Saltatu edukira

Predikatzen jarraitzen dute pandemian zehar

Predikatzen jarraitzen dute pandemian zehar

 COVID-19 pandemian zehar, gure anai-arrebek Bibliaren mezua besteekin partekatzeko moduak aldatu dituzte. Leku publikoetan edo etxez etxe predikatu beharrean, telefonoa eta eskutitzak erabiltzen ari dira. a Jende askok ahalegin hauek baloratu ditu eta argi dago Jehobak bedeinkatu dituela (Esaera Zaharrak 16:3, 4). Ikus ditzagun uharte batetik jaso ditugun bizipen batzuk.

 Pandemia aurretik, Helen-ek emakume gazte bat bisitatzen zuen. Behin baino gehiagotan biblia-ikastaroa eskaini zion arren, emakumeak ez zuen inoiz onartu. Hala ere, pandemiak eragindako konfinamendua hasi baino egun bat lehenago, Helen-ek Biblia bat eta Zer irakasten digu Bibliak? liburua eman zizkion. Konfinamenduan zehar, Helen-ek biblia-ikastaro bat eskaini zion berriro, telefonoz izan beharko zela azalduz. Oraingoan, emakumeak baiezkoa eman zion. Biblia-ikastaroa asko gustatzen zitzaionez, denbora gutxian egunero ikasteko eskatu zion! Gainera, sarritan bilerak telefonoz entzuten zituen. Bibliaren irakaspenak bere bizitzan praktikan jartzeaz gain, ikasten ari dena besteekin partekatzen hasi da.

 Kongregazio bateko Lekuko batzuek auzoko poliziei gutunak idaztea pentsatu zuten, egiten duten lan ona eskertzeko. Poliziak harrituta geratu ziren gutunak jasotzerakoan. Polizia batek Jefferson izeneko kongregazioko adindun bati hau esan zion: «Jehobaren lekukoak polizien aurka zeudela uste nuen». Jeffersonek gaizki-ulertua argitu zuen. Poliziei gutunen mezu animagarri eta positiboa horrenbeste gustatu zitzaienez, komisaldegiko sarreran jartzea erabaki zuten. «Jendeak guganako duen iritzia hobetzen lagundu dezake honek», esan zuen beste polizia batek.

 Edna eta Ednalyn aitzindari erregularrak dira. b Beraien etxean Internet konexiorik ez dutenez, ezin ziren kongregazioko bileretara bideodeiez konektatu. Beraz, Lekuko ez den bizilagun bati deitu zioten, gastuak ordaintzearen truke bere wifira konektatu ahal izateko. Bizilagunak konektatzen utzi zien eta, gainera, dohainik. Edna eta Ednalyn-ek bizilaguna bilerak ikustera gonbidatu zuten eta onartu egin zuen. Orain, bizilaguna, bere semeetariko bat eta bi biloba Lekukoekin Biblia aztertzen ari dira eta bileretara doaz.

 Lekuko batzuek euren bizilagun, lankide eta beste pertsona batzuk birtualki emango zen hitzaldi publiko bat ikustera gonbidatu zituzten. Hau da Ellaine-k, ospitale batean lan egiten duen arreba batek, egin zuena. Hasiera batean, bere lankideak gonbidatzeko zalantzak zituen, sendagile batzuek Lekukoenganako ikuspuntu negatiboa zutela pentsatzen zuelako. Bereziki, sendagile-bikote bat gonbidatzeko zalantzak zituen. Hala ere, ospitaleko sendagileei mezu bidez gonbidapena bidali zien, eta honi buruz pentsatu eta otoitz egin eta gero, bikote hau ere gonbidatzea erabaki zuen. Emazteak honela erantzun zion: «Orduan, ni Jehobaren lekuko bihurtzea nahi duzu?» Ellaine-k bileran edonor egon zitekeela esan zion, eta ez Jehobaren lekukoak bakarrik. Hurrengo egunean, bikote hau bileran ikusteaz harritu zen Ellaine. Bikotea, gainera, goiz konektatu zen! Bilera bukatu aurretik, emazteak Ellaine-ri mezu bat idatzi zion. Honakoa zioen: «Hau da Lekukoekin izan dudan lehenengo bilera. Ondo egon da, gustatu zait. Eskerrik asko gonbidatzeagatik».

Ellaine

 Ellaine-k bilerara 20 sendagile gonbidatu zituen eta pozik zegoen hauetako 16 konektatu zirela jakiteaz. Paulo apostoluaren hitzak gogoratuz, hau esaten du: «Pozik nago “ausardiaz” Jainkoaren berri onak nire lankideekin partekatzeagatik» (1 Tesalonikarrei 2:2).

 Pandemia zaila izan da guztiontzat. Baina uharte honetako eta mundu osoko anai-arrebak euren poza eta jarrera positiboa mantentzeko gai izan dira. Nola lortu dute hau? Besteak kontsolatzeko eta laguntzeko ahal duten guztia eginez (Eginak 20:35).

a Jehobaren lekukoek bizi diren herrialdeko datu pertsonalak babesteko legeak betez predikatzen dute.

b Aitzindariak, euren denbora gehiena predikatzeko erabiltzen duten Jehobaren lekukoak dira.