Saltatu edukira

Zer dio Bibliak hamarrenari buruz?

Zer dio Bibliak hamarrenari buruz?

Bibliaren erantzuna

 Antzinako israeldarrek egiazko adorazioa mantentzeko egin behar zuten gauza bat urtero izaten zuten irabazien hamarrena a ematea zen. Jainkoak hau agindu zien: «Urtero, zeuen lurreko uztaren emaitzen hamarrena bereiziko duzue» (Deuteronomioa 14:22).

 Hamarrena Jainkoak antzinako Israeli emandako Moisesen lege-kodeko arau bat zen. Baina kristauak ez daudenez Moisesen Legearen menpe, hauek ez dute hamarrena eman behar (Kolosarrei 2:13, 14). Hala ere, kristau «bakoitzak bere kontzientzian erabaki duena, baina ez gogo txarrez eta behartuta bezala» ematen du, «alai ematen duena maite baitu Jainkoak» (2 Korintoarrei 9:7).

 Hamarrena Biblian: «Itun Zaharra»

 Hamarrena Itun Zaharra bezala ezagutzen den Bibliako atalean aipatzen da askotan. Kasu gehienetan, lege-kodea (Moisesen Legea) Israeli eman eta geroko garaiarekin lotuta dago. Hala ere, garai hori baino lehenago pare bat aldiz aipatzen da.

Moisesen Legearen aurretik

 Hamarrena eman zuen lehenengo pertsona Abram (Abraham) izan zela aipatzen da Biblian (Hasiera 14:18-20; Hebrearrei 7:4). Abramen hamarrena Xalemgo errege eta apaiz zenari momentu zehatz batean emandako opari bat izan zen. Biblian ez da aipatzen Abrahamek edo bere semeek ondoren hamarrenik eman zutenik.

 Bibliaren arabera, hamarrena eman zuen bigarren pertsona Abrahamen biloba, Jakob, izan zen. Jainkoak bedeinkatzen bazuen, zeukan «guztitik hamarrena» emango ziola promestu zion (Hasiera 28:20-22). Biblia-aditu batzuen arabera, Jakobek hamarren hau animalien eskaintzen bidez eman zuen ziurrenik. Bere hitza bete eta hamarren hau eskaini zuen arren, ez zuen bere familia hamarrenik ematera behartu.

Moisesen Legepean

 Antzinako israeldarrek hamarrena emateko zuten betebeharrak euren jarduera erlijiosoetan ekonomikoki laguntzeko balio zuen.

  •   Hamarrena Jainkoa denbora osoz zerbitzatzen zutenak mantentzeko erabiltzen zen, hauek ez baitzuten landatzeko lurrik jaso (Zenbakiak 18:20, 21). Horien artean, lebitarrak eta apaizak zeuden. Herriak apaizak ez ziren lebitarrei hamarrena ematen zien. Hauek, aldi berean, jasotako «hamarrenen hamarrena» apaizei ematen zieten (Zenbakiak 18:26-29).

  •   Badirudi urtero bigarren hamarren bat eskaintzen zela. Hau lebitarrak zirenentzat eta ez zirenentzat lagungarria zen (Deuteronomioa 14:22, 23). Israelgo familiek festa berezietan erabiltzen zituzten eskaintza hauek, eta urte zehatz batzuetan, hauek behartsuenei laguntzeko erabiltzen ziren (Deuteronomioa 14:28, 29; 26:12).

 Nola kalkulatzen zen hamarrena? Israeldarrek urtero euren landetako produktuen hamarreko bat bereizten zuten (Lebitarrena 27:30). Produktuak eskaini beharrean hamarrena dirutan ordaintzea erabakitzen bazuten, orduan hauen balioaren % 20 gehitu behar zioten (Lebitarrena 27:31). Gainera, «abereei dagokienez, abelgorria nahiz abere xehea izan, hamarretik bat» eman behar zuten (Lebitarrena 27:32).

 Abereen hamarrena erabakitzeko, israeldarrek beraien ukuilutik ateratzen ziren animalietatik hamargarrena zen bakoitza aukeratu behar zuten. Legearen arabera, hamarren hau ezin zen aztertu, aldatu edo dirutan bihurtu (Lebitarrena 27:32, 33). Hala ere, urteroko festetan erabiltzen zen bigarren hamarrena dirutan bihurtu zitekeen. Hau festa horietara joateko urrundik zetozen israeldarrentzat oso praktikoa zen (Deuteronomioa 14:25, 26).

 Noiz eman behar zuten hamarrena israeldarrek? Israeldarrek urtero eman behar zuten hamarrena (Deuteronomioa 14:22). Hala ere, zazpi urtean behin, salbuespen bat egiten zen. Urte hau atseden urtea zen eta israeldarrek ez zuten lurra lantzen (Lebitarrena 25:4, 5). Egoera berezi hau zela eta, ez zen uztatik hamarrena jasotzen. Zazpi urteko ziklo honetan, hirugarren eta seigarren urtean, israeldarrek bigarren hamarrena behartsuekin eta lebitarrekin partekatzen zuten (Deuteronomioa 14:28, 29).

 Zein zen hamarrena ez ematearen zigorra? Moisesen Legeak ez zuen zigorrik ezartzen hamarrena ez emateagatik. Hamarrena ematen zuten beraientzat betebehar morala zelako. Israeldarrek Jainkoaren aurrean hamarrena ematen zutela erakusten zuten, eta hau egiteagatik Jainkoari bedeinkapena eskatzen zioten (Deuteronomioa 26:12-15). Jainkoarentzat hamarrena ez ematea berari lapurtzea bezala zen (Malakias 3:8, 9).

 Gehiegizko zama al zen hamarrena ematea? Ez, Jainkoak bere herritarrei promestu baitzien hamarrena ematen bazuten bedeinkatuko zituela eta ez zitzaiela ezer faltako (Malakias 3:10). Bestalde, hamarrena ematen ez bazuten, nazioak sufritu egiten zuen. Jainkoaren bedeinkapena galtzen zuten. Gainera, apaizek eta lebitarrek euren denbora lanerako erabili behar zutenez, ezin zieten israeldarrei Jainkoa zerbitzatzen lagundu (Nehemias 13:10; Malakias 3:7).

 Hamarrena Biblian: «Itun Berria»

 Jesus lurrean egon zen garaian, Jainkoaren adoratzaileek hamarrena ematen jarraitu behar zuten. Baina Jesus hil zenean, agindu hau kendu egin zen.

Jesusen garaian

 Jesus lurrean egon zen bitartean, israeldarrek hamarrena ematen jarraitzen zutela erakusten du Bibliak, Itun Berria bezala ezagutzen den zatian. Hamarrena emateko beharra zutela ulertzen zuen berak. Hala ere, erlijio buruak kondenatu zituen hamarrena ematean zorrotzak zirelako, baina «legeko gauzarik garrantzizkoenak, [...] zuzenbidea, errukia eta leialtasuna, bazterrera uzten» zituztelako (Mateo 23:23).

Jesus hil ondoren

 Jesus hil ondoren ez zegoen hamarrena emateko beharrik. Jesusen heriotzari esker, Moisesen Legea baliogabetu zen, hamarrena ematearen agindua barne (Hebrearrei 7:5, 18; Efesoarrei 2:13-15; Kolosarrei 2:13, 14).

a «Hamarrena norberaren diru sarreratik erabiltzen zen hamarreko bat da. […] Biblian, hamarrena helburu erlijiosoekin lotuta dago askotan» (Harper’s Bible Dictionary, 765. or.).