Saltatu edukira

Zer da arima?

Zer da arima?

Bibliaren erantzuna

 Biblian, «arima» hitza neʹphesh hitz hebrearraren eta psy·kheʹ hitz grekoaren itzulpena da. Hitz hebrearrak literalki «arnasten duen izakia» esan nahi du, eta hitz grekoak «izate biziduna». a Beraz, arima ez da gorputza hiltzerakoan bizirik jarraitzen duen zerbait, izaki osoa baizik. Ikus ditzagun egia hau baieztatzen duten biblia-aipu batzuk:

Jainkoak Adami ez zion arima bat eman, «arima bizi» bihurtu zuen

  •   Jainkoak lehenengo gizona, Adam, sortu zuenean, «arima bizi» bihurtu zela esaten du Bibliak (Hasiera 2:7, Bible Saindua, Jean Duvoisin). Jainkoak Adami ez zion arima bat eman, arima bizi bihurtu zuen, gizaki bat.

  •   Bibliaren arabera, arimak «jan» eta «lan» egin dezake, besteak beste (Lebitarrena 7:20; 23:29, 30, Biblia, José Antonio Uriarte [Ur]; Deuteronomioa 12:20, Ur). Ekintza hauek egiteko pertsona osoa behar da, bai gorputza, baita adimena ere.

Hilezkorra al da arima?

 Ez, arima hil egin daiteke. Biblia-bertset askok arima hilkorra dela adierazten dute. Ikus ditzagun adibide batzuk:

  •   «Bekatu egiten duen anima, hori hilko da» (Ezekiel 18:4, 20, Ur, euskara batura egokituta).

  •   Antzinako Israelen, bekatu larrienen zigorra arima «ebakia» edo «galdua», hau da, hila izatea zen (Irteera 12:15, 19, Ur; Lebitarrena 7:20, 21, 27; 19:8, Ur). Bekatu larriak egiten zituen pertsonarentzako zigorra «heriotza» zen (Irteera 31:14, Ur, euskara batura egokituta).

  •   Hurrengo bertsetetan, «arima» edo neʹphesh hitz hebrearrarentzat biblia-itzulpen askok «gorputz hila» esamoldea erabiltzen dute (Lebitarrena 21:11, Ur; Zenbakiak 6:6, Elizen Arteko Biblia, lapurtar-behenafarrerara egokitua).

«Arimak», «bizia» esan nahi dezake

 Arima biziaren sinonimo moduan ere erabiltzen du Bibliak. Adibidez, Job 33:22⁠an «arima» edo neʹphesh hitz hebrearra «bizia» itzultzen da. Era berean, pertsona baten arima edo bizia «kendu» daitekela edo «arriskuan jarri» daitekeela esaten du Bibliak (Irteera 4:19, Ur; Epaileak 9:17; Filipoarrei 2:30).

 «Arima» hitzaren erabilera honek beste bertset batzuk ulertzen laguntzen digu. Adibidez, Hasiera liburuko pasarte batek emakume bati arima «irtetzen zitzaiola» esaten du (Hasiera 35:18, Ur). Esamolde horrek pertsonaren bizitza amaitzear dagoela adierazten du. Beste biblia-itzulpen batzuek pasarte honetako emakumea «azken arnasa emateko» zegoela esaten dute (Hasiera 35:18).

Nondik dator arima hilezkorraren sinesmena?

 Eliza kristau askok arima hilezkorra dela sinesten dute. Baina irakaspen hau ez dator Bibliatik. Entziklopedia baten arabera, Biblian arimak arnasten duen zerbait esan nahi du. Ez da gorputzetik banatuta eta ikusezina den zerbait. Elizek sinesmen hori antzinako filosofia greziarretik jaso zuten.

 Jainkoak ez du bere irakaspenak giza filosofiekin nahasterik nahi. Horien artean arima hilezkorraren sinesmen faltsua dago. Horregatik Bibliak honakoa ohartarazten digu: «Begira, gero, inork pentsaera eta argudio hutsalez engaina ez zaitzaten; horiek giza pentsamoldearen ondorio dira» (Kolosarrei 2:8).

a The New Brown, Driver, and Briggs Hebrew and English Lexicon of the Old Testament, Francis Brown, 659. orrialdea, eta Lexicon in Veteris Testamenti Libros, Ludwig Koehler eta Walter Baumgartne, 627. orrialdea. Biblia-itzulpen askok neʹphesh eta psy·kheʹ hitzak modu desberdinean erabiltzen dituzte testuinguruaren arabera. Esaterako, «arima», «bizia», «pertsona», «izakia» edo «gorputza» hitzak erabiltzen dituzte.