 778. or.).

a 2013an ingelesezko New World Translation biblia-itzulpenaren berrikustea egin zen. Artikulu honetan egiten diren iruzkinek ez dute berrikuste hau oinarritzat hartzen, aurrekoa baizik. Gazteleraz eta frantsesez eginiko biblia-itzulpenek ingelesezkoa hartu dute oinarritzat. Halere, jatorrizko hizkuntzetako testuak ere kontuan hartu dira zehaztasuna bermatzeko.

b Ikus itzazu, esaterako, Nueva Versión Internacional biblia-itzulpen protestantea eta Biblia de Jerusalén edo Bible de Jérusalem biblia-itzulpen katolikoa. Gehitutako bertsetak honakoak dira: Mateo 17:21; 18:11; 23:14; Markos 7:16; 9:44, 46; 11:26; 15:28; Lukas 17:36; 23:17; Joan 5:4; Eginak 8:37; 15:34; 24:7; 28:29 eta Erromatarrei 16:24. Reina-Valera eta Bible de Crampon biblia-itzulpenek Trinitatea babesten duen pasartea gehitzen dute 1 Joan 5:7, 8an. Hau, ordea, Biblia idatzi eta mendeak geroago gehitua izan zen.