Saltatu edukira

Zer dira profeziak?

Zer dira profeziak?

Bibliaren erantzuna

 Profezia bat Jainkoak inspiratutako mezu bat da, Jainkoaren errebelazio bat. Bibliaren arabera, profetek, «Espiritu Santuak gidaturiko gizonak zirenez, Jainkoaren partetik hitz egin zuten» (2 Pedro 1:20, 21). Beraz, profeta bat Jainkoarengandik mezu bat jasotzen duen eta beste batzuei transmititzen dien pertsona da (Eginak 3:18).

Nola komunikatzen zen Jainkoa profetekin?

 Jainkoak profetei bere pentsamenduak transmititzeko metodo desberdinak erabili zituen. Aztertu ditzagun:

  •   Idatziz. Jainkoak gutxienez behin erabili zuen metodo hau Moisesi Hamar aginduak idatzita eman zizkionean (Irteera 31:18).

  •   Aingeruen bitartez emandako ahozko mezuak. Adibidez, Jainkoak aingeru baten bidez azaldu zion Moisesi Egiptoko faraoiari esan behar ziona (Irteera 3:2-4, 10). Gainera, hitz zehatz batzuk erabiltzea inportantea zenean, Jainkoak aingeruak bidali zituen bere mezua diktatzeko. Metodo hau erabili zuen Moisesi honakoa esan zionean: «Idatzi agindu horiek, horiek baitira zurekin eta israeldarrekin egiten dudan itunaren muina» (Irteera 34:27). a

  •   Ikuskariak. Batzuetan profetak ikuskariak jasotzen zituen esnaturik eta guztiz kontziente zegoen bitartean (Isaias 1:1NWT; Habakuk 1:1NWT). Hauetako batzuk oso errealak ziren eta profetak ikuskarian parte hartzen zuen (Lukas 9:28-36; Apokalipsia 1:10-17). Beste batzuetan profeta trantzean zegoenean transmititzen ziren (Eginak 10:10, 11; 22:17-21NWT). Jainkoak ametsak ere erabili zituen profetekin komunikatzeko hauek lo zeuden bitartean (Daniel 7:1; Eginak 16:9, 10).

  •   Pentsamenduak gidatuz. Bere mezua transmititzeko Jainkoak profeten pentsamenduak gidatu zituen. Hau da hain zuzen ere Bibliako hitz hauen zentzua: «Idazkietan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da» (2 Timoteori 3:16NWT). Jainkoak bere espiritu santua edo indar eraginkorra erabili zuen bere ideiak profeten buruetara transmititzeko. Mezua Jainkoarena zen, baina profetek hitzak aukeratzen zituzten (2 Samuel 23:1, 2).

Profeziek beti etorkizuna iragartzen al dute?

 Ez, Bibliako profeziek ez dute etorkizunari buruz bakarrik hitz egiten. Hala ere, Jainkoaren mezu gehienak etorkizunari buruzkoak dira, nahiz eta zuzenean ez esan. Adibidez, Jainkoaren profetek behin baino gehiagotan abisatu zieten israeldarrei beraien jokabide txarrei buruz. Abisu hauek, herriak kasu egiten bazuen, etorkizunean izango zituen bedeinkapenak azaltzen zituzten, baita kasurik egiten ez bazuen izango zituen zigorrak ere (Jeremias 25:4-6). Beraz, israeldarren etorkizuna hartzen zuten erabakiaren araberakoa zen (Deuteronomioa 30:19, 20).

Iragarpenekin zerikusirik izan ez zuten Biblia profezien adibide batzuk

  •   Behin israeldarrek Jainkoari laguntza eskatu ziotenean, honek profeta bat bidali zuen. Horrela azaldu zien ez ziela lagunduko bera obeditzeari utzi ziotelako (Epaileak 6:6-10).

  •   Jesusek emakume samariar batekin hitz egin zuenean, bere iraganari buruzko gauza batzuk azaldu zizkion. Eta hau Jainkoaren laguntzarekin bakarrik jakin ahal zuen. Hau entzutean, emakumeak profeta zela onartu zuen, nahiz eta etorkizunari buruzko iragarpenik ez egin (Joan 4:17-19).

  •   Jesus preso zegoenean, bere etsaiek begiak estali eta esan zioten: «Asma ezak, profeta, nork jo hau?» (Lukas 22:63, 64). Ez zioten eskatzen etorkizuna iragartzeko, Jainkoaren laguntzarekin nork jo zuen asmatzeko baizik.

a Nahiz eta adibide honetan Jainkoak zuzenean Moisesi hitz egin ziola iruditu, Bibliak dio Jainkoa izan zela aingeruak erabili zituena Moisesen legea transmititzeko (Eginak 7:53; Galaziarrei 3:19).