Saltatu edukira

Zer dio Bibliak hondamendi naturalei buruz?

Zer dio Bibliak hondamendi naturalei buruz?

Bibliaren erantzuna

 Jainkoak ez ditu gaur egun gertatzen diren hondamendi naturalak eragiten. Alderantziz, horiengatik sufritzen duen jendeaz arduratzen da. Jainkoaren Erreinuak sufrimendua sortzen duen guztia kenduko du, hondamendi naturalak barne. Bitartean, hondamendi naturalengatik sufritzen dutenei kontsolamendua ematen die (2 Korintoarrei 1:3).

 Zergatik gaude ziur hondamendi naturalak ez direla Jainkoaren zigorra?

 Jainkoak naturako indarrak erabili zituela dio Bibliak. Baina, hondamendi naturalak oso bestelakoak dira.

  •   Hondamendi naturalek jende guztiarengan dute eragina. Baina Jainkoak bere epaietan naturako indarrak erabili zituenean, gaiztoak bakarrik suntsitzeaz ziurtatu zen. Adibidez, antzinako Sodoma eta Gomorra hiriak erraustu zituenean, Lot gizon ona eta bere bi alabak salbu jarri zituen (Hasiera 19:29, 30). Jainkoak pertsona haien bihotza ezagutzen zuenez, gaiztoak zirenak bakarrik suntsitu zituen (Hasiera 18:23-32; 1 Samuel 16:7).

  •   Hondamendi naturalak normalean bat-batean eta ia abisurik gabe etortzen dira. Bestalde, Jainkoak naturako indarrak erabili aurretik gaiztoei abisatu egin zien. Abisu horiei kasu egin zion jendeak suntsipenetik ihes egiteko aukera izan zuen (Hasiera 7:1-5; Mateo 24:38, 39NWT).

  •   Neurri bateraino gizakiek hondamendi naturalak eragin dituzte. Nola? Alde batetik, ingurumena kaltetuz. Eta, bestetik, lurrikarak eta uholdeak egoten diren tokietan, baita muturreko eguraldia egiten duen zonaldeetan ere eraikinak eginez (Apokalipsia 11:18). Jainkoa ez da erabaki txar horien ondorioen erruduna (Esaera Zaharrak 19:3).

 Azken egunetan bizi garen froga al dira hondamendi naturalak?

 Bai. Bibliako profeziek «munduaren azkenaren» garaian edo «azken egunetan» hondamendiak egongo zirela esaten dute (Mateo 24:3; 2 Timoteori 3:1). Adibidez, Jesusek gure garaiari buruz esan zuen: «Goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen» (Mateo 24:7). Laster, Jainkoak mina eta sufrimendua eragiten duten gauza guztiak kenduko ditu, hauen artean, hondamendi naturalak (Apokalipsia 21:3, 4).

 Nola laguntzen die Jainkoak hondamendi naturalen ondorioz sufritzen dutenei?

  •   Jainkoak bere hitzaren bidez kontsolatzen ditu. Bibliak honakoa ziurtatzen digu: Jainkoak gutaz arduratzen dela eta sufritzen dugunean, berak ere sufritu egiten duela (Isaias 63:9NWT; 1 Pedro 5:6, 7). Gainera, Jainkoak etorkizunean hondamendi naturalak kenduko dituela promesten du Biblian (Ikusi « Hondamendi naturalak sufritu dituztenak kontsolatzeko biblia-aipuak»).

  •   Jainkoak bere zerbitzarien bidez laguntzen die. Jesusek «bihotz-hautsiak» eta «atsekabetuak» kontsolatuko zituela aurresan zuten profeziek (Isaias 61:1, 2). Gaur egun, Jehobaren zerbitzariak Jesus imitatzen saiatzen dira (Joan 13:15). Jehobak bere zerbitzariak erabiltzen ditu hondamendi naturalengatik sufritzen dutenei laguntzeko.

     Jainkoak, gainera, laguntza praktikoa emateko erabiltzen ditu bere zerbitzariak (Eginak 11:28-30; Galaziarrei 6:10).

Jehobaren lekukoak Puerto Ricon urakan bat sufritu dutenei laguntzen ari dira

 Lagundu gaitzake Bibliak hondamendi naturaletarako prest egoten?

 Bai. Nahiz eta Biblia hondamendi naturaletarako gidaliburua ez izan, erabilgarriak izan daitezkeen printzipioak ditu. Adibidez:

  •   Hondamendi naturalen bat gertatuko balitz, egingo zenukeena aurrez prestatu. Bibliak dio: «Arriskua ikusi eta gorde egiten da zentzuduna» (Esaera Zaharrak 22:3). Komenigarria da larrialdi baten aurrean zer egingo dugun aurrez pentsatzea. Besteak beste, larrialdietarako ekipamendua prestatu dezakegu eta hondamendi bat gertatzen denean familiarekin non elkartuko garen ere adostu dezakegu.

  •   Gogoratu bizia ondasunak baino baliotsuagoa dela. Bibliak dio: «Ez dugu ezer ekarri mundu honetara eta ezin izango dugu ezer atera ere» (1 Timoteori 6:7, 8). Hondamenditik ihes egiteko, gure etxea eta ondasunak uzteko prest egon behar dugu. Gogoan izan dezagun gure bizia eduki dezakegun edozein ondasun baino askoz ere garrantzitsuagoa dela (Mateo 6:25).