Saltatu edukira

Zer da bekatua?

Zer da bekatua?

Bibliaren erantzuna

 Bekatua Jainkoaren arauen aurka doan edozein ekintza, sentimendu edo pentsamendu da. Bibliak bekatu egitea Jainkoaren arabera gaizki dagoena, edo bidezkoa ez dena, egitea dela dio (1 Joan 3:4NWT; 5:17). Bekatu egitea zuzena dena ez egitea ere dela dio Bibliak (Santiago 4:17).

 Bibliaren jatorrizko hizkuntzetan, bekatu hitzak «tiroa huts egitea» esan nahi du. Adibidez, Bibliak «hutsik egin gabe», habailaz harriak jaurtitzen zituen soldadu-talde bat aipatzen du. Esamolde hau literalki itzuliko balitz, «bekatu egin gabe» esan nahiko luke (Epaileak 20:16). Beraz, bekatu egitea Jainkoaren arau perfektuak betetzen saiatzean huts egitea da.

 Jainkoa sortzailea denez, gizakiontzat arauak jartzeko eskubidea du (Apokalipsia 4:11). Horregatik, gure ekintzen bidez, kontuak eman behar dizkiogu (Erromatarrei 14:12).

Saihestu al daiteke guztiz bekatu egitea?

 Ez. Bibliak honakoa dio: «Denek egin baitzuten bekatu eta denak aurkitzen dira geroztik Jainkoaren aintzarik gabe» (Erromatarrei 3:23; 1 Erregeak 8:46; Kohelet 7:20; 1 Joan 1:8). Zergatik gertatzen da hau?

 Hasiera batean, Adam eta Ebak ez zuten bekaturik. Jainkoak perfektu sortu zituen, bere irudira (Hasiera 1:27). Baina Jainkoa desobeditu zutenez, perfekzioa galdu zuten (Hasiera 3:5, 6, 17-19). Haurrak izan zituztenean, bekatua eta inperfekzioa herentziazko akats bat bezala pasa zizkieten (Erromatarrei 5:12). Horregatik, Israelgo Dabid erregeak hurrengoa esan zuen: «Errudun jaio nintzen» (51. Salmoa 7 [51:5, NWT], etzanak gureak).

Bekatu batzuk besteak baino okerragoak al dira?

 Bai. Adibidez, Bibliak dioen bezala, antzinako Sodomako gizonak «gaiztoak ziren eta bekatu larriak egiten zituzten»; beraien bekatua «larriegia» zen (Hasiera 13:13; 18:20). Bekatu bat zein larria den jakiteko, ondorengoa hartu behar da kontuan:

  1.    Larritasuna. Bibliak hurrengo bekatu larriak saihesteko esaten digu: sexu moralgabekeria, idolatria, lapurreta, mozkortzea, estortsio egitea, hilketa eta espiritismoa (1 Korintoarrei 6:9-11NWT; Apokalipsia 21:8). Bibliaren ikuspuntutik, ez dira gauza bera bekatu larri hauek eta nahigabe edo pentsatu gabe egiten diren bekatuak, esaterako, gure ekintza eta hitzekin besteak mintzen ditugunean (Esaera Zaharrak 12:18NWT; Efesoarrei 4:31, 32). Hala ere, Bibliak gure bekatuei garrantzirik ez kentzeko ohartarazten gaitu, honek beste bekatu larriagoak egitera eraman gaitzakeelako (Mateo 5:27, 28).

  2.    Motibazioa. Bekatu batzuk Jainkoaren nahia ez ezagutzearen ondorioz egiten dira (Eginak 17:30; 1 Timoteori 1:13). Bibliak bekatu hauei ez die garrantzirik kentzen, baina nahita Jainkoaren legeen aurka egindako bekatuetatik desberdintzen ditu (Zenbakiak 15:30, 31). Nahita egiten diren bekatu hauek bihotz, edo joera, gaiztoa duten pertsonek egiten dituzte (Jeremias 16:12).

  3.    Maiztasuna. Bibliaren ikuspuntutik ez da gauza bera behin bekatu egitea edo denbora luzez bekatu bat egiten ibiltzea (1 Joan 3:4-8). Ondo dagoena ezagutu ondoren «nahita bekatu egiten jarraitzen» dutenak epaituko ditu Jainkoak eta ondorioak jasan beharko dituzte (Hebrearrei 10:26, 27).

 Pertsona batzuk oso gaizki sentitu daitezke egin dituzten bekatu larriengatik. Adibidez, Dabid erregeak hurrengoa idatzi zuen: «Buruz gain ditut neure erruak, azpian hartua naute, zama astunegiak legez» (38. Salmoa 5 [38:4, NWT]). Baina Bibliak hurrengo esperantza ematen digu: «Utz beza gaiztoak bere bidea, gaizkileak bere asmo txarrak. Bihur dadila Jaunarengana, gupidaz hartuko baitu; bihurtu gure Jainkoarengana, guztiz barkabera baita» (Isaias 55:7).